« Iraganaren markak | Urraturik berea »
Erroen izerdia / Jone Bordato / Elkar, 2025
Lausoegi Nagore Fernandez / Berria, 2025-11-16
Erroez dihardu Jone Bordatok Erroen izerdia ipuin liburuan, bakoitzaren erroez, historiaz, barrutik daramagun horretaz, norberaren minak eta ezinak baldintzatu dituen iragan-bizipenez, hain zuzen. Hiru dira obra osatzen duten ipuinak, eta liburuaren kontrazalak azpimarratu bezala, buruaskiak izan arren, guztiak zeharkatzen dituen paisaia da aipaturikoa. Hala ere, esango nuke lehen eta azken ipuinean (Ana eta Zapi beltzaren ezkutuan) nabarmentzen dela izenburutik deika datorkigun asmoa; bigarrenean Ibilaldia izenekoan, erdizka geratu zait intentzio hori. Izan ere, bigarren horretan, erroek ideologia linguistiko eta kultural batez janzten dute protagonista (batik bat), baina ez dira, beste bietan bezala, bizitzan aurrera egiteko oztopo. Lehenengo eta hirugarren ipuinetan, ostera, autoreak ideia eta irudi horri beste buelta bat gehiago ematen dio, eta pertsonaiak ez ezik, irakurlea bera ere haratago eramatea lortzen du, protagonisten iragan-traumetan barna. Bi horietan, hortaz, erroak ez dira kontakizunaren atzeko dekoratua soilik; erro horiei izerdia darie, mina, eta tramek eta istorioek, horri eskerrak, sakontasuna irabazten dutela iruditu zait.
Hala ere, bi ipuin horiek sakonagoak iruditu arren, artefaktu bezala, oro har, Bordatoren kontakizunek ez naute konbentzitu. Hiru konposizioetan errealak eta garaikideak diren auzi ugari mahaigaineratzen dira, euskaldun askoren buruetan dauden kezkak, aldarrikapenak, galderak. Euretariko bat da genero indarkeria, eta jazarritakoek, biktimek ezinbestean jarraika izaten dituzten zauriak eta arrakalak. Zer egin min horiekin? Nola azaleratu? Nola gainditu? Euskal identitatearen auzia da bigarren gai errekurrente eta nabarmenetarikoa. Gainera, idazlea bera Ipar Euskal Herrikoa delako ere, normalean halako gaiak tratatzerakoan nagusitzen den hegoaldezentrismotik atera eta ikuspegi eta testigantza zabalago bat eskaintzen zaigu. Baina, azalpen horietan eta ideiak garatzeko unean, nago idazleak ez duela jakin fikziozko artifizioen eta aldarrikapenen arteko neurria hartzen.
Are kontrajarriagoa iruditu zait gainera ipuin bezala argitaratu diren konposizioak izanda: Anton Txekhovi zor diogu ipuingileen eta eskultoreen arteko paralelismo esanguratsua; ipuingileek ere, eskultoreek nola, harri-koxkorrari soberakinak kendu eta konposizioari ertzak leundu ohi dizkiote. Ipuinek, artefaktu bezala, hitzen ekonomian eta laburtasunean hartzen dute arnasa, baina oso bestelako moldea aurkitu dut Bordatoren lanean, zeinetan, mezu ideologikoa transmititzeko asmoa nabarmenegi erakutsi zaigun, eta, ostera, ipuingintzak bere-bereak dituen artifizioak lausoegi.
Horrekin ez nuke adierazi nahi liburuan agertzen diren auziak hutsalak iruditzen zaizkidanik, edo papereratuko ideiak funsgabeak, guztietan ere euskaldunon egungo kezketako batzuk ondo islatuta eta diren-direnean agertzen baitira, alegia, kontrobertsiaz beteta. Idazleak irudikatu duen fikzioan errealitatea islatzen da; errealitate horretan, ordea, apenas aurkitu dudan fikziorik.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi