« ‘Showing’ | Geografia korapilo »
Poesia kaiera / Frank O'Hara (Beñat Sarasola) / Susa, 2025
Hitzak airean Asier Urkiza / Berria, 2026-02-08
Iragan maiatzean argitaratu zen Frank O’Hararen alea Susaren Munduko Poesia Kaierak sailean. Beñat Sarasolak hautatu eta itzuli ditu poemak; lehenagotik du lotura O’Hararekiko Sarasolak, poeta estatubatuarraren bizitzan oinarrituta baitago bere azkenengo nobela. Fikziozko O’Haratik hezur-haragizkora gatoz, beraz. Eta Frank O’Hara poeta bat izan zen, funtsean.
Baltimoren jaioa eta Massachusettsen hazia, New York izan zen Frank O’Hararen bizitza eta obraren erdigunea. Poemetan ia etengabe azaltzen da hiria, eta harekiko elkarrizketa intimoan bezala poeta, haurtzaroko Graftoneko bristada bat edo beste ere itzuri egiten zaion arren. Eguneroko itxura dute poemok, poetaren inpresio eta bat-bateko pentsakizunen tankera. Arintasuna da beren ezaugarri nagusietako bat; hiriaren erritmoan dantzatzen dira, jatetxeetako ahozapietan edo idazmahai desordenatu bateko paper puska galduetan idatziak balira bezala. Desorduetan askotan, festa osteko aparretan igeri. Arinak, izan, bi adieratan, erritmo bizikoak ere bai baitira. Ukaldi modukoak dira hasierak eta eten handirik gabeak gainerakoan, poetak arnasaldi batean idatzi balitu legez. Era berean, nabari zaie poema batzuei halako antsietate kutsu bat —behin baino gehiagotan aipatzen du hitza O’Harak—, halako bizimina denbora gupidagabearen kontrako oldarrean.
Denbora da poema askoren mamia. Unea harrapatu nahi eta ezina —pasadizo konkretuak, hitz literalak, momentu zehatzak jasotzen dituzte askok— eta betierekoa hatz mamiekin nola ukitu. O’Harak bere pozak, zoriontasun puskak, grinak eta zorigaitzak aletzen ditu, poemaz poema; berbaro erritmikoa —frenetikoa tarteka— darabil horretarako. Aipatzekoa da, esaterako, poema barruan ez duela ia punturik erabiltzen. Halako iragankortasun eta iheskortasun tonua eransten die horrek poemei, poetaren zenbait gairekin oso bat datorrena. Adibidez, maitasuna bezalako sentimendu gorenak nola gauzatu hiri likidoan, Graftoneko paradisu galdutik urrun. Bestalde, surrealismotik gertuko iruditeria baliatzen du, imajina samalda bat hedatuz baina errealitateari aski atxikita. Ez dira ilunegiak suertatzen, alegia. Eta kultura zein gizarte arloko erreferentzia ugariek egiten diete kontrapuntua, gainera.
Langintza zaila da, berez, poesia itzultzea. Egia da O’Hararenak, bertso librea darabilen aldetik, ez diola itzultzaileari molde zurrun batera egokitu beharraren gerruntzerik ezartzen; baina, hain zuzen, horregatik da berebizikoa poemetan erritmoa, eta erronka handia ekar liezaioke horrek itzultzaileari. Sarasolak lan ona egin duelakoan nago, hala erritmoarekin nola O’Hararen tonu hurbil hori ematerakoan. Izan ere, poemek badute zer edo zer hurbila, zenbait erreferentzia, leku eta ikuspegi arrotzak izanagatik. Izango da, akaso, gutako gehienok O’Harak marrazten duen munduko biztanleak garelako; emozio apurrak, sentimendu aseezinak eta komunikazio arazoak artearen bidez sublimatzen ditugunon taldekoak.
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres