kritiken hemeroteka

8.504 kritika

« | »

Puntobobo / Itxaso Martin Zapirain / Erein, 2024

Bizikidetza da gizabanakook dugun erronka handiena; eramankizunez Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2025-05-22

Abiaburuan

Itxaso Martin Zapirain idazlearen Puntobobo nobela irakurri berri dut, eta deus idatzi aitzin, Armiarman erortzen laga dut nire burua. Begirada arina bota dut kritiken gainean, zeharkako soako doi-doia. Kritika positiboak jaso ditu. Onuragarriak.

Istorioak eta pertsonaiak

Bi dituzu eleberria osatzen duten istorioak. Lehendabizikoa sei atalez osatuta dago: I. II. III. IV. V. VI. Kontakizuna, halaz ere, jarraikoa eta bakarra da. Bigarren istorioaren atalak lehenbiziko istorioan tartekatuta daude. Honako hauek: Haurtzaroa. Ahizpak. Amaren heriotza. Maitalea. Dolua.

Izenburuok istorioaren jitea ematen digute oro har, baita nobelarena ere, orobat.

Lehendabiziko istorioaren pertsonaia nagusiak hauexek dituzu: Maddi (alaba), Joane (ama eta alaba), Sebas (aita), Iker (semea eta neba) eta amona. Amonaren izena ez dizut emanen, haren abizenak bai, ordea (geroxeago eginen dut).

Aburu bat: amek ez dute izen propiorik. Amak ama izena du.

Bigarrengo istorioaren pertsonaia nagusiak, berriz, hauexek: amona eta ama. Ixi eta Malen (ahizpak, alabak eta bilobak). Badira beste batzuk ere bai, noski; ez dira protagonistak. Bat aipatu aldera: emagina. Ez du izen propiorik (Josefinaren alaba da).

Ezaugarriak

Familia(k) d(ir)a nobelaren ardatzak. Familia, singularrean. Belaunaldiz belaunaldi, zuhaitz genealogikoa osatzen duten hainbat senideren bizipen biziak. Lazgarriak hainbatetan. Nobelaren funtsa senitartekoen harremanak dira: elkarbizitza. Elkarbizitzaren zailtasunak. Elkartasun beharra. Elkartasun eza.

Aburu bat: bizikidetza da gizabanakook dugun erronka handiena.

Emakumea(k) d(ir)a protagonista(k). Emakumea. Singularrean. Haurdunaldiak oso presente daude nobelan. Horietako baten erditze izugarria, kasu. Familia babesgabekoen alabak izaki. Emakume jaio izanaren desabantaila. Nobelako jatorrizko familia behartsua eta pobrea baita izan. Heriotza(k).

Oharra: euskaldunok gurezko izaera daukagu, naski. Umea ematen duena emakumea da.

Seme-alaben eta aitona-amonen mantenua(k). Etxearen aurritan moldatuta. Elikagaien gabezia: babarrunak elikagai. Egoskari ostuak edota ebatsiak. Behartsuen lan eta behar agerikoa: trikotatzea. Puntoboboz eginiko jertseak edota trikotak, kasurako.

Irudi bat: liburuaren azaleko artile-mataza eta trapuzko panpina (Landa Beltza egilea).

Istorioz istorio, bi istorio lazgarriek osatzen dute eleberria. Bere oinarrian gizabanakoen buru-arazoen zainketa eta bizikidetza direlarik. Pertsonon izatean funtsezkoak.

Eleberriaren funtsaz

Baga: jendarte suerte bati eginiko kritika kausitu dut eleberrian. Amonak —gure aitona-amonek nola— jasan behar izan zuen erlijioaren moralari kritika. Erlijio horren sustatzaileari ez ezik —eliza kristau-katolikoari, kasuon— jendartea osatzen duten gainerako estamentuei eginikoa. Oroz gainetik eta bereziki, jendarteko partaide —herritarrei— guztiei egina. “Gure” jendarteari solidaritate eza aurpegiraturik.

Biga: nobelak gure arbasoek pairatu zuten heziketa auzitan jartzen du. Berbarako: Joaneren eta bere amaren arteko jarduna(k) ongiaren eta gaizkiaren funtsean oinarritzen d(i)ra, baita zuzentasunaren funtsean ere. Jendarte haren horren honen moralaren adierazleak. Jendartearen osasun-mentala jartzen du auzitan, eta bereziki, emakumeen pairamen eta destino latza.

Higa: Puntobobo nobelak eginiko “salaketa” horiek aintzat eta ontzat hartzen ditut. Alta bada, eskas atzeman dut porrot egin zuen/duen gizarte haren horren honen ordezko hezibidea ez proposatzea. “Gure” kulturaren eta hezkuntzaren eredu moldeko bat. Zein da iragan bizi berri dugun —gure aitona-amona-aita-amen— gaur egungo gizartearen ordezkoa. Zein alternatiba?

Laga: bizikidetza gaia izanik, elkartasun eza agerikoa da. Solidarioa ez den jendarte bat ageri da nobelan. Alabaina, egun guztiok gara solidario. Solidarioa da Eliza. Solidario da eskuina, solidarioa da ezkerra, solidarioa da zentroa, baita muturreko aldeak ere bai. Solidarioak dira denak —solidarioak omen gara denok—, baita sistematik kanpo kokatzen direnak ere. Anarkistak deitu, nahi baduzu. Horiek ere bai.

Oharra: solidario hitza hartu dut adibidetzat. Ez da bere esanahia edota zentzua galdu duen hitz bakarra. Hitzek inoiz zentzurik izan bazuten, askok eta askok, gaur-gaurkoz berea galdua dute.

Boga: politikaren alorra aipatu dut, hauxe errateko: demokraziak —inoiz izan bada— berea egin du. Erran nahi baitut, adibiderik adibide, gaur egungo gizartearen arazo-mentalen hazkuntzak determinatzen du sistema politiko baten osasuna. Tira, ei! Baiki, arazo-mentalak beti izan dira.

Sega: baliteke nobelak adierazi nahi —edo behar— duenaz harago joan izana nire jardun honetan. Aise harantzago. Halarik ere, aburu horrelakoxeak iradoki dizkit. Ez da nobela goxoa, ez horixe. Eleberrian islatzen den jendartea konsonantzian dago gaur egungo jendartearen errealitatearekin. Beraz, nobela balekoa da. Balekoaz haragokoa, hain ziur ere.

Eleberriaren formaz

Zai: nobela hau asinkronikoa da. Ez da sinkronikoa, hots. Istorio bietan denborazkotasuna ez da jarraikorra. Narrazioen denboratasuna kontuan hartu beharreko ezaugarria da, istorioen beraien jarraipena egiteko.

Oharra: konstatazio bat da, eta hortaz, oharra.

Zoi: istorioen lokalizazioa, oro har, eta eleberriarena orobat ez dira tokikotasunaren ezaugarririk behinena. Hainbat izen eman dizut hasmentan, eta orain segidan, bi abizen emanen —izen tipia barne—; eleberriko bakarrak: Iciar Matxain Sagarzazu.

Bele: Iciar ez da Itziar. Ixi da. Aipatu zuhaitz genealogikoan kokatu dezakegu. Non baina? Zein tokitan? Noiz baina? Zein garaitan? Koka ditzakegu ere amonaren ondorengoen garaiak. Alabaina, niretzat, eleberrian badago denboratasunari atxikiriko huts moduko bat. Eleberriko pertsonek bizi dituzten ezurteen kontrastean edo. Edo?

Arma: eleberri honen a-sinkroniaren jite a-kronikoa begi-bistakoa da. Idazlearen hautu bat da, naski. Garaikidetasun zehatz-mehatzen ezarekin kontrastatzen dena.

Aukera-maukera: eleberriaren jite moralaren ildoan, egon dadin nire iritzia ongiaz eta gaizkiaz at.

Tiro: bada deigarria egin zaidan ezaugarriren bat edo bertze. Hala nola Joane eta bere amaren arteko elkarrizketa(k). Elkar ezin ulertzerik —ezin elkar-ulertze hori—. Guraso eta seme-alaben arteko komunikazio eskasaren adierazle. Baita, jendarteak jendarte, belaunaldiz belaunaldi, senideen artean —guraso-seme-alaben artean—izaten den inkomunikazioaren lekukotasuna.

Alabaina, niretzat, amaren eta alabaren “jardun-maila” ez dator bat elkar ulertzeko ezintasunarekin. Alegia, elkarrizketa horren luze beharrean, batetik, amaren eta alabaren arteko jarduna laburragoa izatea, eta bestetik, inkomunikazioaren arazoa planteatuko lukeen narrazio sakon eta sendoago bat lehenetsiko nituzke.

Pum!: erran bezala, Puntobobo eleberriak orain arte jaso dituen kritikak positiboak izan dira. Nirea ez da negatiboa. Ahalik eta juzgu gutxien ematen saiatu naiz. Edonola den ere, eleberriak sorrarazi dizkidan sufrikarioez batera, jasankizun moduko bat daramat nire baitan halabeharrez.

Azken kritikak

Hezur berriak
Ane Labaka Mayoz

Maddi Galdos Areta

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Aiora Sampedro

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Asier Urkiza

Diesel
Bertol Arrieta

Nagore Fernandez

Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark

Jon Jimenez

Basokoa
Izaskun Gracia Quintana

Joxe Aldasoro

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Mikel Asurmendi

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Ez-izan
Jon K. Sanchez

Aiora Sampedro

Pleibak
Miren Amuriza

Jon Jimenez

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Asier Urkiza

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Nagore Fernandez

Artxiboa

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

Hedabideak