« Odola eta euliak | Ertz borobilak »
Düsseldorfeko txibatoa / Karlos Linazasoro / Erein, 2025
Dura lex, sed lex: txibatoak izatera kondenatuta gaude, aidanez Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2026-01-16
Nobelara hurbildu aldera
Düsseldorfeko txibatoa nobelatzat ekarria da. Bitxia egiten zait nobelatzat hartzea. Egiari zor, protagonista nagusi bat dauka: Karl. Eta hainbat pertsonaia ere bai: Juan laguna, Justino, hondartzako enplegatua, Fulgentzio tabernaria. Isidro, gasolindegiko langilea. Eta abar eta abar eta abar. Bere emazte zena tarteko: Nelly. Karl alarguna da. Beraz, generoak genero, nobela duzu, ezta? Zer eta nola erran, ordea.
Bada, hauxe erranen abiaburuan: gertaerak, pasadizoak, sesioak edota gorabeherak arau sorturiko nobela romanesko bat dugu eskuen artean. Trama konplexurik gabe —berau gutxietsi barik—, nobela ateraldi, sesto eta buru-kolpe sorta medio sortua da. Pertsonaiak ere halaxe sortuak izaki —idazleak sortuak, jakina—. Pertsonaiak Karlos Linazasoro idazlearen sano bereak dira, bere-bereak. Tira bere-bereak “eskuetatik” joaten ez zaizkion bitartean.
Karl alemaniarra da. Espainiako hegoaldeko herrixka batean bizi da —herri turistikoa, naski-noski— joan deneko zortzi urteetan. Ez omen zen gustuz etorri, osasuna artatu eta hobetu beharrean baizik. Bronkioak sanoagoak ditu orain, alabaina, sakoneko herrimina nozitzen du. Dena dela ere, lantuak lantu, kexak kexa, ahulaldiak ahulaldi, jubilazioaz profitatzen ari da, eguzkiaz profitatzen ohi duen legez.
Karlen eguneroko pasadizoek osatzen dute nobela: morroi obsesiboa da, alemaniar-adiurre zorrotzaren portaera du. Ezin ditu jasan auzoek herrian egiten dituzten desmasiak: autoak gaizki aparkatzea, parketako iturriak kutsatzea, manifestazio zaratatsuak antolatzea. Hitz batean, auzokideen arduragabekeriak. Pulamentu eskasa, hots. Gipuzkoan erraten duten gisan.
Karl —hemen esaten dugun bezala— Aita Saindua baino sainduagoa da. Karlek “hemen esaten duten bezala” errepikatzen du behin eta berriz nobelan. Arrotza da morroia. Horregatik eta bestelakoengatik. Papa delakoa baino papistagoa. Arrotza izanda ere, tokiko legearen bermatzailea da. Horra bere izatearen zeinua, bere marka. Markaz kanpokoak dira bere jaidura eta jokamoldea. Legea betearazteko morroi paranoikoa. Zentzumen arras zolia dauka. Ondorioz, horregatik edo, bereak zentzumenez kanpoko pertzepzioak dira. Ez du arrazoi eskas. Haatik edo, pasarte irringarriak pasadizo mingarriak bilakatzen zaizkio sarritan. Mundu modernoa mundu kabernikola da berarentzat, horregatik edo, mundua toki erridikulu, extrabagante eta garratza begitantzen zaio.
Karl pertsonaiaren umorea ezin dugu umore mota bakar batez izendatu. Hamalau umore mota omen daude: absurdua, txuria, beltza, berdea, gordina, idorra, satirikoa, sarkastikoa, groteskoa… Andana bat ekarri dut. Badaude, ordea, umore horietatik bertze umore eratorriak ere bai. Errate baterako, teknologia aurreratu ahala eta psikologia aldatu heinean, pertsonon umore mota berriak azaltzea kontu arrunta da.
Karl hamalau bat da. Euskaldunok hamalau delakoari ematen diogun zentzuan: handiustea, agure pijo bat. Alabaina, pertsona arrunt arrazoiduna da. Jendartearen gaineko bere pertzepzioak eta jendeari buruz dituen aburuak mikatzak izanagatik ere —irakurleoi, kasu, hala iruditu arren— bere arrazoinamenduaren eta logikaren ondoriozkotzat jo behar ditugu. Nik hala uste, Zaratruste! Ei, azken e da a. Hizki baten gorabehera.
Idazlearen trepetak
Karlos Linazasororen artilugio literarioak hagitz jatorrak dira. Idazle originala da. Trikimailuez jositako literatura da berea. Alegiez osatuta. Bere kontakizunak engainuez eta disimuluez beteta daude. Bere istorioak ez dira ipuin arrosak. Bere alegoriak edota parabolak parabolikoak bihurtu izaten dira. Oraingo honetan, pauso bat ez ezik, pare bat urrats eman ditu. Idazleak istorio krudel-irringarri bat sortu du Euskal Herritik landa. Bere iruditeriak ez du mugarik, hots. Bere parabola parabolikoak areago paranoikoak bilakatu dira.
Düsseldorfeko txibatoa ez zait ez-ohikoa egin, ez arraroa ere. Egileak lantzen ohi dituen literatura-generoen ildoan gauzatua da. Idazle tolosarra generoen muturretan kulunkatu izaten da. Poesiaren seriostasuna landu ezean —landu ezinean, apika—, pertsonaia makabroz betetako istorioak taxutzen ditu.
Mediterraneo aldera eraman gaitu oraingoan. Eguzkia Uzturre mendi aldetik atera beharrean, nondik eta Antequeratik ateratzen den ingurumarira eraman ere. Karl protagonistak dioenez, ezaugarri hori nahikoa da bertakoak, indigenak alegia, gizaki arras tuntun-mugatuak direnez ohartzeko. Erran nahi baitut, oraingoan behintzat, morroi motz horiek ez gara euskaldunok.
Pertsonaien identitatea dena dela ere, idazlearen marka, usaiako marka bera da: ironikoa, ausarta, estranbotikoa. Bere pertsonaiak xelebreak dira, arraroak eta bitxiak. Karl protagonistaren kasuan, areago nabarmentzen den morroi arrunt pijoa izaki.
Linazasorok metaliteratura asko txertatu ohi ditu bere kontakizunetan. Idazleak ez du hori disimulatzen, ez ezkutatzen ere. Aldion, kasurako, Karl pertsonaia arruntaren bidez, morroi poliglotaduna, idazlearen beraren jakinduria agertu digu. Bere gustu literarioak eta pentsamoldeak. Filosofiarekiko bere jaidura. Hain zuzen ere, nobela honen funtsa Dura lex, sed lex esaldian laburtzen da. Zizeron filosofoarena duzu: Legea gogorra da, baina legea da. Alegia deus ez.
Bere idatz-moldea bizi-bizia da. Taxu eta tonu probokatzailea darabil usu. Erranen nuke, aldion are gehiago tenkatu duela bere luma —ulertu metafora gisa, noski—. Izanik ere, jendarte baten miraila edo ispilu oso distortsionatu baten aitzinean paratu gaitu gu geu. Irakurleok, hain ziur ere. Beti bezain ausarta, beti bezain zirikatzailea. Alta bada, berak irudikatutako mundua horrenbesterainoko al da? Horren desitxuratua ote?
Izenak izana omen du. Karl alemaniarraren izana estereotipoa bat duzu, naski —Karl Marx imajinatu dut, baita Groucho Marx ere—. Nago, oroz gainetik, Karl iraganeko alemaniarra ote den, etorkizunekoa baino. Baliteke, noski, nire zentzumenaren araberako juzkua baino ez izatea. Izan ere, irakurraldiak tankera honetako juzkurik iradokitzera behartzen baitzaitu, behartu zaitzake, hots:
Munduak ez du etorkizunik nonbait, mendebaldeko jendarteek “zentzu komuna” deritzogun hori galdu dutelako. Bistan da, pentsatu nahi dut, artean munduan badaudela “zentzu komuna” lantzen eta esperimentatzen duten komunitateak. Alabaina, Europa osoko jendeak —hainbat komunitatetako jendeak— “bizi diren” Mediterraneoko espainiar herri horietan “zentzu komuna”-k ba al du izaterik?
Premisa bat amaitu aldera: datorren munduak, geroz eta gehiago, Karl bezalako labezomorroak sorraraziko ditu. Etorkizunean giza-labezomorroak gailenduko dira ezinbestean. Legea txibatoen salaketen bitartez betearaziko da/dute/dugu. Karl geure baitako polizia eredua dugu, arranopola Santa Pola!
Alea jacta es. Erranairua ez da Zizeronena. Aitzitik, Julio Zesarrena duzu. Legearen pisua gero eta astunagoa da, gero eta handiagoa, gero eta gogorragoa, eta geure buruaren gainean erortzear dago. Iragana etorkizuna dugu berriz ere. Etorkizuna presentea da. Zoria dagoeneko jokatuta dago. Txibatoak izatera kondenatuta gaude, aidanez.
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi
Odola kantari
Unai Elorriaga
Asier Urkiza
Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins
Nagore Fernandez
Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Mikel Asurmendi
Silueta
Harkaitz Cano
Iraitz Urkulo
Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"
Mikel Asurmendi
0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar
Maddi Galdos Areta
Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz
Maialen Sobrino Lopez
Silueta
Harkaitz Cano
Aiora Sampedro