kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Kontra / Ane Zubeldia Magriñá / Susa, 2025

Kontra Maite Lopez Las Heras / kmk.gipuzkoa.eus, 2026-03

Hitzak betirako dirau; idatziak, aldiz, hegan egiten du. Esaten ditugunak esaten ez ditugun hitzen pisu berbera daukate, ordea. “Pisua / eta gorde ezin dena / nekatzen / beso biziak”. Isiltasunean aztarrika aurkitzen dugu esan dugun oro, isiltasunean hartzen du Zubeldiak ere “buztinaren malgutasunaz / arnasa”. Hemen. Zein zuhaitzen azpian da, baina, hemen? Garbitu osteko huntzaren arrastoak gogoraraziko dio hormari behinola han egon zela. Hemen, hortaz, izan daiteke gorputza, edo istripu bat gorputzaren barruan.

Aitorpen bat egiten du hondarribiar poetak izenburuaren harira: “Mila aldiz / esan dut / gauzen kontra nagoela // baina badira / sekula ukituko ez ditudan azalerak”. Gauzen kontra egoteak gauzen alde egotea ere esan nahi du, keinu batzuk aldean eramateko, beste batzuk alboratu behar direlako, sekula ukituko ez ditugunak edo isiltasunaren zakutoan pilatuko ditugunak denboraren joanaren ahalean. Halere, poema labur batean azaltzen digu, “Kontra egotea da / ukitzea”. Ukitzen ez dugunaren alde gaudela adierazi nahi ote du? “Ukitzen nautenean / isiltasuna zartatzen da // pixka bat”.

Gorputzean gordetzen dugu desira, odolarekin elkarbizitzan, “senaren betazal gorria”. Desira, aitzitik, minaren lagun izan ohi da sarritan, zauria zabalduz gero, azalari odola darion neurri berean. Askotan, desira burua moztu beharreko suge erraldoi bat izan daiteke. Herensugeak ez du ospe onik izan mitologietan. Heroi guztiak saiatu dira piztia akabatzen; are Apokalipsian ere, antzinako sugeak mundu guztia engainatzen zuen, baina “ekintza bortitz eta artikulatu ororen atzean / fikzio / ia infantil bat” dagoela iradokitzen digu gladiadoreekin amets egin duenak. Gizakiok jakitun gara, ordea, desiraren bidea laburra dela, bere amaiera, hain zuzen, asetzearen unean berean helduko dela.

Kanpokoaren eta barrukoaren arteko batuketak osatzen du izatea, azalak eta noberak, alegia. Beldurrak, kezkak, egonezinak edo aseko gaituen zerbaiten etengabeko bilaketak bigunak eta malguak izatera bultzatzen gaitu, euriak desegingo duen buztinezko azala kasu, edo igerilekuan biguntzen diren gorputzak adibidez, heriotzaren iragarle gisa. Bihotz gogorrago batek esan nahi genituzkeen gauzak esatea erraztuko liguke. Esan nahi duguna hitz bihurtzea eguneroko zeregina da, ez noizbehinkako alarau gorra. Horrela definitzen du poetak: “Hitza da / goizero bere burua / josi behar duen / animalia mantso bat”. Hortaz, nor garen behatu behar dugu edozein hondamendiren aurrean: “Airea elikatzen saiatzen dena / papur gosez amiltzen dena / korrontearen aurka ahitzen dena / edo begirada galdu bat”.

Urak gorputzak likido bihurtzen ditu, jainko txikiak flotatzen. “Inor ez da itsasoaren aurrean den bezain hauskorra”. Eguneroko urak itota garamatza bizitzaren korronteak amaieraranzko ibaian behera, baina badago uharri biribil eta leunak egonarriz eta tentuz biltzen dituen itxaropenezko urpekari isilik ere. “Dardarak soilik / eteten du / esperoa”. Toki berak ez du nahitaez paisaia berbera esan nahi. Aldaketak suertatzen direlako hizkuntzetan eta oroitzapenetan, lausotzen den argazkiaren eran.

Zuhaitzaren biluztasunak agerian uzten du basoaren bakanotasun hauskorra, biluzik gaudelarik mundua erasokorragoa zaigula iruditzen zaigulako. Gehigegi zabaltzearen arriskuak ere zaurgarri bilakatzen gaitu, erasotua izatetik kasik erasotzaile jokatzera behartzen gaituelarik. Horrexegatik, kaktusaren zorroztasunik gabe, baina “gehiegi zabaldu den landare izateari utzi / eta atzera bildu / energia errotik gertuago”, inon inor izateko. Grabitateak oroitaraziko digu lurretik datorrela dena: “harria eta orbela, / bide ertzeko bizkarroiak eta goroldioa harri-zupan”.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak