kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Basokoa / Izaskun Gracia Quintana / Alberdania, 2024

Paktua Basoarekin Joxe Aldasoro / Deia, 2025-05-17

Denbora egiteko liburutegian pasieran ibili eta esku-hutsik utzi behar nuenean, denda batean sartu ondoren ezer erosi gabe ateratzen uzten ez nauen lotsa berberarengatik edo, eskuan hartu nuen Izaskun Gracia Quintanaren Basokoa (Alberdania, 2024) eleberria: “Familia guztiak gezur batetik jaiotzen dira. Betiereko maitasun-, oparotasun-edo, are okerrago, zoriontasun-hitzeman batetik. Eta tenplua izateko grinan, eraikuntza hauskorrak direla erakusten dute, belaunaldi bakoitzak oinordetzan hartu eta berekin daraman sufrimendu-motetatik baino babesten ez dutenak”.

Lehenengo paragrafoaren amua erabat irentsi nuen, eta etxera iritsi bezain pronto jarraitu nuen irakurketarekin. Ez da oso zaila asmatzea zein den liburuaren gaia eta zein perspektibatik heltzen dion idazleak. Lau belaunaldi lotzen ditu kontakizunak eta beste batzuk liburu mardula edo liburuki desberdinak behar badituzte ere esateko duten guztia azaltzeko, Graciak eleberri labur honetan ehun orrialdetan despeditzen du. Ona, laburra bada, hobea. Konflikto gordina hasieratik garbi, baina tipularen kapa bakoitza kontu handiz askatzen du idazleak, kapa bakoitza ongi dastatzeko eta ahalik eta informazio gutxien emanez, soilik irakurtzen jarraitzeko arreta eta kuriositatea neurri justuan pizteko adina.

Amama, ama eta bi alaba. Martin bat ere agertzen da. Traman agian ez, baina Martinek bai jokatzen duela, nire interpretazioaren arabera, ispilu edo kontrarioaren papera: gizon-emakume izan daitekeena, edo arrazoia-sena, edo gaixotasuna-osasuna, edo pasioa-oreka, edo ideia-materiala, edo fedea-zentzua. Esan bezala, lau belaunaldi, baserria eta basoa. Bizirik dagoen basoa, Basoa deitzea agian egokiagoa. Eta Basoaren bizi hartzea nola kontatzen duen idazleak egin zait liburutik erakargarriena eta deigarriena. Ez naiz ni zientzia fikzioaren zale, eta ez nuke genero horretan Basokoa kokatuko, baina zineman banengo bezala ikusi egin dut. Ez sentitu, imajinatu edo irudikatu, ez; ikusi egin ditut Basoaren ibilerak. Amona eta Basoaren arteko harremana. Naturak lagundu egiten du. Naturak, ordea, edozein merkatari, saltzaile edo negozio pertsonak bezala, beste txanpon klase batekin, baina salneurria jartzen dio eskainitakoari. Zerbait zerbaiten truke. Baldintzak bete behar dira. Kontratua, sinadurapekoa, hitzezkoa edo inplizitua, baina kontratua. Eta merkataritzan gertatzen den bezala, edo ezkontzan, kontratua apurtzen duzunean, zigorra. Naturarekin tratutan zabiltzanean, edo ezkutuko indarrekin, edo infernuko etsaiarekin, maldizioa.

Amonak ez, Amak egiten du tratua Basoarekin Amonaren laguntzarekin, berak desio duen nahia bete ahal izateko, Lortu du nahi zuena, eta, ohikoa den bezala, beti gehiago nahi izaten duzu lehenengo helburua lortu ondoren. Amak iruzurra egin dio Basoari. Ez du bere hitza bete. Ongi atera zaio. Hasieran. Naturak ez du pertsonon denbora kontzeptu eta neurria erabiltzen. Ez du presarik izaten. Badaki, guri gertatzen ez zaigun bezala, beti iristen dela bere unea, bere ordua, bera garaia. Badaki, guri gertatzen ez zaigun bezala, gainera, beti aurkituko duela konplize bat apurtu den oreka bere onera ekartzen lagunduko diona. Galtzailea badakigu, familia; baina, nor aterako da garaile?

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak