kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Paziente isila / Alex Michaelides (Fernando Rey) / Erein, 2025

Altzeste eta Admeto Nagore Fernandez / Berria, 2025-06-08

Fernando Reyk euskaratu duen Alex Michaelidesen Pazienteisila nobelarekin eman dio hasiera Erein argitaletxeak bestsellerak euskaraz argitaratzeko ekimenari. Mundu osoan 6.500.000 ale inguru saldu dituen thriller psikologiko honi Agatha Christieren oihartzunak igarri dizkiot, eta esango nuke izenburuak berak ere egiten diola keinurik Christieren DumbWitness (1937) gogoangarriari. Michaelidesen nobelan, baina, isilik dirauena ez da, modu agerikoan behintzat, lekukoa; hiltzailea eta pazientea den Alicia Berenson arrakasta handiko margolaria baizik. Senarra tiroz hil eta zentro psikiatriko batean sartuko dute; bertan artatuko du Theo Faber protagonistak, eta isiltasunez beteriko euren hartu-emanek misteriozko hilketa baten inguruabarretara eramango dute irakurlea.

Thriller psikologikoa dela esan dut, baina ez pertsonaien psikologian arakatzeko eta pertsonaien soslaia eraikitzeko egindako apustuagatik bakarrik; irakurlearekin jolasteko autoreak erakutsi duen abileziagatik ere bada neurri batean psikologikoa. Horretarako, ispilu-jokoez baliatu da Michaelides, bai eta, horrekin lotuta, iradokitzeaz ere. Izan ere, pertsonaia nagusiak paralelismoz beterik karakterizatu zaizkigu: Alicia Berenson pazienteak eta Faber narratzaile-protagonistak, nork bere erara, baina familia-giro gatazkatsuak eragindako iragan traumatiko antzekoa konpartitzen dute; euren modus operandi-a ere, gainera, oso antzekoa dela konturatuko da irakurlea; biek dituzte arazo psikologikoak, dependentzia emozionala, baita engainuan eta adulterioan oinarritutako bikote-harremanak ere. Arteak, halaber, zentzu zabalean ulertuta, tramaren, pertsonaien eta irakurleen artean zubiak eraikiko ditu; mutu agertuko zaigun Alicia Berenson margolaria, hain zuzen ere, lengoaia piktoriko horretaz baliatuko da adierazteko eta kontatzeko. Joko horretan, Altzeste Euripidesen tragediak esangura berezia hartuko du, eta, irakurleari zer edo zer argitzearekin batera, tramari konplexutasuna erantsiko dio.

Dena den, alderdi horiek nobela interesgarri egiten badute ere, irakurlearen arreta beste estrategia batek elikatuko eta hauspotuko du: irakurlearen espektatiben horizontea iraultzeko autoreak erakutsi duen abileziak. Narratzaileak fikziozko pertsonaiei ez ezik, irakurleari ere iruzur egingo dio, baina narratzaile ez-fidagarri bat dela aurrez abisatu barik eta beste irakurketa-paktu bat eginda. Egia da ezusteko bukaerak eta plot twist-ak ez direla berritzaileak inondik ere thriller batez hitz egiteko orduan, baina besterik da harridura hori eragin nahi denean, lortzen den edo ez, eta lortzen bada, indartsua den edo ez. Eta kasu honetan autoreak biak lortzen dituela esango nuke: harritzea, eta, hain zuzen ere, espero ez denean harritzea. Autoreak jakin du balizko irakurlearen interpretazioa osorik eraikitzen eta aurretik pentsatzen, eta, ondorioz, jakin du baita ere hura oso-osorik deseraikitzen. Izan ere, nor da, funtsean, nobelako benetako paziente isila?

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak