kritiken hemeroteka

8.769 kritika

« | »

Azken batean / Lourdes Oñederra / Erein, 2025

Elisa eta Elixabete Ibon Egaña / Deia, 2025-11-08

Idaztean eta argitaratzean patxadaz dabilen idazlea da Lourdes Oñederra. Eta, patxadaz, detaileetan, hizkunntzan erreparatuz eta gozatuz irakurtzeko moduko nobelarekin itzuli da udazken honetan, hirugarrena duen Azken batean honekin. Elisa eta Elixabete ama-alaben inguruko istorioa dakar eleberriak: Donostian bizi da adineko ama, San Frantziskon dago alaba eta unibertsitatean irakasle dabil. Distantziak eta isiltasunak markatutako harremana da ama-alaben artekoa; harreman “amerikarra” distantziari dagokionez, hala esaterik badago, eta “euskalduna”, isiltasunei dagokienez. Bi pertsonaia oso dira Elisa eta Elixabete, ama edo alaba izateaz haratagoko kezkak eta nortasun garatuak dituztenak, eta alde horretatik egin zaizkit interesgarri. Elisa, bereziki, emakume adinekoek fikzioan izan ohi dituztenak baino geruza gehiago dituen pertsonaia ongi eraikia iruditu zait. Ama-alabek, biek, dituzte gainera, nork bere modura, aurre egin beharreko doluak eta iraganeko zauriak.

Nobelak ez dio hurrenkera lineal ohikoari jarraitzen, eta gertaera jakinen narrazioan bainoago, bizitza-puska horien kontaketan jartzen du indarra; bakardadearen errutinan, egunerokoaren argi-itzaletan. Inteligentea iruditu zait nola dabilen narrazioa denboran atzera eta aurrera, orain iraganean gero orainaldian, eta baita geroaldian ere (azken kapituluan). Horrela lortzen du bizialdi bi kontatzea, iragana eta aspaldiko traumak orainean ere presente egitea. Egileak baditu, halaber, zenbait elementu irakurleari ezustekoa emateko gordeak, jolas-kutsukoak batzuk (pertsonaia batzuen generoarekin, esaterako), eta horiek ematen diote erritmoa nobelari. Xehetasunei arreta handia jarrita lortzen du nobelak bereziki Donostiako klase ertaineko familien giroa eta mundu-ikuskera fikzioan jasotzea: klase ertainak zehaztutako egoteko eta portatzeko manerak, emakume edo gizon izateko moduak eta familia barruko idatzi gabeko arauak. Baita horrek guztiak dakarren isiltasun derrigorrezkoa ere, bereziki emakumeek jasandako sexu-abusuei dagokienez.

Bada, dena den, gertaera bat narrazioaren motor gisa funtzionatzen duena: Pedro, Kepa edo Ixa, Elisaren koinatuaren, Elixabeteren osabaren heriotzaren berria. Ezker abertzaleko erreferente intelektual izandakoa, frankismoan erbesteratu ostean artikuluen edo hitzaldien bidez ETAren jardunari sostengu ideologikoa eman dion pertsonaia da. Haren heriotzak aktibatzen du nobelaren alderdi diskurtsibo eta politikoena, funtsean, ETAren indarkeriaren aurkako jarrera etiko-politiko bat jasotzen duena, Elisaren eta Elixabeteren gogoeten bidez. Bide horretan, terrorismoaren aurkako diskurtso mediatiko eta politikoek maiz erabiltzen dituzten estrategia narratiboen oihartzunak aurkitu ditut nobelan ere: Ekis pertsonaia demonizatzea eta Gaizkiaren pertsonifikazio bihurtzea, pertsonaia bakarrean batuz litezkeen eta bi etiketarik makurrenak: terroristarena eta sexu-erasotzailearena. Alderdi horretan manikeismora lerratzen da, tamalez, nobela eta on eta gaiztoen arteko gatazka gisa aurkezten da indarkeria eta Euskal Herriko historia garaikidea. Ona eta gaizkia bereizten dituen balizko etika unibertsal horrek, gainera, testuinguru politikoari ezikusi egitera darama narratzailea; eta, hala, Txiki eta Otaegi fusilatu zituzten urteaz, zera dio, pertsonaiari kargu hartuz bezala: “Elixabetek hamazazpi urte bete zituen urte hartan, ETAk hamalau lagun hil zituen, baina horretaz ez da gogoratzen bera, ez da inoiz gogoratu”. Nago irakurlea astintzea, asaldatzea, bilatu duela Oñederrak nobelaren atal horiekin. Ez dago esan beharrik lortu ere lortzen duela.

Azken kritikak

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

Hedabideak