kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Beste urte batez / Samira Azzam (Xabier Monasterio) / Testu Zaharrak, 2025

Bizitza erauzi artean, bizi Maialen Sobrino Lopez / Gara, 2026-02-08

Palestina eta palestinarrak mundutik ezabatu nahi eta ezina; hori da “Beste urte batez”. Ez da sarraskiaren kronika, baizik eta ipuin sorta bat, ohiko bizipenen mundualdia, guztiz arrotza den testuinguruan. Samira Azzam idazlearen 9 kontakizun laburren antologia dugu eta liburu solidarioa da, salmentatik bildutako diru guztia Palestinako Playgrounds for Children gobernuz kanpoko erakundeari bidaliko zaio eta.

Samira Azzam 1927an sortu zen eta bizitza laburra izan zuen, ez zen ailegatu 40 urte betetzera. Erbesteari emandako bizitzan, dena den, harrigarria da zenbat lan hartu zituen, eta liburuak badakartza horri buruzko hitz batzuk aurkezpenean. Ipuingintzan hiru zurkaitz izan zituen: pobrezia, palestinarren borroka eta emakumeen zapalkuntza. Palestinar literaturaren erreferentziazko idazlea dugu, lehenbizikoz euskarara ekarria Xabier Monasterioren eskutik.

Ipuinetan jende xehea ageri da: “Hamaikagarrenez egin zuen hasperen, dendak [soineko] haren truke berrehun lira eskatzen zituela irakurtzean. Prezio hark, esan beharrik ez, errotik zapuzten zituen bera bezalako nesken ametsak”. Gu bezalako neskak, hortxe dago gakoa, zubia eratzen digu bi letratan, gu berberak biltzen gaituelarik. Nerabearen erreakzioa ere hurbila zaigu, hilekoa ezagutu berri: “Kezka bizia sortzen zion bere sekretua denen agerian uzteak, horrek beste aukera bat emango ziolako Salwari bera berriz ere iraindu eta lotsarazteko, emakume bihurtua zela eta. Imajinatzen al duzu? Emakumea!”.

Hala eta guztiz ere, lerro artean itzalak daude etengabe: “Eta nire lagunak, Sarah, Umm Jamil eta Mariana, mundu honetako alabak al dira oraindik?”. Senideengandik urrun egon beharrak urratzen du kontakizuna: “Salmari ez zitzaion sekula ere burutik pasatu semearen ezkontzan egongo ez zenik”. Atezuan bizi dira pertsonaiak eta irakurleak ere halatsu, bihotza uzkur. Ohartuko zineten emakumeak direla nagusi kontakizunetan, are emakumeen bizipenak zilegi dira eta hain zehatz deskribatzen dira, ezen gainditu egiten baitute espazioa eta denbora: “Gau hartan estu-estu besarkatu nuen zure gorputz txikia, besarkada hark nagusiarengandik, Awadengandik eta gainerako jendailarengandik babestuko ninduelakoan eta bihotzean metatuta neukan amorrua aienatuko zuelakoan”.

Duela ehun urte sortu zen idazle handia, gaur egun ere berritzailetzat ditugunak idazten zituena eta, harrigarriki, ez behar bezain ezaguna. Literatura Unibertsaleko irakurgaietan aurkitu ez baduzu, ez da goi literatura ondu ez zuelako, ezpada emakumea zelako, edo palestinarra zelako, edo ipuinak idatzi zituelako edo emakumeen kontuei buruz idatzi zuelako edo zuria ez zelako edo aukeratu zuk bertze arrazoi etsigarriren bat. Haatik, Azzam irakurtzeko motiboen zerrenda ere bada.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak