kritiken hemeroteka

8.496 kritika

« | »

O.ten gaztaroa neurtitzetan / Arnaud Oihenart / Egilea editore, 1657

“O.ten gaztaroa neurtitzetan”: nehor ere hura bezi Gorka Bereziartua Mitxelena / Argia, 2025-05-11

Orain denak aita santua baino frantziskotarrago bihurtu zaizkigunez, komeni da gogoratzea gure klasiko ez-sotanadunez. XVII. mendean izan zen bat, haren grazia zen Arnaut Oihenart. Eta ezin gaitezkeenez murgildu haren lan guztietan, gaur goretsiko dugu O.ten gaztaroa neurtitzetan.

Hirutan hamar poema inguru dituzu, dasta ditzazun net gutiziatsu; lehenengotik aurrera, zaramatza ametsera. Garratzetik ere badu ametsak baina, gozotik izaten duen haina. Ondo aditu maisuaren hitzak, aitzinean baituzu, probetxa zakitza: “Hiltzea gaitz da, gaitzago bana / Mait’ ukan et’ ez mait’ izana”; “Zer probetxu edertarzuna / da hire gorputzean / tink bihotzean / badatxen gogortarzuna?”. Halako asko eta ugari daurkituzu, Oihenartekin promenatuz gero usu: amodioaren mina, nahi eta ezina, eztiaren ordez ahoan erretxina.

Poetak bereizi baitzituen errima arrak eta errima emeak, neurtitzotan guztiz nagusi ageri dira emazteak. Fermuki zituen salatu haien aurkako injustiziak eta diru-gosez adostutako ezkontzen maliziak: “Onarzun-truku huts alab’ ezkontzea / ezta hori ezkontze, bana da saltzea. / Haren erosle senarrak / zer merezi luke? Adarrak”. Goratu zituen halaber, bere maiteen gorputzak —igartzen zaizkio, hala ere, gehiago ez ikustearen zaputzak—: “Hanbatez beud’ erranak / agerriz dadutzanak; / eztazkit, ezterrazket / gordailuan daunzanak”. Konparazioen artea menderatzen zuen nahieran, zenbaitetan xelebre egiten zaigun arren, aukeran: “Oin tipiz herotsduna, / zango aratsu, xuguna, / eskua xuri nola / arraulze berri erruna”.

Baina neurtitzotako nesken bertute kolekzioa ez dezakegu sinista, eta komeni da arretaz irakurtzea zenbait kritikari feminista. Orduko moralak, orain bezala, nahi baitzituen emazte-ainguriak, Zuzi iraxegia liburuan esplikatzen duenez Amaia Alvarez Uriak: izan ere, Oihenarten poemetako maitagaiei buruzko perfumeak, “erakusten dute nolakoa izan behar den maite den emakumea”. Eta emakume hori, poeta ez dadin estona, behar da izan “graziaduna, argia, garbia, birjina eta ona”.

Sorpresa handiak ere badira hargatik, ari naiz noski Oihenarten koplengatik. Haietako batzuk ez zituen ezagutuko inorrek, duela gutxi aurkitu izan ez balitu Bilbao deitura duen Gidorrek. Beharrik zituela Grenobleko liburutegian harrapa, Jorraleen koblak irakurtzeak gogora baitakar gangsta rapa. Mutilak neskari putaka, Xikitoak ez du izutzen Perraka: “Eihera txarrak tanka-tanka / gure horzarrak ozen zanka; / ozenago dun hir(e) oheak / gau oroz deraman karranka. Perraka”; “O, ertxozar buru-zoroa! / Karranka hur(a) en(e) ohekoa / ezin dukek —luharras niatzak—, / baina duk hir(e) amets erhoa. Xikito”.

Laburbilduz, harreman sexu-afektiboetan, Oihenart berdin nahasi zela goi eta behe pasioetan. Baina inporta duen bakarra ez baita zer, baizik eta nola, alor horretan irakatsi zigun hitzak nola ahal ziren beste era batera antola —horregatik hainbeste #damola—. Eredutzat harturik neurtitz espainiar, frantziar eta Italiakoak, moldeak puskatu zituen Zuberoakoak. Gure letren historian Oihenart ez baita bultua, ez du behar, baina eskatzen dugu harentzat indultua, posible egin zuelako euskal poesia kultua —euskal literaturaren irlak Oihenart baitu izena, inork aurkitzen ez badu galdutako Bertrand Zalgizerena—.

Aurelia Arkotxaren hitzetan izan zen errenazimenduko humanista, eta bere neurtitzek jarraitzen dute arau neopetrarkista. Ikertzaile batzuen arabera preziosista, besteek lotu dute garaiko molde batekin, zeina den kontzeptista. Esan beharrik ez dago, gure testuingurua da net populista, eta hori guztia goraipatzeak irain gogorra du: “Elitista!” —zenbatzen dituzte, bat, bi, hiru, lau, mahaian dauden dilistak; eta lau, hiru, bi, bat, dituzte iraintzen auzoko estilistak—. Horrelakoak parajeotan egin badituzte aldarri, nik behintzat, duda gutxi dut, bihotza dutela harri: “Etzintezkea jagoiti unha / ene hain gaizki tratatzez? / beti zuzaz ezin enzuna / lan duketa deitoratzez?”.

Eta ezin da fede bateko itsua beste ezertara bihurtu, baina hainbeste eskatzea ote da? Oihenart: ezagutu. Mintzo baitzaigu poeta zaharra gaurko gai berri-zaharrez, fanatismoaz, itsukeriaz, martiriez, militarrez: “Orai gerlako bandera / du Alferitzak ahurrera / orai nabaritu doa / kurutze misterioa”.

Horri gutxi iritziz gero, bada Oihenart bat transgenero: Laur karbarien eresia gutxi da irakatsia, baina darakus bitarkeria aspaldi zela hautsia: “Hango atea baratx jorik / morroin bat han-berekorik / ager zekion, begitartez / anderauren gisakorik. // Ustez zen anderaurena, / ager zezon bere pena, / bai et’ eska hur edo arno / apur baten ahamena” —poema narratiboa duzu gainera, Meaberen azkena bezain alegera—. Eta The Proclaimers entzun bazenuen I’m Gonna Be (500 miles) kantari, jakin behar duzu Oihenart izan zutela aurrekari: “Zur’ ikusteko eginik nago / borz lekoa bide lauretan, / bait’ are hamar gehiago / ez behin, baizi anhitzetan”. Segi nezake luzaz Oihenarten neurtitzak gaurkotzen, baina liburu fina duzu eta eskuetan hartzeak ez du gaixotzen. Nireak hemen dira kito, Perraka eta Xikito: neurririk gabe et’ erriman trakets, Oihenart imitatu nahiz, lortu gabe ere esan ahalko dut “ni behintzat saiatu naiz”.

Azken kritikak

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Ez-izan
Jon K. Sanchez

Aiora Sampedro

Pleibak
Miren Amuriza

Jon Jimenez

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Asier Urkiza

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Nagore Fernandez

Jakintzaren arbola
Pio Baroja

Aritz Galarraga

Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi

Hasier Rekondo

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Baden Verboten
Iker Aranberri

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi

Mikel Asurmendi

Dolu-egunerokoa
Roland Barthes

Asier Urkiza

Guardasol gorria
Lutxo Egia

Nagore Fernandez

Zero
Aitor Zuberogoitia

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

Hedabideak