kritiken hemeroteka

8.592 kritika

« | »

Herioa Venezian / Thomas Mann (Xabier Mendiguren) / Ibaizabal, 1992

Hitzak ospatu bakarrik egin dezakeela Aritz Galarraga / Berria, 2025-11-09

Nori ez zaio pasa: Aschenbach idazleak, halako batean, kolpetik, lekuz aldatzeko apeta eutsiezin bat sentitzen du, ihes egitekoa ia. Ordura arte, bidaiatzea higiene-neurri bat besterik ez zaio izan, borondatearen kontrara, noizean behin egin beharrekoa. Baina bizitzak astiro behera egiteari ekin dionetik, obrari amaiera emango ez dion beldurrak harrapatuta dauka. Halaxe sentitu du “obratik, entrega zurrun, grinazko eta hotz baten eguneroko eszenatokitik urruntzearen bulkada hura”. Venezia da helmuga: “Jende ikasiarentzat erakarmen aparta duen hiria, bere historiagatik eta gaur eguneko bere xarmagatik”.

Izan ere, a ze oporrak, hegoaldeko hondartza batean bainu-bizitza eroso bat, desiragarria oso. Elementu batek hautsiko dio baretasun hori, ordea: Tadzio-k (kasu, pedofilia). “Aurpegia, zurbil eta txairoki erreserbatua, ezti-kolorezko ilez inguratua, sudur zuzenarekin, ahoa polit eta seriotasun liluragarri eta jainkozkoa zuenak garairik nobleeneko greziar estatugintza gogorarazten zuen”. Deskribapen horrekin, nor ez litzateke maiteminduko (adin nagusikoa balitz, noski). Begi-bistan dago guztiek desiratzen, gorteatzen, miresten dutela. Ondorioz, mutikoa behatzera dedikatuko da; “ezagutzen zuen egoerarik gozagarriena”.

Mutikoa behatzera eta gauza gero eta afrusagoak egitera: ilea tintatzen du, ezpainak makillatzen ditu, denboraren joana disimulatzen saiatzen da, zahartzaroari kontra egiten, gorputzaren degradazioari, barregarri geratzeak beldur ematen dio. Nerabe txolindu baten erreakzioak ditu, nork eta Gustav von Aschenbachek, Alemanian idazle handia denak! “Maite haut” patetiko bat aitortzera iritsiko da (Tadzio gogoan, noski, baina bere buruari, mutikoarekin ez baitu hitz erdirik gurutzatzen eleberri guztian zehar). Sentimenduak hoztu, itotzera ohituta, sentimendu berri eta bridaezin horrek hankaz gora jarriko dizkio ordura arte zeuzkan, edo zeuzkala uste zuen uste, segurtasun, arau guztiak. Idazle bat, intelektual bat, printzipioz tresna gehiago eduki beharko lituzke halakoak ez gertatzeko, alegia, sentimenduek arrazoia ez gainditzeko; eta justu da kontrakoa: zaurgarrietan zaurgarriena suertatzen da.

Jainkozko edertasun batenganako maitasuna areagotuz, hartara, maitalearen dekadentzia ere areagotuko da, gaixotasun izpiritual moduko bat bilakatuko, artearen eta bizitzaren arteko eztabaida mamitsu batean bukatzeko, bi gauza aparte balira bezala. Zer aukeratu behar du sortzaileak, artea ala bizitza? Arteari eskaini behar dio bizitza, hori ere bizitzea delakoan? Eldarnio betean, Sokrates eta Fedroren arteko solasaldi bat irudikatzera iritsiko da, idazleak eleberri hasierako ideietatik izan duen aldaketaren adierazgarri: azkenerako, edertasuna omen da artista izpirituarengana daramana, “ezin dugula korritu Edertasunerako bidea Eros elkartu gabe eta gure gidari bihurtu gabe”. Esaldi-kasik-sententzia honek laburbiltzen du ondoen artistaren nahi eta ezina: “hitzak ospatu bakarrik egin dezakeela zentzumenezko edertasuna, ez birsortu”.

Tamalez, artea ala bizitza, aukeratzeko denbora askorik ez dago (inoiz ez dago denbora askorik ezertarako). Heriotza dabil airean, sumagaitz, hasieratik. Veneziar gondola bat, atauteak izan ohi diren bezain bereziki beltza, halaxe deskribatzen da: “abentura isil eta makurrak oroitarazten ditu uraren gaueko txipli-txaplan; heriotza bera oroitarazten du oraindik gehiago, zerraldoa eta hiletaren goibeltasuna, baita azken bidaia isila ere”. Tadzio bera, hain hauskor, zahar izatera ez dela iritsiko aipatzen da behin baino gehiagotan. Eta hiriaz zer esan, Veneziaz, sargori, aire lodi, izurriak hartuko du pixkanaka. Heriotzaren presentzia ugari horrek garamatza, kulunka, bukaerako heriotzaraino; ez dugu ezer aurreratzen, izenburuak digu iragartzen. Irakurketa posible bat izan liteke sentimenduen atzaparretan erori izanak daramala artista hondamendira.

Thomas Mann zinez durduzatu zuen kontu bat: Goethe, artistarik handienaren paradigma, zeharo maitemindu zen hirurogeita hamapiko urte zeuzkalarik, hemezortzi ere ez zeuzkan neskato batez (kasu, pedofilia). Goetheri buruzko eleberri bat idazteko asmoa agertu zuen inoiz Mannek. Beste bertsio baten arabera, eleberriko idazleak Gustav Mahler konpositorearen antz handia dauka, justu orduantxe hila (Luchino Viscontiren zinemarako adaptazioan, protagonista ez da idazle, musikari baizik). Protagonista Thomas Mann beraren transposizio bat dela defendatzen du hirugarren bertsio batek. Dena delakoarekin, maitasuna eta heriotza, artea eta bizitza, zentzumenak eta adimena, ezin uka Mannen obsesio literarioak biltzen dituela eleberri labur honek, Buddenbrookstarrak edota Mendi magikoa eleberriekin batera (azken horrekin gainera, badu halako elkarrekikotasun bat), obra ezin erakargarriagoa osatzen duena, XIX. mendearen amaieratik Bigarren Mundu Gerrara arteko literatura alemaniarreko ahots garrantzitsuenarena.

Azken kritikak

Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia

Irati Majuelo

Herioa Venezian
Thomas Mann

Aritz Galarraga

Azken batean
Lourdes Oñederra

Ibon Egaña

Goizuetako folkloreaz
Patziku Perurena

Mikel Asurmendi

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Asier Urkiza

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Nagore Fernandez

Akabo
Laura Mintegi

Amaia Alvarez Uria

Txillardegi hizkuntzalari
Markos Zapiain

Jon Jimenez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Paloma Rodriguez-Miñambres

Lakioa
Josu Goikoetxea

Mikel Asurmendi

Lur mortuak
Nuria Bendicho

Irati Majuelo

Hitz etena
Eustakio Mendizabal "Txikia"

Paul Beitia Ariznabarreta

Akabo
Laura Mintegi

Joxe Aldasoro

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

Hedabideak