« Dura lex, sed lex: txibatoak izatera kondenatuta gaude, aidanez | Deabruzki unibertsala »
Moebiusen ertzak / Garazi Kamio / Elkar, 2025
Ertz borobilak Joxe Aldasoro / Deia, 2026-01-17
Garazi Kamioren Moebiusen ertzak (Elkar, 2025) eleberriak Irun Literatura saria irabazi zuen iaz. Barre egin nuen hasierako kapituluetariko batek kontatzen duen eszenarekin: zahar etxe bateko jantokian, zehaztuko ez dudan arrazoiarengatik, egoiliar batek sardexka sartu dio eskuan beste bati. Erasoa jasan duenak, oihuka eta eraso egin dionari ile ordea kenduz erreakzionatu du.
Kontakizunak xakeko zaldiaren antzera mugiaraziko zaitu, argazkietan ezteietako bikoteak goibel agertzen ziren garaitik gaur egunera. Horrelakoetan gertatu ohi zaidan moduan, hasieran kosta egin zitzaidan pertsonaiak eta istorioa kokatzea. Izen asko agertzen dira orrialde gutxitan: Angel, Ana, Olatza, Imanol, Angela, Andres. Aurkezpenik gabe, zeinek zein paper jokatuko duen jakin gabe. Trama harrapatzeko zailtasunekin ni, beti bezala. Bidaia, berez, polita, oso polita.
Bizitza eta heriotzari buruzko eleberria da. Herio aurrean duzunean, gerturatzen somatzen duzunean erakusten baita nolakoa den pertsona. Batez ere, gizon baten bizitza da, Angelena. Haurtzarotik hasita bizi dituen zailtasunak eta ezintasunak. Herri txiki batean jaioa. Zarena ezin bizi, natura, izadia eta lasaitasuna gaur egun adina estimatzen ez zen garaian. Ezin da ezkutuan ibili herri batean. Ukazioan, beraz. Hiriek beste aukera batzuk eskaintzen dituzte. 50 urteko parentesi luzea hirian. 50 urte askatasunean bizitzen. Nolabaiteko askatasunean behintzat, bai. Denborak gorputzak higatzen ditu. Gorputza higatzearekin batera osasuna. Gaixotasuna datorkio Angeli, moebius sindromea. Edo, gaixotasunaren garapena. Menpekotasuna. Ezin zure buruaz baliatu egunerokoan. Beste norbaiten laguntza behar duzunean, besteak jartzen dizkizun baldintzetara moldatu behar zara. Hasierako laukira berriro. Aukerak beti daude. Zutik mantendu ala belaunikatu. Belaunikatzea bizitzen jarraitu nahi izatea bada. Familia lotura, kartzela, errepresioa da. Bakardadea okerragoa. Edo ez. Irakurleak erabakiko du. Angelek erabaki du. Ana, Olatz eta Imanol familiakoak ditu Angelek. Hiru ilobak arduratzen dira izebarekin (sic). Gutxi. Kunplimenduzko deiak. Noizbehinkako bisitak. Lagunek familiek baino gehiago lagun zaitzakete. Zaindu behar dira. Badakigu horrek ahalegin eta denbora behar duela. Lagunek baldintzak jartzen dituzte ere bai. Familiaren desberdinak, baina baldintzak. Erabakiak erabaki, denboran eta espazioan kontraesankorrak, koherentzian bizitzerik ote dagoen, Angelek erabaki bakoitza justifikatu edo borrokatu beharko du. Superbibentzia borroka bada, estaltzeak borrokak adina ahalegin edo gehiago eskatzen duenean.
Ertz batzuk baditu bai Garazi Kamioren lanak. Gaixotasuna, zahartzaroa, bakardadea, nortasuna, identitatea, matxismoa, familia, laguntasuna, zaintza eta, ziurrenik, harrapatu ez ditudan beste hainbeste. Hunkigarria egin zait eleberria, bukaera batez ere. Heriotzak eta gaixotasunak norbera bere lekuan jartzen duelako bai, baita ingurukoak ere. Epaia behin betikoa da heriorena, baita ingurukoentzako ere. Ezingo duzu ezer gehiago egin pertsona batekiko gaizki egin duzuna zuzentzeko, konpentsatzeko. Asma ditzakezu moduak zure jokabidea justifikatu edo zuritzeko, zure burua gehiegi ez zigortzeko, baina sententzia idatzia dago: borobila. Esan bezala, ez bakarrik hildakoarentzako.
Izenburua da gustatu ez zaidana. Hiztegian, tira, sarean begiratzera behartu ninduelako.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi