« Erraien ausardia | Ba ote da gerra txikirik? »
Ezinbestean / Unai Baztarrika / Erein, 2014
Arrakaletatik abiatuz Igor Estankona / Bilbao, 2014-08
Ezinbestean (Erein, 2014) Bilboko Blas de Otero VI. Poesia Lehiaketan irabazle hautatua izan zen iaz. Olerkari ezagunaren omenezko poesia lehiaketa antolatzen dute urtero Bilboko Udalak eta Blas de Otero Fundazioak eta azken aldian liburuek, argitaletxeen euren eskutik, badaukate behinik behin zabalkundea eta proiekzioa. Lehiaketak sormen literarioa sustatzea badu helburu, lortu du oraingoan: irabazleak argitara eman du lan bat lehenbizikoz, bere betiko pasioa izan delarik idazkuntza. Azkue eta Urruzuno sariketetan lan minoreak aintzatetsi zitzaizkion gazte denboran, eta ordutik ez du galdu idaztearekiko garra Unai Baztarrikak (Beasain, 1982). Ukitu egin zuen epaimahaia nolabait, Arrakalak lanarekin. Beste hamazazpi originalen artean gailena iruditu zitzaien Miren Agur Meabe, Castillo Suarez eta Jon Kortazarri.
Arrakalak izenburupean aurkeztu zen poema sorta Ezinbestean bihurtu da, ezinbestean idatzitako lerroak eta luzaroan gordeak zituen ideia harriztatuak, paperera eramanak. “Idazteaz, idatzi ezinaz eta sorkuntza behartuaz hitz egiten dut liburu honetan. Barneko nahiz kanpoko hormez egindako gogoeta. Arraildutako pareta zaharrez, baina baita eraiki berri ditugun horma ikusezin horietaz ere”.
Horregatik autoreari oraindik ere izenburu egokiena beste hura zela iruditzen zaio. Arrakalena. Hitzen Uberanekoei eskainitako elkarrizketan dio iruditerian nagusi direla “horma, pareta arrailduak eta arrakalak. Denborak higatutako hormak eta hauetan falta diren harriak sentipenetara ekartzeko saiakera izan da. Umetatik liluratu naute eroritako hormek, denboran galduta gelditu diren hondakinek, inoiz izandako eraikinen hondarrek,… Eta irudi hori gure barne munduetan islatu nahi izan dut. Inoiz irmo izandako sentipen eta ideien dekadentziaz hitz egiten dut, gure barnean sortzen diren pitzadura horietaz eta batez ere, bizitzaren bidegurutzeetan sortzen direnez. Zertzeladaz betetako idatziak direla esango nuke, zehaztasunik bilatzen ez dutenak baina batez ere, galderetan, zalantzetan eta kontraesanetan gelditzen diren formulazioak”.
Kritikak nabarmendu du Unai Baztarrikaren minimalismo mamiduna eta, gora-beherekin bada ere, aintzatesten dio halako erakarmen bat ez dena erraza lortzen. Dena dela, Hasier Rekondok Berrian (2014-06-22) ohartarazi zuen legez, beti ez da gauza bera hitz hanpatuak erabiltzea eta irakurlea hunkitzea: “Poeta berriak ozenki egiten du oihu poemario guztian zehar. Eta hitzak darabiltza barruko ezinegon pertsonalak arintzeko xedez. W.H. Audenek esaten zuen poetaren rola lengoaiaren sakralitatea mantentzea zela. Baztarrikaren bertsoek, barruko erraiak aireratzeko borroka terapeutiko horretan tematuta, erakargarritasun sakratua dute xede baina ez dute beti jomuga hori kausitzen”.
Idaztea argi-ilunen lurraldean sartzea da izan ere. Javier Rojok El Correon (2014-06-28) topikoetatik abiatua Baztarrikak diskurtso poetiko interesgarria ondu duela dio: “Poema liburu honetan garrantzitsua da oso komunikazioaren inguruan egiten den hausnarketa. Bi modutan agertzen da gai hau Unai Baztarrikaren poemetan. Alde batetik komunikazioaren izaera bikoitza aurkezten zaigu, esan-isildu kontrajarpenaren inguruan antolatua dagoena. Eta horrekin batera, hitzaren izaera bikoitza agertzen zaigu, hitzek komunikatzeko balio baitute, baina paradoxaz hitzak ere batzuetan esentzialenera hurbiltzeko oztopo moduan aurkeztu daitezke”.
Egia esan halaxe da, berbak obsesio eta beldurrak uxatzeko erabili ditu poetak. Idazkuntzari halako helburu goren bat ezartzen dioten obrek mesfidantza sor dezaketen arren —hutsalak direlako maiz—, esku artean dugun honek badauka egiantzekotasun bat bere deiadarrean: “Zuriak izutu nau./ Orrialdearen hutsune kalkulatuak kikildu nau./ Kurtsore dardaratiak mehatxatu nau./ Hizki bakartuak ikaratu nau./ Izkiriatzeari ekin diot, maldan behera,/ besterik ezean”. Idaztearen ariketa terapeutiko eta era berean segurantzagabea esploratu du idazleak. Berak ere badio maldan behera sentitu dela une askotan, ariketak berak gidatua, poema berez datorrela-eta harriturik. “Hori, plazer hutsa da. Ederra da hutsune bat nola betetzen den ikustea, eta idaztean sortu duzun beste hutsune bat zein adierazgarri bilakatzen den ohartzea”.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro