kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Zeruak eta ifrentzuak / Jon Arano / Elkar, 2007

Sinismenen amaiera Javier Rojo / El Correo, 2007-11-03

Jon Aranok bere ibilbidea egin du euskal literaturan, eta badaki oso ondo non kokatu behar duen bere burua langintza honetan. “Zeruak eta ifrentzuak” izeneko poema liburu hau batzuei gustatu egingo zaie, beste batzuei ez; baina, modak moda, idazleak egin nahi izan duenaren ondorio da. Izan ere, Jon Aranok bere poema liburu hau egiterakoan, heterodoxiaren ildoan kokatzen du bere burua, behin baino gehiagotan euskal literaturaren barruan emaitza interesgarrienak eskaini dituen ildoan, alegia. Kasu honetan, heterodoxia ideologikoa ez ezik estetikoa ere erakusten digu bere poemetan. Hasteko, bere planteamendu ideologikoan ikus dezakegu ukazioaren jarrera hartzen duela beretzat. Jainkoak sinisten ez dituen subjektu poetikoa aurkezten zaigu, baina sinismen hori galdu duen subjektuak ez ditu beste jainko batzuk jartzen haien ordez. Horren ordez, gehienez ere, mitomano baten idolo txikiak —eta ironikoak— baino ez dira aurkezten poema hauetan. Sinismenak galdu dituen subjektuak ukazioan oinarritutako antisinismenak dauzka euskarri moduan. Edonola ere, batzuetan, sinismenaren nostalgia moduko bat nabaritzen zaio idazlearen maskara izan daitekeen subjektu poetiko horri, eta behin eta berriro betetzen du testua erlijio erreferentziekin. Horren adibide izan daiteke zeruaren aipamena askotan agertzea, eta zeruarekin batera infernuarena, haren ifrentzuarena. Izan ere, idazle bat heterodoxoa denean, “bide zuzena” dauka kontraerreferentziatzat, eta bide zuzen horretatik aldentzen den neurrian bihurtzen da heterodoxo. Honelako poesian, subjektuak itxaropenak galdu dituela esan daiteke. Jainkoak desagertu ondoren, ezerk ez baitu betetzen utopiaren lekua, eta, azkenean, bizitzea eta bizirautea sinonimo dira. Poemak antolatzeko eta gauzatzeko orduan, bestalde, idazleak esku artean izan duen lanabesik garrantzitsuena hoskidetasuna da. Hitzen soinuek berek osatzen dute poema eraikitzen duen ardatza. Hitzek beren soinuetan beste hitz batzuk ekartzen dituzte gogora (“infernua” / “ifrentzua” bikotea, adibidez), eta, nahi gabe, irakurleak horrela loturik agertzen diren hitzen artean harreman bereziak bilatzen ditu, eta bide surrealistetatik bideratzen da. Soinuetan oinarrituta, idazleak ez du arazorik esanahi misteriotsuz beterik dauden hitz berriak asmatzeko. Hor ere ikusten da idazleak bide errazak utzi dituela alde batera.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak