« Isiltasuneranzko bidaia | Utopia akuilu »
Ehun zaldi trostan / Ainhoa Urien / Elkar, 2025
Usainen oroimena Aitor Francos / Bilbao, 2025-06
Ainhoa Urienek (Abadiño, Bizkaia) 2020an plazaratu zuen saiakera bat Pamielan, Xabier Leteren poesiaren inguruan: Poesia zaurien ukendu (Xabier Leteren arrastoan). Arabako Foru Aldundiko Ignacio Aldekoa beka irabazi zuen ipuin modalitatean, eta horri esker, aurrera atera ahal izan du Ehun zaldi trostan, Elkarren, lehenengo fikziozko lana narraziogintzan.
Ehun zaldi trostan, zazpi ipuinak autonomoak dira, bai, baina ez guztiz. Batzuek besteak baldintzatzen dituzte, batzuen eta besteen artean hariak luzatzen dira, eta dituzten elkarreraginez ohartuko dira irakurle arretatsuak; grabitate puntuak dira, batzuk besteekiko. Eleberri laburrak edo eleberriak izan zitezkeen pasarteak dira, ipuinak izateaz gain. Horrela, hainbat nobela batean harilkatu ditu Urienek, eta hari oso fin eta ikusezinez harilkatu ere. Interakzio horretan, pertsonaiek ipuinak zeharkatzen dituzte, batetik bestera pasatzen dira, eta batean protagonistak direnak, besteetan bigarren plano batean agertzen dira. Pertsonaiak errepikatzen dira ardatz bat dagoelako.
Hasierako ipuinari esker gainerakoak kontzebitzeko bulkada izan zuela adierazi du elkarrizketa batean; lehenengo idatzi hark lurrikara baten moduko lurrun-presioa sorrarazi ziola. Abiadura lasaiko narrazioak dira, seguru asko lehenik eskuz eta astiro-astiro idatzitakoak. Ziur nago luze egon dela Urien pixkanaka-pixkanaka ipuinak berridazten. Estilo oso pertsonalekoak, denak; landuak, trebetasunez txirikordatuak, eta euskara dotore baten jabe direnak. Ipuinak baino atmosferak dira, benetan ukigarriak, ia dastatu daitezkeenak. Estiloa, beraz, mugikorra da, istorioaren arabera, nahiz eta lirikotasuna izan nagusitzen den ezaugarrienetako bat. Zer kontatuko duenaren arabera tonua egokitzen du, arinago edo biziago eginez, edo deskriptiboagoa, esaldi luze eta korapilatsuen bitartez, zuzenagoa edo gogoetatsuagoa, gaiak eskatzen badu. Argi dauka idazleak ze generotan kokatzen den liburua, baina generoaren arau hertsatzaileetatik urruntzen da, era berritzaile eta askatzaile batean.
Kontakizun gehienetarako hirugarren pertsona hautatu du, bitan izan ezik: Olinpiadek lasaitu egiten naute (lehenengo pertsonan mintzatzen da) eta Atzera kontaketa bat katastrofera. Azken hau ez da erabat egokitzen gainontzekoetara. Fabula politikoa da, eta liburuaren barne koherentzia apurtzen du. Orwellen Abereen etxaldea ekarri dit gogora; animali espezieek haien arteko nolako harremanak eratzen dituzten arabera, botere eskala bat eraikitzen da.
Ez da idazkera batere zalantzatia Urienek darabilena: prosak sendotasuna erakusten du, are gehiago lehenengo lan bat izateko. Kontalari baten edo bestearen hautaketa ez dirudi, hain zuzen, aurrez pentsatutako gauza denik, kasualitatezkoa baino, testuak, zuzenean, idatzi eta garatutakoan eskatu diona. Intuizioa, beraz, liburuaren motorretako bat da. Intuizioa, eta sentsibilitatea, alegia.
Gai oinarrizkoenak identitatea eta jatorriarena dira. Baita belaunaldi-artekotasuna ere. Eta, noski, herria —edo, zehatz-mehatz, baserria— eta hiria diren bi munduren arteko talkarena. Batetik bestera doan bidea da liburua; ihesirako bidea, batzuetan, eta itzulerakoa, besteetan. Ez dira, ostera, inola ere kontrako esparruak, baizik eta osagarrizkoak, hibridazioan daudenak, azken batean, behin eta berriz elkarrekintza baten grabitatean dabiltzanak.
Izenburua dena bada ere ia ez da agertzen zaldirik liburuan. Ezta portadan ere; aldiz, eulien zinta bat, baserrietako nahiko elementu bereizgarria, da azaltzen dena. Irakurleak barruan aurkituko duenaren aurrekaria, egiazki. Galdera erraza da, orduan: zenbateraino dauden atzituta pertsonaiak egoera edo sentsazio batzuetara? Betiko espazioei fidelak, haietatik urruntzerakoan ere. Sakabanatzen dira, hedatu, zatikatu. Anbibalentzia baten aurrean daude: bi memento, bi tokien artean.
Han nonbait aipatzen da; Pedro Paramo. Eta egia da zeozer dutela hemengo giroek Comalatik, mamu-herriaren itxura bat behintzat bai antzematen dela hainbatetan. Idazleak garatutako sentsorialtasunerako joerak altxatutako sareak babespe ikaragarria ematen die pertsonaiei. Gehienak identitate bat bilatzen ari dira. Iraganean utzitako nortasunen bat, edo guztiz berria den baten eske. Eta zeregin horretan diharduten bitartean, nahitaezkoa zaie espazio propio bat izatea da, babesleku bat, etxe bat. Ez bakarrik etxe fisikoa, baizik eta usainez edo bestelako zentzumenez, sinbolikoki eginiko etxea. Usainek identitatea sortzeko ahalmena dute, lekuetara lotzen gaituztelako, beste zentzumenak baino askozaz errazago gainera. [Denak du usaina baserrian, usain sarkorra gehienetan. Simaur usainak sudur-zuloetan azkura eragiten du udan, animalien pixa eta kaka hondarren nahasketa ukuilutik atera eta belazeak ongarritu behar diren sasoian. (85.orr)]
Dualismo horretan mugitzen da liburua, dagoenaren eta ez dagoenaren artekoan, kontatzen ez dena kontatzen dena bezain inportantea delarik. Izaera den itzala zeharkatzen datozen alegiazko zaldi fantasmagoriko, astun baina arinen hankak garenaren hautsa astintzen dute, bideak zabaltzen dituzte gure aurrean, baina bakarrik iraganetik askatu ezinik bagabiltza; trosta oihartzunez egina dago, ahotsez, zaratez; atzetik aurrerako mugimenduez.
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Asier Urkiza
Paziente isila
Alex Michaelides
Nagore Fernandez
Eromenaren laudorioa
Erasmo Rotterdamgoa
Aritz Galarraga
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Mikel Asurmendi
Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga
Jon Jimenez
Amaieratik hasi
Naia Torrealdai Mandaluniz
Amaia Alvarez Uria
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Aitor Francos
Urrats galduen hotsa
Luis Garde
Jose Luis Padron
Simulakro bat
Leire Ugadi
Ibon Egaña
Bigarren sexua
Simone de Beauvoir
Mikel Asurmendi
Hezur berriak
Ane Labaka Mayoz
Maddi Galdos Areta
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Aiora Sampedro
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Mikel Asurmendi
Baden verboten
Iker Aranberri
Asier Urkiza