kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Beste zerbait / Danele Sarriugarte / Consonni, 2025

Balu eta balitz tranpa da Maialen Sobrino Lopez / Gara, 2026-01-25

Liburu honi buruz solas egitea zaila dela erran zuen Oihana Aranak. Izan ere, bere burua azaltzen duen manifestu literarioa da, eta zirrara handia sortzen du “edo agian niri bakarrik gertatzen zait, piztia zeharo diskurtsiboa naizelako”. Existitzen zarela, ahotsa eta gorputza dituzula, zertan ari zaren badakizula eta, halere edo horregatik, ongi pasatuko duzula erratera datorkizu, zure hizkuntzan.

Argazkia baino, erradiografia kolektiboa da, hezur hautsi baten mina propioa baita, baina erradiografian ezinen zenuke erran beso hori zurea denik, eta ez bertze inorena: “Pentsatzen nuen benetako gauzak gertatzen ziren garaiek gazteegi —haur— harrapatu nindutela, eta besteen kontakizunetatik biziko nintzela beti. Nik, orduan, uste nuen bizitza normal bat izango nuela”. X izpi batek ere ezinen luke argiago eman kontraste kolektiboa: “Inpotentzia sentitu nuen, iruditu baitzitzaidan edozer eginda ere ez nuela lortuko berak nigan, eta berak bezala beste mordoxka batek nigan, halakoak proiektatzeari uztea, (…) ni ikustea behingoz”. Hala ere, badago erremediorik: “Ba al dakigu ongizatean moldatzen? Nik erabaki dut baietz, eta, bestela, ikasi egingo dudala. (…) Nire kasuan idaztea litzateke; bai kontu sinplea”.

Hizkuntzari erreparatuta, euskara ez bitarra mamitzen du, itzulipurdi linguistikoa eta literarioa bistakoa da, eta txalotzekoa, baina gaindituta dago demostrazioaren markoa. Irri eginaraziko dizu dirulaguntza eskabide batek, adibidez, eta erdizka emandako elkarrizketek zu galdekatuko zaituzte. Baliabide literarioak testuaren mesedetan zukututa daude, beste zerbait ezin baita beti bezala kontatu.

Sarriugarte leitu eta gero, kasualitatez, Alice Procter irakurtzen hasi naiz. Frustrazioak jota hasi omen zen “Arte ibilbide deserosoak” egiten museoetan barrena. Laburpen baldarra eginda, ez zituen ibilbide alternatibo soilak egin nahi, kolonialismoaren erroetara joan nahi zuen eta, hasteko, museoak zer ziren, zertarako eraikiak ziren azaltzen zuen. Are, bisitariak interpelatzen zituen, museoetara nortzuk eta zertarako joaten ziren galdetuta. Bulkada hori bera du “beste zerbait” liburuak, nire ustez; Danele Sarriugarte literatura ibilbide deserosoa egiten ari da. Ez soilik kanporatuak izan diren bizimoduak (euskal) literaturara ekartzeko, ezta ikusarazteko gure sistema literarioaren hezur muinetan ditugula iraganeko politikak eta estetikak, baizik eta agerian uzteko gure irakurtzeko modua ere ez dela neutroa. Alegia, garenaren eta ditugun esperientzien arabera, erakutsi diguten mundu ikuskeraren arabera, irakurtzen dugula. Hots, balu eta balitz tranpa dela. Dena den, “korronte nagusi batzuen kontra aritu nahi izateak ez du esan nahi joera guztiak hausteko ardura hartzen dugunik gure gain”. Zeren idaztea beste zerbait da, beste zerbait idaztea da.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak