kritiken hemeroteka

8.610 kritika

« | »

Gainbehera dator dena / Chinua Achebe (Alberto Martinez de la Cuadra) / Alberdania-Elkar, 2007

Yeatsen belatza Niger gainean Bixente Serrano Izko / Berria, 2007-11-04

W.B. Yeatsek bezala, Bigarren Etorrera halako bat espero al zuen Chinua Achebek eleberri honetan? Anarkia hutsaren ondoren, Afrikan zerbait berririk sortuko zelakoan jarri ote zion titulu hori, Gainbehera dator dena, poeta irlandarraren The Second Coming poematik harturik? Baliteke, baina eleberriak kontatzen diguna gainbehera hutsa da, Afrikako herri kultura baten desegituraketa, europar kolonizatzaileen kulturarekin topo egitean jasanikoa. Halarik ere, zeharka baizik ez izanik ere (horrelako testuartekotasunaren bidez, hots, poema tragiko baina esperantzatsu horretatik hartzeagatik titulua), susma dezakegu nolabait Achebek, Yeatsek bezala, jaiotza berri bat espero duela kaosaren, erabateko hondamendiaren ondoren.

Idazle mezularia dugu Chinua Achebe bere ibilbidean. Mezu bat helarazi nahi du beti narrazioen bidez; inolaz ere ez, kasu!, panfleto literarioen bidez. Narratzaile soila, zuzen-zuzen doana irakurlearengana, bera lekuko duen errealitatea eskaintze aldera, prediku moralistetatik urrun: kontakizuna bera da mezularia. Idazle gisa ez ezik, Chinua Achebe pertsona ere mezulari eta engaiatua dugu Afrikako bizitza politiko eta kulturalean. Alberdania eta Elkar argitaletxeen lankidetzaren fruitu den Literatura Unibertsala bildumak ohiturik gaitu, hitzaurre efikazen bidez, euskaraturiko egile bakoitzari buruzko berririk funtsezkoenak jasotzera, hala biografikoak nola literarioak. Itzultzaileek beraiek egin ohi dituzte aurkezpen horiek, eta, kasurako, Alberto Martinez de la Cuadraren hamalau orrialdeko hitzaurrea interesgarria suertatuko zaio irakurle jakin-goseari, aise jabe dadin Achebek jokatu duen paper kultural eta politikoaz, Nigerian, Biafran, Afrikan eta mundu zabalean.

Eleberri honen tituluari ez ezik, egiturari ere erreparatuz gero, Yeatsen poemako belatzaren hegaldia eta aztoramena, euren segidan, etorri zaizkio irudimenera irakurle honi. Hiru zati nagusi ditu narrazioak, hamahiru atalekoa lehena, zazpikoa bigarrena, bortz dituelarik, aldiz, azkenekoak. Lehen zatian, hain zuzen, astitsuago doa bizitza eta haren deskribapena, iboen erkidego txiki batena, honen egunerokotasun, bizimodu, gizarte-antolamendu, kultura eta kosmogoniaren inguruan biraka, belatzaren goi hegaldi dotorearen antza. Mundu hori, alabaina, ez da mundu idiliko bat, bizia eta mugikorra baizik, eta, haren baitako dinamikaren ondorioz, aztoramena etorriko zaio protagonistari, dardara eginen diote bizi-erreferentziek eta “erdiguneak ezin dio eutsi”, Yeatsen poemako belatzari bezala: bigarren zatiari, laburrago eta azkarragoa, dagokio horren kontakizuna. Azkenik, hondamendia, abiadura handi eta tarte are laburragoan eroria, eleberriaren hirugarren zatikoa: “Anarkia hutsa askatu da mundu gainean”, giza komunitate haren mundu gainean, jakina. Erdigunearen eutsiezintasun eta hondamendia ibo horien eta kolonizatzaile europarren unibertsoen arteko talkak eraginen ditu. Talka horretan, afrikarrentzat anarkia hutsa dena “Niger behereko tribu primitiboen baketzea” izanen da komisario ingelesarentzat: ulertezina suertatzen zaiona etnia-azterlari paternalista —arrazista, azken finean— baten antzera ulertu nahiko du.

Europarron ikuspegia aldarazteko idatzi zuen Chinua Achebek bere hau. Kitzikagarria da jakitea gure estimu handiko Joseph Conrad bezalako idazleen pinturen aurreko erreakzio gisa ekin ziela gure egileak bere lan narratiboei. Eta zerbait lortu bada europarren begiak irekitze aldera, hau bezalako literaturari zor zaio neurri handi batean.

Azken kritikak

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Joxe Aldasoro

Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia

Aiora Sampedro

Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez

Mikel Asurmendi

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Maialen Sobrino Lopez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Asier Urkiza

Espekulazioak
Arrate Egaña

Nagore Fernandez

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Txani Rodríguez

Azken batean
Lourdes Oñederra

Mikel Asurmendi

Auzokinak
Gorka Erostarbe

Maddi Galdos Areta

Esker onak
Delphine De Vigan

Irati Majuelo

Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde

Gorka Bereziartua Mitxelena

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Hasier Rekondo

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

Hedabideak