« Gertakarietatik aldenduz | Ahanzturaren kontra »
Espekulazioak / Arrate Egaña / Erein, 2025
Fantasiarekin espekulatzen Nagore Fernandez / Berria, 2025-11-30
Arrate Egañaren hirugarren ipuin liburua da Erein argitaletxean argitaratu den Espekulazioak obra. 2012an egin zuen saltoa helduen literatura bezala etiketatzen den zirkuitura, Paradisua ipuin liburuarekin. Hamar urte geroago argitaratu zuen bere bigarrena, Itzalen distira obra; askoz ere gutxiago itxaron behar izan dugu narratibako haren hirugarren proposamena irakurri ahal izateko. Egañak bere-berea duen estiloa da nagusi oraingoan ere, lengoaiari dagokionez. Zorrotza da, zuzena, eta idazleak gehiegizko bueltarik eman barik idazten dakiela erakutsi du beste behin. Egunerokoan gotortzen dira liburua osatzen duten zazpi ipuinak, giza harremanetan, baina, batez ere, pertsonaia bakoitzak bere familiekin, ingurukoekin eta lanarekin duen interakzioan. Hari tematiko horrek narrazio guztiak lot ditzakeen arren, teknika narratibo aldetik askotariko konposizioak eta fokalizazioak aurkituko ditugu: tabernako barraren atzetik protagonistak ikusten duen guztiaren erreportajea egiten digu Hiperakusia kontakizunak; planoak biderkatzen dira Urangistak testuan; edo etenik gabeko hirugarren pertsonako narratzaileak paranoia bat antzeratzen digu Korrikalaria-n.
Egañaren unibertso literarioa ezagutzen duen irakurlearentzat ezaguna izango da aipatzen ari naizen deskribapen errenkada; alderdi horiek konstanteak dira idazlearen ipuingintzan. Hala ere, oraingoan, aurrekoetan aurkitu ez dudan ñabardura batez jantzi ditu istorioak: fantasia kutsuz. Hegoamerikar tradizioko errealismo magikoa gogorarazi didate hainbatek; ez nituzke, dena den, ipuinok estetika horretan sailkatuko, nahiz eta kutsu fantasioso hori ezin ukatuzko alderdia den. Ezin ukatuzkoa eta estimatzekoa, halaber, horren bitartez aurreko bildumetan aurkitu ez dudan bizitasuna eta tentsioa transmititu didatelako oraingoek. Argitalpen honetako ipuin guztiak ez dira, berez, fantastikoak, nahiz eta guztiek daukaten euren misterioa, eta hain zuzen ere, fantasiarekin horrenbeste jolasten ez direnak iruditu zaizkit apalenak, gatzik gabekoak. Fantasiak, ostera, estrategia narratologiko aberatsagoz jantzi ditu hala ezaugarritu diren ipuinak: horietan tentsioa gehiago zaindu da, irudiek bestelako esanahi bat hartu dute, eta espazio txikiagoan, askoz ere ñabardura gehiago iradoki dizkidate. Egañaren estiloak ipuin fantastikoenak iruditu zaizkidan horietan jotzen du goia, duda barik. Talde horretakoak dira Energia subrogatua eta Korrikalaria.
Espekulatu kontzeptua asko erabiltzen da gaur egun, batik bat, hipotesiak egitearekin lotuta, alegia, ondasunak erosi eta haietatik irabaziak lortzeko asmoarekin lotuta. Hitzaren etimologiari erreparatuz, ostera, bestelako esanahi batekin ere egingo dugu topo: ispiluen gardentasunarekin du zerikusia bigarren adierak, simetrikotasunarekin, ispiluak bueltatzen digun irudiarekin. Eta, esango nuke, kasu honetan, hitzaren etimologiak gehiago esaten duela ipuin liburuaren izaeraz, zabalduta dagoen erabilerak baino: fantasiak pertsonaiei (eta irakurleei) diren horren benetako isla itzultzen die, errealitatearen distira, nahiz eta isla hori ganbila izan batzuetan.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez