kritiken hemeroteka

8.514 kritika

« | »

Coca-Cola bat zurekin / Beñat Sarasola / Susa, 2024

Eskulturen eta pinturen pisuaren adinako pieza literarioa Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2025-06-05

Abiaburuan

Eskulturen eta pinturen —koadroen— pisuzko pieza literariotzat jo dut, Beñat Sarasolaren Coca-Cola bat zurekin saiakera. Iruzkin honentzako izenburua behar nuen idazten hastean, eta horratx. Prefosta, izenburu batean ezin bildu buruan dudana, dudan guztia alajaina.

Saiakera izendaturik ere, harago doan pieza literarioa dugu nik uste. Izenburua bera poema batez ari zaigu. Frank O’Hararen poetak Vincent Warren bikoteari eskainitako poema. Dantzaria bera. Badira poema gehiago horregatik ere. Badago estetika eta poetika bat liburuan: bereziki pertsonaia nagusiak edota protagonistak diren bi artista horien harremanetan islatua. Tira, nobela gisara ekarri izan da, eta baditu hamaika motibo horrela izendatua izateko.

Nondik norakoak

Liburuaren sinopsi moduko bat eskaini behar, eta to eta no, ez da aise gero. Ez da liburu samurra. Hauxe nire gomendioa: liburuaren kontrazalera jo eta hartu haria: “Frank O’Hara poetak zuzendutako lehen erakusketaren pase berezia New Yorken. 1960ko uda. Espainiako pintura eta eskultura berriaren lagin on bat biltzea da ideia, eta hautagaien artean daude nazioartean sona hartzen ari diren Oteiza eta Chillida izeneko artista bi ere…”.

Abiaburuan gaude, artez ari gara, zinez. Liburu honetan bidaiak berealdikoak dira. Hiriak ere halakoxeak. Eta noski, berebizikoak dira ere liburu berean lantzen diren gaiak; munduko hainbat hirietako museotan erakusten diren arte-lanak, besteak beste. “Politika” bera ere, handi-handika, gaia baita liburuan. Bestelako gaia, bistan da. Orokorrean erranik eta arteari dagokionean: hainbat eta hainbat arte espresio dituzu —liburuan— lantzen agertzen eskaintzen direnak. Nork landuak dira arte-espresio horiek? Bada, liburuaren Zerrenda onomastikoa-ko (315 o.) artistek landuak. Imajina itzazu, artista plastiko horien guztien lanak. Horien erreferentzia egin aldera idatzi dut iruzkin honen izenburua.

Hiriz hiri, bidaiaz bidaia. Batzuetan abioez, trenez eta autoz bestetan, barkuz anartean. Azken horiek oso luzeak. Iragan mendeko (1959-1965; New York-Donostia, Irun, Baiona, Montevideo tarteko, besteak beste) erdialdetik aurrerako urteetan bidaiatuko duzu aipatu protagonista horietako batekin: Frank O’Hara. Ez da protagonista bakarra, erran bezala. Artista andana dugu pertsonaia nagusi biren artean eta euren alboan. Hala berean, artistak izan gabe ere, artea posible egiten dutenak dituzu partidakoak. Horixe duzu O’Hararen kasua. Artista da, poeta izan zen —ez da fikziozko pertsonaia—, pertsona erreala izan zen, eta aldi berean, arte artezlaria, erakusketen eta galerien komisarioa. Ez da soslaia horretako bakarra liburuan deskribatua. Andana dira ere, bestalde, politikariak. Andana ere museoak, besteak beste, baina bereziki Guggenheim delakoa.

Horien artean dituzu Oteiza eta Chillida eskultoreak, errana dut jada. Baina “gureak” direnez gero, euskal artistak, alegia, azpimarratzekoak dituzu biak ala biak. “Gureak” idatzi dut, kakotxen artean. Izanik ere, frankismo garai hartan —eta gero ere, naski— artista espainiarrak baitziren izan. Iritzia ematen hasita nago, beraz, azal ditzadan liburuak nigan utzitako inpresioak, arrastoak.

Artearen artean

Coca-Cola bat zurekin, arte plastikoaz bere-bereki ari den literatura lana duzu. Bereziki baina ez horretaz soilik. Artearen inguruan “egosten” diren bizipenen errepresentazio gisako bat ere baduzu. Artisten beraien errepresentazio modukoa, baita artearen kontura bizi dutenena ere, baita artearen politikaz eta politikaren “artea“-z bizi direnena ere. Hots, arteak arte, artea diziplina espresio estetikoa da, baina artea da ere berau kudeatzen dutenek “egiten” dutena. Arte interesatua, alajaina!

Artea, berez, eta esplizituki, artistena eurena da bereziki, edo hala behar luke izan. Ez da horrela ordea, artea bereziki eta inplizituki, haren kontura bizi direnena ERE duzu eta. Batzuk arteak berak ematen duen diruaren “maitaleak” dituzu, bestetzuk, arteak berak errepresentatzen dituen “espresio bizi eta arimadun”-en maitaleak. Arteaz idatzi du idazleak, halaxe ari zaigu liburua. Honako oihartzunak dantzut: artea errealitatea konprenitzeko espresioa izateko jaioa izaki, artea bera errealitatearen simulakroa bihurtu daiteke.

Liburuaren atalen artean

Hainbat dira arte espresioak, hainbat ere euren sailak. Halakoxeak dituzu ere liburu honenak. Erran nahi baitut, artisten arteko harremanez beste, artea kudeatzen dutenen harremanez beste —komisarioak eta politikariak; euren ondoko sekretaria-sekretarioenak tarteko—, maitasun historia duzu liburuan: maitasun istorio bat; Frank eta Vincentena. Badaude, halaber, euren alboan bizi eta ari diren bertze batzuen istorioak: artisten bizipenak, oro har eta orobat. Pasarte horietan ageri dira komunzki, liburu honen poetika eta estetika. Badira ere pasarte ludikoak: Spanish Diary delakoaren bitartez narratua, konparazioenera.

Beñat Sarasolaren eskaintza literario hau, piezarik pieza osatuta dago; bozetoz bozeto eta puskaz puska gauzatua. Hibrido totala. Artista plastikoen ildoan eta moldean zertua. Liburuak baditu horregatik bere arriskuak. Galdera zenbait sorrarazi dizkidatenak. Nire motzean, aise eraginak. Alegia, testuak berak dira zalantzak sorrarazi dizkidatenak. Erran nahi baitut: zein neurrian diren bereak eta zein neurrian itzuliak? Jakin badakit, itzultzea bera sortzea dela. Zein neurrian diren idazleak berak asmatuak? Galderak dituzu, alajaina. Demagun, ez denak, testu errekreatuak direla. Edo batzuk halakotsuak direla. Inpresio bat duzu. Inpresionismoa artean nola, halatsu nire baitan.

Narratzaileak zenbat dira? Noiz da Frank O’Harra bera narratzailea noiz da Beñat Sarasola bera? Noiz ote Joe laguna? Hainbat dira, noski, taxu horretakoak. Axola al da? Eskertzak delakoak sorrarazi dizkit, berretsi dizkit, liburua irakurri ahala nituen galderak. Bereziki, Abestia eta Cohasset poemen osteko atala irakurritakoan. Sentitzen hasia dut, orduantxe, gain-gainean, soinean, sentitu ere, liburuan agertzen diren eskulturen eta margoen pisua. Idazlearen beraren eskaintza literarioa pisua bihurtzen ari ote zitzaidan sentitu dut, horregatikan.

Oharra: azken paragrafo horretan idatziak ez ditu ondorengo Vincent eta Franken sexu eta maitasun ataleko eszenak gutxiesten ez errefusatzen. Ostera, New York, 1959/11/03 atala bikaina iruditu zait.

Nire sentipen horiei ordura arte sentitutako zirrarak eutsi die, beraz. Sarasolaren obra hau maitatu dut. Ez sentitu edo maitatu soilik, bizi izan dut, arte-espresioa arrazoitzen saiatzen naizen neurrian bizi ere. Artea ez bide da arrazoi soilez azaltzen ahal, esplikatzen ahal… Hala omen. Hala ei. Neronek baina, arrazoitu gabe ezin berau bizi, arranopola. Ezin bizi espresio artistiko bat, ezin bizi bizitza bera ere, nonbaitan!

Coca-Cola bat zurekin liburua taxu ganora eta anbizio handiko egitasmoa begitandu zait. Alimaleko lana. Chillida edo Oteizaren eskulturen pisukoa. Hala berean, aipatu poemaren beraren taxua baino aise handiago da liburu honen asmoa, baita aise konplexuagoa, bistan da. Horregatik edo, eleberri gisakotzat hartu eta irakurtzekoa. Arte lan guztiak legez, egitasmoa hel ezina da nire aburuan. Tesi akademiko baterako txostenak izaki nolabait/nonbait, pieza bateko literatura bihurturikoa ote? Arte garaikidearen gainean eta inguruan lan literario hibridoa bihurtua? Galdera biak, baiespen legetxe ere har zitezkeen. Alta bada, literaturak literatura, hibridoak hibrido, galderak gailentzen zaizkit, galderek gainditzen naute alajainkoa!

Nolanahi den ere, historia lan bat ere bada. Espainiako historiaren une bat, Euskal Herriarena barne; haren barnean baita. Frantziara ere zabaltzen dena. Gure Iparraldea haren partea da eta. Amerikako historiaren parte bat ere ageri da. Aldian aldikoak, hala Ipar Ameriketakoak nola Hego Ameriketakoak. Ez ditut katalanak ahantzi gura. Alabaina, haiek aipatuta, hainbat herrialdetako artistak aipatu barik laga ditut ezinbestean. Arteak berak herrialde katigatuak, uztartuak…

Nahi gabe ere, hainbat post scriptum ditut buruan. Ez naiz luzetsiko, ordea. Hots, Eduardo Chillidaren egitasmo isilak, Jorge Oteizaren aieru ozenak edota Nestor Basterretxearen izaera gozoa ezagutu nahi izatera —ez osotoro, noski— euren bizi-puska handiak aurkituko dituzu liburuan. Interesgarriak? Batzuentzako interesgarriak, beste batzurentzat, beharbada, soberazkoak. Euskal artearen pasarte ezagunak. Arte adituentzat ezagunak betiere. Edonola diren ere, irakurri beharreko liburua duzu. Ez da pasa oharkabean. Orainean eta geroan ere, artearen bidean literaturaren arrastoak laga(ko) ditu daborduko, jada.

Esaldi errekurrente batzuekin bukatu beharrean nago: artistak artista, euren atzean beste motako artistak izaten dira sarritan. Belzunce edo Carreño deiturakoak, kasu. Tira, Pilar eta Itziar ez dira bakarrak. Basterretxearen gibelean —gizon xumea izanagatik— nor izan zen ez dut akorduan. Liburuan zehar baina, hamaika dira pertsona(ia) horien taxukoak. Euren parte-hartzerik gabe, ez litzateke arterik izango. Hala berean, liburu honek ez luke izaterik Eskertzak delako txatalean izendatuak diren pertsonek parte hartu gabe.

Azken kritikak

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Asier Urkiza

Paziente isila
Alex Michaelides

Nagore Fernandez

Eromenaren laudorioa
Erasmo Rotterdamgoa

Aritz Galarraga

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Mikel Asurmendi

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Jon Jimenez

Amaieratik hasi
Naia Torrealdai Mandaluniz

Amaia Alvarez Uria

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Aitor Francos

Urrats galduen hotsa
Luis Garde

Jose Luis Padron

Simulakro bat
Leire Ugadi

Ibon Egaña

Bigarren sexua
Simone de Beauvoir

Mikel Asurmendi

Hezur berriak
Ane Labaka Mayoz

Maddi Galdos Areta

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Aiora Sampedro

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Asier Urkiza

Artxiboa

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

Hedabideak