« “Meditazioneak”: gogoan hartu ta segi aurrera | Leihotik begiratzeko poemak »
Esker onak / Delphine De Vigan (Aiora Jaka Irizar) / Igela, 2025
Isiltasunari leku Irati Majuelo / Berria, 2025-11-23
Isiltasunak leku hartzen duen nobela bat da Esker onak. Delphine de Vigan idazle frantsesak 2019an argitaratu zuen, eta aurten ekarri du euskarara Aiora Jakak, Igela argitaletxearen bidez. Aipatzekoa da itzultzailearen lana, hizkuntzak (hizkuntza galtzeak) horrenbesteko garrantzia duen eleberri honetan.
Michkaren azken egunak kontatzen ditu liburu honek. Adineko emakume bat da, “zaharra”, bere hitzetan eta Arantxa Urretabizkaiak esango lukeen moduan. Bakarrik bizi izan bada ere, jada ez da horretarako gai, eta erresidentzia batera lekualdatu dute. Gutxinaka, hitzak galtzen hasten da, eta hizkuntzarekin batera, sosegua, indarra, bizinahia. Maiz sentitzen da ziurgabe eta zalantzati, amesgaiztoek erasaten diote, nekeak gaina hartzen dio. Azken gurari bat baino ez du buruan Michkak, umea zela aterpe eman zion familiari bere esker ona adieraztea.
Bi ahotsek egituratzen dute nobela, txandaka, eta hala, emakume helduaren gainbeheraz kanpoko begiradaren bidez ohartzen gara, Marieren (Michkak alabatzat duen bizilaguna) eta Jérômeren (afasiarekin laguntzen dion ortofonista) ikuspuntutik. Oso ongi islatzen da zahartzaroko galera kognitiboak sortzen duen ezinegona eta inkomunikazioa, isiltasunean elkar ulertzera derrigortuta baitaude, azkenerako, pertsonaiak. Posizio interesgarriak dituzte bi ahotsek, eta horietatik abiatuta, familia-harremanez, samurtasunaz eta eskertzaz gogoetatzera daramate irakurlea. Hala ere, Michkarekiko hartu-emanean nahiko lauak dira aldi berean, beti ulerkor eta beti adeitsu, ez dute emozio gatazkatsurik gorpuzten, tristuraz harago.
Eleberri soila da, laburra, minimalista. Gai sakonetan sartu arren, arintasunak ezaugarritzen du testua. Ondorioz, istorio nagusiari eusten dioten azpitramei ez zaie apenas garatzeko espaziorik ematen. Kanpo-narratzaile batek eskainiko luke horretarako aukera, akaso. Hain zuzen ere, pertsonaiek esker ona adierazteko edo ez adierazteko duten beharra agertzen da, baina ez da sakontzen horretarako izan ditzaketen arrazoietan. Ezer gutxi dakigu, honenbestez, Michkak gerra garaian bizi izan zuen haurtzaroaz, Jérômek aitarekin duen harremanaz edota Mariek haurdunaldian sentitzen duenaz. Nobela osoago bat litzateke, hartara. Soiltasunaren alde, baina, De Viganek isiltasunari leku egitea erabaki du, hutsuneak irakurleak bete ditzan, inteligentziaz eta umorez, Michkak egiten duen bezala.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez