« Collage | Garaien arteko solasa »
Etxeko leihoak unibertsora / Alba Garmendia Castaños / Txalaparta, 2025
Gure utopien bila Irati Majuelo / Berria, 2025-12-07
Etxeko leihoak zabaltzeko eskatzen digu Alba Garmendia filosofoak. Azurmendiren bueltan eratu den belaunaldi berri baten parte da, pentsalariaren lana ondratzeaz gain, harekin elkarrizketan gauza oso interesgarriak proposatzen ari dena. Horren adibide Iparrorratza bildumak dakarren saiakera hau.
Utopiaz ari zaigu idazlea, bestelako gizarteak irudikatzeko, aldatzeko, zalantzan jartzeko duen potentziaz. Filosofoak dioenez, oinarri politikoa eta estetikoa behar ditu, biak ala biak, utopia ez baita (edo ez baitu izan behar) programa politiko hutsa, eta ez baita fantasiazko irudipen xaloa. Utopia motor izan daiteke, errealitate ezezagunak zabaltzeko gaitasun estetikoa badu, eta imajinazio ariketa horretan, beti egongo da sustrai politiko bat, desiragarri ditugunen oinarri, utopietan zehazten baitugu gizarte baten alderdi oro: zein den naturarekin duen harremana, nolakoak diren eraikinak, nolakoa osasun-sistema, zein hizkuntzatan mintzatzen den utopia hori. Motor izan daiteke, hortaz, baina ez da beti eraldaketa sozialerako.
Saiakera generoaren izaerari bete-betean heltzen dio liburu honek. Ikerketa luze baten ondorio izanik ere, estilo akademikotik erabat urruntzen da, eta, hala, lortzen du irakurlearekin elkarrizketa bat sortzea, eta ez soilik informazioa ematea. Hau da, utopiaren inguruko ideia eta gatazka nagusiak biltzen ditu, bai, baina horiekin oinarria jarri eta, hortik aurrera, saiakeraren beste aldean dagoena xaxatu egiten du, kontrapuntuak iradokitzen dizkio, deserosotasunak planteatu eta galdera berriei ekin, Euskal Herriko adibide zehatzetan lurreratzeaz batera. Horretarako, gakoa da hizkuntza eta hizkera. Euskara aberats eta malguan idazteaz gain, zorroztasuna eta umorea konbinatzen ditu Garmendiak, eta gauza serioek behar duten tonu arin hori garatzen du era horretan.
Marko propioen aldeko aldarria egiten du halaber idazleak. Ildo horretan, saiakeraren amaiera aldera, mahai gainean jartzen du zalantza, Euskal Herriko testuinguruan egon ote den utopia kritikorik, eta, hala izan ezean, egon ote den bestelakorik. Edo hobeki esanda, behin gure markoak ezarrita, eredu hegemonikorik bilatu beharrik gabe, galdetzen du nola pentsatu edo irudikatu ote ditugun utopiak. “Idatzi ez dudan liburua da hori, eta ez interesik gabekoa”, dio Garmendiak. Idatzi gabeko horren esperoan geratu beharko dugu, beraz.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez