kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Enarak / Bernardo Atxaga / Pamiela, 2025

Maskararen atzean Irati Majuelo / Berria, 2026-01-18

“Enarak, Bernardo Atxagaren azken eleberria”, horrela iragarri zen argitalpen hau. Orain artekoetan azkena, bai. Idazlearen literatur ibilbidean azkena ez dugu esango, badaezpada.

Berehala ohartuko da irakurlea ezohiko narratzailea duela eleberri honek, izaki immaterial bat, Uzariel. Zeruetan dago, batetik bestera ziztuan mugitzeko gaitasuna du, baita etorriko dena iragartzekoa ere, zenbaitetan. Narratzaile-aingeru hau, beraz, (ia) denaren jakitun omen da, eta dakien hori erregistratzeko ardura du. Baina, fida gaitezke berarekin? Izakiaren klaribidentzia ez baita beti erabatekoa, eta ikusitakoak eta jasotako txostenak ere tarteka etortzen zaizkio gogora. Etengabeak dira foku aldaketak, denboran egindako jauziak, baita izaki immaterial eta materialen arteko ahots konbinazioak ere. Hala, Uzarielen borondateak edo gaitasunak baldintzatuko du zer-noiz-nola jasotzen duen irakurleak. Gutxinaka, baina, agerian geratzen da nola harilkatzen diren nobelan hiru bizitza, hiru heriotza.

Errota batek lotzen ditu hirurak, Urtain boxeolaria, Guillermo argazkilaria eta Pedro margolaria. Espazio horrek biltzen ditu istorio guztiak, ardatza eta jarraitutasuna emanez eleberriari. Halaber, Urtain Madrilera joan eta han hiltzean, eta alderantziz, Pedro Euskal Herrira bueltatu eta heriotza han topatzean zirkulartasun moduko bat sortzen da. Hiru gizonen bizitzek, zeharo desberdinak izanagatik, lotura-puntu ugari dituzte finean: maskarak, sekretuak, bakardadea.

Arroagaingo hilerriak hartzen ditu, bakoitzari dagokionean, hiru gizonen hilarriak, eta horien bidez ikus dezakegu pertsonaren eta pertsonaiaren artean dagoen maskara. Esanguratsuak dira alde horretatik hil ondorenean ere: Urtainena apurtu egiten dute, Guillermorena pintatu, Pedrorenean ez dute haren sinboloa den azabururik irudikatzen. Heriotzak azaleratzen ditu, nolabait, bizian gordetakoak: pertsonaia publikoaren gainbehera eta bakardadea, traizioak eta interesak, laguntasun purua (% 90) eta hilketa susmoak (% 50), kanporako segurtasun itxuraren eta barne zalantzen arteko arrakala.

Narratzailearen izaerak behartzen du hizkuntza ere berezia eta berezitua izatera. Erregistro eta hiztegi jokoak gorabehera, zehaztasunak markatzen du batik bat.

Alde horretatik, objektuek garrantzi handia dute, sarri istorioen gidari bihurtzen baitira. Idien kopetakoa, Lambretta motorra, Kodack Star kamera, Olmersartán Normon 40mg, Pedroren aitormen gutuna; horiek guztiek osatzen dute eleberriari zentzua ematen dion hezurdura. Objektuen hondoan igarotzen da denbora, kontu hain izaki-materialdar eta arin hori. Eta zeruan enarak, beti enarak.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak