« Altzeste eta Admeto | Literaturak paradisuaren desengainua eskaini behar digulakoan »
Iragan atergabea / Julen Belamuno / Elkar, 2025
Hil ala bizi Asier Urkiza / Berria, 2025-06-08
Idazlea argitaratzen berandu hasitakoa bada ere, hazten joan da azkenengo urteetan Julen Belamunoren obra. Iragan atergabea du bere laugarren lana, hirugarren ipuin liburua. Oihartzun handirik gabea izanagatik bere orain arteko ibilbidea, obra trinkoa osatzen dute kaleratutako aleek. Kontatzen denari adina kontatzen den moduari garrantzi handia ematen dioten idazleen taldekoa dugu Belamuno. Hori bera jarrera bat da egungo literatur munduan.
Zazpi kontakizunez osatuta dago liburua, luzeran antzekoak. Lehenengo eta hirugarren pertsonaren artean ibiltzen da idazlea. Gai aldetik ipuinen artean antzekotasunak daudela esango nuke, alegia, badaudela guztien gainetik hegaka dabiltzan bizpahiru gai nagusi. Heriotza eta iragana lirateke bi nagusiak. Narrazioetako pertsonaia asko adinean sartuxeak dira, hurbil ikusten dute bukaera eta horrek, ezusteko gertaera baten bitartez gehienetan, iraganera begira jartzen ditu, beren bizialdia berraztertzera behartu. Hori gertatzen zaio Itsas hilerria lehenengo ipuineko protagonistari, zeina berrogei urte lehenago gertatutakoa oroitzen hasten baita. Ipuin horretan, beste askotan bezala, heriotzak ere presentzia handia du. Hil nahi duena bizitzara ekartzen tematzen da lurperatzailea, eta azkenerako, obsesioak erasanda, eldarnio moduko batean berak hil ote duen galdetzen dio bere buruari. Aitortu izan du Belamunok William Faulknerren zale sutsua dela eta hala ipuin horretan nola beste batzuetan argi samarra da bere eragina.
Obsesioak jaten ditu pertsonaietako batzuk, Uraren dohainak kontakizuneko protagonista alarguna, esaterako. Beste horrenbeste gertatzen zaio Seinale-mutilaren balada-ko protagonistari, burutik ezin ken dezakeela 30 urte lehenago ezagututako emakumea. Kintako azkena hiltzearen ideiarekin, berriz, sukar ametsetan dabil Finalistak azken ipuineko Gabino. Guztien obsesioek denboraren igarotzea harrapatzearekin bat egiten dute, iragana ezin berreskuratzearekin. Denboraren korronteari aurre egiteko indarge sentitzen dira; urteetan desio eta nahien txotxongilo izan ondoren, kontzientzia pizterakoan jadanik beranduegi dela sentitzen dute. Ahulguztidunaren ezinak liburuko apaizari huraxe gertatu zaio, hil hurren bere bizitza fartsa bat izan dela konturatu baina ezer egin ezin dezakeela hura aldatzeko.
Bestalde, ipuingintza onaren ezaugarri zenbait antzematen dira ipuinetan, hala nola fikzioaren eta errealitatearen arteko jokoa edota amaiera esperoezinak. Prosista oso ona da Belamuno, batik bat hirugarren pertsona darabilenean hizkera zehatzez deskribapenak egiten eta giroak sortzen asmatzen duena, bizitasun handiko idazkeraz, gainera. Lehenengo pertsonaren erabileran tarteka tonuarekin huts egiten du, ordea, pertsonaien tonua berdinduta ageri baita, neutroegi. Ipuin batzuei, halaber, ahulagoak iritzi diet, hala nola Sasoi gordinak gogora. Edonola ere, aipagarria, oso kontuan hartzekoa da Julen Belamunoren azken lana, literarioki seriotasun handikoa. Hil ala biziko literatura, alajaina.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi