« Urraturik berea | “Meditazioneak”: gogoan hartu ta segi aurrera »
Urte urdin ihesak / Jesus Mari Olaizola "Txiliku" / Elkar, 2025
Memoriaren asmakizunak, edo ez Hasier Rekondo / Deia, 2025-11-22
“Idazle batek, eta uste dut pertsona guztiek, oro har, pentsatu behar du gertatzen zaion edozer errekurtsoa dela. Gauza guztiak xede batekin eman zaizkigu, eta artista batek biziago sentitu behar du hori. Gertatzen zaigun guztia, baita gure umiliazioak, gure zoritxarrak, gure lotsak, oro eskaini zaigu lehengai gisa, buztin gisa, gure arteari forma eman diezaiokegun hitzak dira”, Jorge Luis Borgesen zenbait adierazpen epifania gisa irakurri daitezke: haietako bat izan dut gogoan iruzkintzera natorren honako hau irakurtzean.
Memoriak erdi galdutako lurralde baten berreskurapena dugu Jesus Maria Olaizola “Txiliku”-ren (Zarautz, 1951) azken “eleberria”. Oroimenaren eta auto-fikzioaren arteko mugak zeharkatuz, iraganarenen zirrikitu iheskorretatik barrena egindako bidaia da Txilikurena: 100 urterekin hil berri den haren amarekin izandako solasaldiak abiapuntu emozional gisa hartuta. Horrela bada, moldeari dagokionez, ez dugu nobela klasiko bat ezta ipuin-liburu arrunt bat, haien arteko hibrido bat baizik.
Liburu labur honen ezaugarri nagusia anbiguotasun formal horri dagokio: ez nobela klasikorik, ez ipuin-multzo soil bat, bizitza baten arrakaletan eraikitako geografia intimoa. Espainiako gerra zibilaren garaiaren gainean kontatu daitezkeen eta ezin daitezkeen istorio pertsonalak, kontatu behar direnak eta behar ez direnak, baserri idealizatuaren gaineko potreta basatiak, abere eta animalien kontrako torturak eta sarraskiak, erlijioak itotako gizasemeen sineskeria ulergaitzak eta ulergarriak, goseteak, umeen jolasak eta ametsetarako aukera eza, aberatsen eta pobreen unibertso paraleloak, zahartzearen gaineko hausnarketak… “Zahartzearen sentsazioa berezi da. Denboraren joana ez-jarraitua eta etena baita. Zenbaitetan denbora iraunkorra da, luzea, amaiezina da; besteetan istant batean joaten da, ihesi doan zerbaiten gisa”.
Txilikuk prosa itxuraz sinplea darabil, handikeriarik gabea, ezkutuko esanahiekin. Bere estiloak hurbiltasuna agertzen du eta kontatzeko grinak estali egiten du pasadizoaren interesgarritasun mailaren nondik norakoa. Egiturak linealtasun tradizionala hausten du. Kapituluak txandakatu egiten dira, gurutzatu egiten dira: idazleak errealitatearen eta fikzioaren arteko jolasean sartu dadin eskatzen dio irakurleari, pista askorik eman gabe.
Baliteke trama sendoago bat faltan botatzea, ekintza argiago bat, eztanda narratiboak edo… Sinpletasun estilistikoa, eta klasikotasunaren aldeko apustua dohaina izan arren, narrazioak ez du ustekaberako leihorik zabaltzen eta zenbait kapituluk ez dute beste batzuen hegaldi literarioa lortu, memoriaren apetazko aukeraketak tarteko. Hala eta guzti ere, Txilikuren azken lan honek badu sendotasun narratibo bat. Idazle on eta umotu batek eskaini dezakeen altxorraren jabe baita. Talentua, esperientzia eta jakituria elkartzen direnean, “oro eskaini zaigu lehengai gisa”, emaitza narratiboak askoz ere gozagarriagoak baitira. Biotz begietan poemarioko Lizardiren aipu batekin zabaltzen du Txilikuk liburua: aipu horrek harilkatzen du, aleph baten gisara, kontatu nahi direnak eta nahi ez direnak: “…Nork lekuskez, ikusi, urte urdin igesak…”.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro