« Lausoegi | Memoriaren asmakizunak, edo ez »
Emakume oinutsa / Scholastique Mukasonga (Miren Agur Meabe) / ACNUR Euskal Batzordea, 2017
Urraturik berea Maialen Sobrino Lopez / Gara, 2025-11-16
“Emakume oinutsa” luzatzen digu eskua Scholastique Mukasonga (bataioko izena eta aitak sortu berritan emandakoa, hurrenez hurren) idazle ruandarrak martxa bati ekiteko. Hain zuzen ere, Ruandako tutsi deportatu baten bizipenetan barrena eramaten gaitu, haurra zeneko ikuspegitik. Beraz, korapilo berberaren bi harimutur dira ohikoa eta ezohikoa, eguneroko bizitzak propio dakarrena eta genozidio baten bezperako arnasestua.
Ama, Stefania, da protagonista eta historiako liburuetatik kanpo gelditu ohi denak osatzen du kontakizuna. Maiz garrantzitsutzat jotzen ez diren istorio, pertsona eta bizipenak biltzen dira ehun orri pasako argitalpenean. Miren Agur Meabek ekarri zuen euskarara, preseski euskal sistema literarioaren bazterreko argitalpen batean, ACNUR Euskal Batzordeak kaleratu zuen eta (sarean dago irakurgai). Obrarekiko koherenteegi akaso, hegemoniatik kanpo egin du bide gure irakurleen artean.
Ez da kasualitatea, noski, lehendabiziko atala “Haurrak salbatzea” deitzea, Stefaniaren obsesioetako bat horixe da eta, seme-alabak uneoro babestea, etxean daudenentzako ezkutaleku aproposak prestatuta eta kanpoan daudenentzako janaria ezkutalekuetan utzita. Ez da lan makala, janaria aldiro aldatu behar baita usteldu aitzin, eta hazi ahala lubaki handiagoak behar dituztelako etxeko haurrek, baina “amak ez zuen ezer uzten zoriaren eskuetan. Maiz, gauerakoan, entsegu orokorra eginarazten zigun”.
Orriz orri, patxadaz, testuinguruari dagokion tenpoan, aletzen du etxea nolakoa zen, osasuna nork eta nola zaintzen zuen, zer ziren lana eta jana, ospakizunen nondik norakoak eta bagoaz geroz eta sakonago, aldez aurretik errotik eraitsiko dutela dakigun elkarbizitzan nolabait laketzen. Bizitzari gorazarre bai, baina bizirautea bera borrokatua dela aitortuta: “Vivianeren bortxaketa izan zen ordura arte usadioak ezarritako jokamoldea zalantzan jarri zuena emakumeen artean”.
Hiztegitxo bat dugu bukaeran distantzia kulturala murrizteko, baina hizkuntza hautu kontzientea egin du egileak: “Emakume ruandarrak egundo ahoskatu edo idatzi ezin dituen hitzak idazten dihardut. Baina, azken batean, beste hizkuntza batean ari naiz eta hizkuntza honetan, beharbada, ez daude debekatuta”. “Miñan” liburuaren aurkezpenean egileek azaldu zuten ez zegoela arazorik euskaraz argitaratzeko, baina frantsesez ematea bertze koska bat zela. Gurean ere uste baino maizago erabakitzen du gaiak hizkuntza.
Hortaz, nor izateko abizenik behar ez duen egilea, gizatasunari bidea etengabe zabaltzen dion obra eta isiltasunaren ozena. Izan beza Meabe-Mukasonga binomioak segida oparoa gurean.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez