kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Izen baten promesa / Hedoi Etxarte / Susa, 2025

Collage Joxe Aldasoro / Deia, 2025-12-06

“Oihal, paper edo kideko gainazal batean argazkiak, paperak edo kidekoak itsastean datzan pintura-teknika edo teknika horrekin eginiko lana”. Konparazio zilegia iruditzen zait arte teknikarena eta Hedoi Etxartek ondu duen Izen baten promesa (Susa, 2025) lanaren artekoa. Ez da eleberria, ez da poesia, ez da saiakera. Ez da literatura, literatura nik ulertzen dudan moduan behintzat, baina literatura aurkituko duzu: olerkiak, eleberriak, orain modan dauden telesailen bat egiteko moduko abenturak eta pentsamendu asko. Filosofia, psikologia, politika. Letra xehez, txikiz, egiten eta idazten den politika: politika handia.

Aitor da protagonista. Aitor ez da pertsonaia, fitxaje ederra izan arren: Aitor Etxarte Berezibar (Arrasate, 1956 – Iruñea, 2020). Hedoi Etxarte aski ezagunaren aita zen. Pandemian hil zen, gazte. Aita! ez, ponteko izenez deitzen dion semeak abiatu du aita zuenaren gaztaroaren bilaketa. “Memoriaren jolasa. Bizirik dagoen bitartean egin ez eta damuak hartzen zaituenean”. Dolua dago lana idazteko eta gerora liburu forma hartu duen ikerketaren oinarrian. Aitor, aita eta pertsonaia publikoa. Bi plano. Bi pertsona. Edo ez.

Ateooi bizitzaren hainbat momentutarako erritualik ez izatearekin sortzen zaizkigun arazoak. Oteiza, eskultore eta arte teorilaria sobera ezaguna. Maitasunak, harreman sexualak, ohe borobilak eta guztia Opusen sorlekuan. Surrealismoa eta dadadismoa. Azken hitza wikipedian bilatu izan behar dut: konbentzio literario eta artistikoei aurre egin eta artista burgesari irri egin zien mugimendua. Trostky. Trostky asko. Eta komunistaren ondoan Atxaga, euskal letretako handia, musikari onak bezala, agur esaten ez dakiena. Berrogeita hamar urteko laguntasunak; zaletasun, bizitza, heriotza eta hileta zeharo desberdinekin. Eskultura. Judoka nafarra domina paparrean japoniarra garaituta eta japoniarra suizidatu. Komunista bat, Francoren garaipena ospatzeko antolatu ziren Xabierraldian tipi-tipa. Zelula, tendentzia eta zalea: ez modaz hitz egiteko, ez estilismoaz aritzeko, klandestinitateaz baizik. Terapia borrokara lotzea zenean. LAIA, Komunisten Ligakoak, LKIkoak, EASkoak, LCR, PTE, ORT, UGT, Comisiones, USO, Ikasleen Batzordea, LCR, Koordinakunde Feminista, CSUT, LAB. Abortuaren alde ez, abortuaren kontra zeudenek abortatzen zutenean. UNZUko saltokiko emakumeen greba. Banku atrakatzailea etxean, apopilo. Iraultza posible zela uste zen garaia. Euskara eta iraultza loturik unibertsitatean. Transexualitatea. Situazionismoa: ez dut hiztegian begiratuko. Garai hartatik aita putakumea zela besterik gogoratzen ez duena. Gaur egungo medikuen xamurtasun eta umiltasun falta. Linboa ateoaren ahotan, eta pentsamendutan. Birikak zauri eta zauriak harri, heriotza; nola kontatu, nola komunikatu heriotza. Hika, Viento Sur, Jakin, Argia, Zabalik, El Mundo, National Geographic eta Newton egongela berean. Post-estrukturalista: ez dut bilatuko. “Badakigu aitzindariak garela. Eta gure ostean etorriko da: izendatzea merezi duen ezer”. Potasas. Motor Iberica. “Francoren aurka iraultzaileek egin zuten borroka baina demokratek bete zituzten sabelak”.

Nik hartutako argazkiak, paperak edo kidekoak dira hauek, oihal, paper edo kideoan jarri beharrean, ordenagailuan itsatsi ditudanak elkarren ondoan, zentzu handirik gabe. Liburuak badauka, handia. Maitasuna, errespetua, malkoak.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak