kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Katona / Antxiñe Mendizabal Aranburu / Consonni, 2025

Parentesiak Nagore Fernandez / Berria, 2026-01-25

Hego haizea horren indartsu ibili den egunotan agertu zait, hain justu, Egoia pertsonaia Antxiñe Mendizabalen Katona nobelan. Kasualitatea iruditu zait kontuan izanik, batetik, negu betean sartuta gaudela eta hego haizeak, parentesiek legez, elurte eta hotz-zapa horietatik guztietatik babesteko tunel bat eskaini digula, pausen jarri gaituela, nolabait; bestetik, Egoi (edo Hegoi) euskal mitologiako jainkoetako bat izanda, ez dela askotan agertzen, ez behintzat helduentzako fikziozko obra garaikideetan. Bi kasualitate, bi parentesi nobela bakarrean bilduta.

Bigarren parentesia, alegia, euskal mitologiaren errepresentazioarena, gainera, are gehiago zabaldu zait orriz orri; Egoiarekin batera, beste hainbat pertsonaia mitologikok eta elementu magikok osatu dute protagonista femeninoaren bidea eta bizi-prozesua. Asko izan dira, halaber, elementu fantastiko horiekin batera, ahozko literaturarekin eta transmisioarekin loturiko erreferentziak, errefrauak eta abestiak, antzinako irakaspen eta bizi-estilo baten lekuko, eta guztiek ere beste garai batera eraman naute. Baina ausartuko naiz esatera horien bitartez ez dela, besterik gabe, garai hartako testigantza eman nahi izan; iruditu zait biltzen eta elkarrekin harilkatzen diren elementuok, hein handi batean, egungo bizitza ulertzeko metafora ere badirela: “Horrela jabetu zen, jakin bai, baina guztiek ukatzen ziotenaz, alegia, metaforak egia-eramaileak direla”. Eta, ohikotasunari iskin eginda, nabarmena da autoreak egungo arau eta lengoaiarekin zerikusirik ez duen molde horretan, tropoen eta sinbologiaren eremu horretan aurkitu duela bere ahotsa garatzeko espresiobidea ez ezik, errealitatea bestela irudikatzeko parentesi estetikoa ere. Alde horretatik, joan den asteko hego haizeak nola, Mendizabalen Katonak eraiki digun iruditeriak parentesiak ireki dizkigu euskal literaturaren ohiko ur-korrontearen barnean, parentesiak antzinako mundu ikuskerara, metaforetara, eta horien bitartez egungo bizitzara.

Parentesiak, baina, arriskutsuak ere izan daitezke gehiegitan erabiltzen badira, testu nagusia lausotzen baitute; parentesi arteko iruzkinek, espazio handiegia hartzen dutenean, testu nagusia osorik eta etenik gabe irakurtzea galarazten digute. Eta hori gertatu zait, maiz, nobelan zehar. Zenbaitetan, trama nagusiaren haria eta norabidea galdu dut erreferentzia horietan guztietan, eta, ahozkotasunez betetako abestiek, atsotitzek kontakizunari dinamismoa eta bizitasuna eman badiote ere, errepikakorrak egin zaizkit, batez ere bukaera partean. Denboraren ardatzaren zehaztapena ere nahasgarria iruditu zait protagonistaren bizi-prozesuan zehar; ulertzen dut garai zehatzik ez duen mundu magikoa atenporalitatean ainguratu nahi izana neurri batean, baina helburu horrek ez du zertan egiantzekotasunik galdu, eta esango nuke mimesiaren baldintzetako bat den alderdi hori, batzuetan, ez dela behar beste zaindu.

Ez dut ukatuko Mendizabalen proposamenak ausardiarik falta ez duenik; ausardia, baina, aho biko ezpata ere izan daiteke sarri askotan.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak