« Eskulturen eta pinturen pisuaren adinako pieza literarioa | Altzeste eta Admeto »
Eromenaren laudorioa / Erasmo Rotterdamgoa (Julen Kalzada) / Pentsamenduaren Klasikoak, 1994
Bizitza ez da ezer besterik Aritz Galarraga / Berria, 2025-06-08
Ero, zoro, ertzoa, estigmatizatu eta baztertu izan da maiz, garai guztietan, ez beti irizpide psikiatrikoen arabera, ezpada portaera moral bati jarraikiz; baina, era berean, hartu izan da zerbaiten argigarri, egia ezkutu eta esanezin baten bozeramaile, alderantzizko mundu baten desiraren ordezkari, munduaren ordena errefusatzen duen neurrian. Erdi Aro-Errenazimentu arteko trantsizioan, adibidez, noiz, arrazionaltasunaren gorakada igarririk, hain justu gorakada horren kontentzio bezala. Adibidez, neurritasunaren eredu izan zen Erasmo Rotterdamgoaren ahotik, zeina ez zen ezkondu ez batzuekin (protestanteekin: haien aitzindaritzat zeukaten arren), ez besteekin (katolikoekin: barrutik bada ere, aldaketa nahi zuelako). Eromenari eskainitako laudorio bat idatzi zuen. Laudorio bat, edo hori uste dugu behintzat.
Kontua ez baitago hain garbi. Lehenik eta behin, ez baitu Erasmok hitz egiten eromenaz, baizik eta eromena bera jartzen du hizketan: “Beraz, gorespen bat entzungo duzue, baina ez Herkules edo Soloni zuzendua, neroni baino, hau da EROMENARI”. Eromena da eromenaren laudorio egiten duena, ondorioz, eta, ondorioz, hitz eroak direla pentsa genezake, zentzurik gabekoak; edo serioski hartu beharrekoak? Anbibalentzia erabatekoan gaude hasieratik. Oso zentzudunak dirudite bertako kritika batzuek, baina ez ditu filosofo jakintsu batek esaten; gutaz barrez ari ote da hizlaria? Orduan, zergatik egiten dugu barre guk harekin? Azkenerako, ondoriozta dezakegu eromena kasu batzuetan jakituria dela, beste batzuetan ohore egiten diola bere izenari… eta askotan ez dakigu zein aldetara jo.
Eromena, hartara, eromenaren bertuteez ariko zaigu lehendabizi, haren presentzia soilak gizajendeen arimak nola alaitzen dituen: “katamendaz nahastekaturiko nektarearekin horditurik egongo bazinete legez agertzen baitzarete, Homeroren jainkoen antzera”. Zein beharrezkoa den bizitzaren fazeta guztietan: matrimonioan, adiskidetasunean, seme-alabak ekartzean, haurtzaroan, zahartzaroan… Eta jarraian pasatzen da definitzera zer eromen mota den besarkatu beharrekoa, bi burutik sano ez egoteko-mota baitaude: “bata da Furia mendekatiek infernuetatik igortzen dutena (…), eta hilkorren bihotzetan ereiten gerra-irrika, edo urre-egarri aseezina, edo maitasun laidagarri eta erailea, edo guraso-hilketa, edo intzestua, edo sakrilegioa, zein antzeko beste izurriren bat”; “baina beste bat ere bada (…) Izpiritua ardura larrietatik askatu eta era askotako plazeren laguntzarekin gogoa leuntzen duena”. Eromen zoriontsu, gozo, atsegingarri horren aldeko aldarria da liburu osoa, bizitzaren alor guztietarako hain baliagarria. Jakitatea erlatibizatzen du, ezjakintasunaren alde egin (“ergeltasun” erabiltzen du, hain zuzen, Eduardo Gil Berak bere bertsioan, “eromen” orokortuaren partez): “Hainbat desiragarriagoa da (…) besterik gabe eta berezko senak soilik gidaturik bizi diren eulien eta txoriñoen bizitza”. Arrazoiaren gainetik, pasioa jartzen da; buruaren gainetik gorputza.
Eromena, hartara, eromenaren bertuteez ariko zaigu lehendabizi, haren presentzia soilak gizajendeen arimak nola alaitzen dituen
Liburuaren bigarren zati moduko batean, ezker-eskuin, hasten da kaskatekoak banatzen; jomuga ditu jakintsuak, noski, askazidunak, komertzianteak, estoikoak (gaizo estoikoak, liburu osoan zehar jasotzen dute), gramatikariak, artistak (poetak, luze gabe: “ez dute beste ardurarik inozoen belarriak losintxatzea baino”; oro har idazleak: “Irinzaku berekoak dira, orobat, liburuak argitaratuta betiko ospea irabazi nahi dutenak ere”). Eta hori, erasotzea baino atsegin ematea bilatzen duen liburu bat dela aitortu eta gero. Besteren gainetik, ituan ditu teologo, erlijioso, monje, errege eta gortegizon nagusiak; labur, boteredunak: “Uste dute duintasunez betetzen dutela agintariaren egitekoa ehizan sarri eginda, zaldi ederrak hazita, magistraturak eta prefekturak euren probetxurako salduta eta sistema berriak asmatuta hiritarrak diruz arindu eta bere otzarara biltzeko”. Edozein autoritateren aurkako asmoari ateak irekiko dizkion testu baten aurrean gaude.
“Humanismoko literatura latindarrak sortu zituen milaka eta milaka orrialdetatik, gaur egun oraindik bizirik eta irakurle kultu ororen eskura dirauten bakarrak Eromenaren laudorioa obrakoak dira zalantzarik gabe”, idatzi zuen Francisco Ricok. Stefan Zweigentzat, “inoiz idatzi diren panfletoen arteko eraginkorrenetako bat da”. Ildo bereko liburu tradizio bat abiatu zuen: Gargantua eta Pantagruel (Rabelais), Kandido (Voltaire), Tristram Shandy (Sterne), Rameauren iloba (Diderot); primerako literatura, inondik ere. Eta estigmatizatu eta baztertu izan den Eromena erdigunean jarriz: zalantza egiten du, kontraesanean erortzen da, bere burua zuzentzeraino iristen: “nahiz eta hobeto pentsatuz, orain esan dudanak ez bururik ez hankarik ez duen”. Maitagarria da azkenerako. Sarkasmoa eta irakaspena nahasten ditu, umore trufazkoa eta seriotasun eruditua. Artea jolas bat dela pentsa genezake, hortaz, ados, baina jolas seriosa. Arina, zorrotza, zirtolaria, dudazkoa, bizitza bera bezalakoa: “izan ere, giza bizitza ez da ezer besterik eromenaren jolas bat baino”.
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Asier Urkiza
Paziente isila
Alex Michaelides
Nagore Fernandez
Eromenaren laudorioa
Erasmo Rotterdamgoa
Aritz Galarraga
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Mikel Asurmendi
Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga
Jon Jimenez
Amaieratik hasi
Naia Torrealdai Mandaluniz
Amaia Alvarez Uria
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Aitor Francos
Urrats galduen hotsa
Luis Garde
Jose Luis Padron
Simulakro bat
Leire Ugadi
Ibon Egaña
Bigarren sexua
Simone de Beauvoir
Mikel Asurmendi
Hezur berriak
Ane Labaka Mayoz
Maddi Galdos Areta
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Aiora Sampedro
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Mikel Asurmendi
Baden verboten
Iker Aranberri
Asier Urkiza