kritiken hemeroteka

8.508 kritika

« | »

Katua usategian / Agatha Christie (Koro Navarro) / Igela, 2006

Usoetako bat, katu? Inma Errea / Diario de Noticias, 2007-05-06

Ingelesez, katua usoen artean paratu edo uzteak arazoak eta istiluak sorraraztea esan nahi du. Agatha Christieren nobelan, ia kontakizunaren erdia iragan eta gero agertzen da lehen aldiz esapide hori, 154. orrialdean, Eileen Rich irakaslearen hitzetan: “Nire iritzian, bada hemen okerreko zerbait (…). Gure artean egotea ez dagokion norbait balego bezala (…): katua usategian, irudipen klase hori. Gu gara usoak, denok, eta katua gure artean dago. Baina ezin dugu katua ikusi.”

Horixe, katua —kasu honetan, hainbat irakasleren hiltzailea— nor den asmatzea da nobelan bere 362 orrialdeetan barna irakurleoi egindako proposamena. Horretarako, Agatha Christiek Britaina Handiko goiko gizarte-mailako neska gazteen heziketa egokia helburu duen Meadowbank ikastetxeko giroan murgilduko gaitu, eta hor halako ikastetxeek ohikoak dituzten moldeekin eta pertsonaiekin —itzal handiko irakasle burutsuekin, familia aberatsetako ikasleekin…— eginen dugu topo. Ez dira faltako ingelesen artean oro har eta Agatha Christieren nobeletan partikularki hain maiz agertzen diren ekialdeko herrialde urrunetatik iristen zaizkigun oihartzun exotikoak.

Kultura ingelesaren baitan klasikotzat jo dezakegun giroan, Christiek hilketa batzuen egilea nor izan daitekeen paratuko digu amu, eta gero, gure kabuz igarri ezin izan dugulakoan, Christiek sortutako lehen detektibea sarraraziko du agertokian, beste behin: Hercule Poirot belgiarra. Horrek argituko intriga.

Baina detektibe-nobeletan desegiteko proposatu ohi den korapiloarekin batera, beste hainbat hari mugitzen ditu Christiek nobela honetan: Honoria Buldstrode ikastetxeko zuzendariak erretiro hartzekotan dabilela bere postua betetzeko irakasleen artean abiarazitako hautatze-prozesu bitxia, nazioarteko gorabehera politikoak, Ekialdeko eta Mendebaldeko tradizioen elkartze zaila, arrazakeria…

Osagai horiekin nobela betea eraiki zuen Christiek, misteriozko nobelen zaleak asetzeaz gain bestelako irakurleongan ere interesa pizteko gauza dena.

Batzuek diotenez, Agatha Christieri “liburu polit entretenigarriak” egitea gustatzen zitzaion, eta zeregin horretan zinez ibilbide luze eta oparoa osatu zuen: intrigazko 80 bat nobela eta antzezlan, 1920tik —hots, Hercule Poirot detektibea lehen aldiz protagonista izan zuen The Mysterious Affair at Styles lehen nobela idatzi zuenetik— 1976ra arte —hil zen urtera arte, alegia— idatziak, eta dozena erdi bat nobela amodiozko, Mary Westmacott ezizenarekin sinatuak.

Horietatik guztietatik batzuk-bATZUK euskaraz irakur ditzakegu, hala nola Txertoak eskainitako Monsieur Poiroten ikerpenak (1989) eta Hamar beltx (1990), Hiriak argitaratutako Gizon mantsoa (2004) eta Igelak kaleratutako Orient-Expresseko Hilketa (2004), Roger Ackroyden Hilketa (2004), Eta ez zen alerik ere geratu (2005), Heriotza Nilo Ibaian (2006) eta, azkenik, gaur hona hizpide ekarritakoa, Katua usategian, Koro Navarro misteriozko literatur-lanez bezainbatean eskarmentu handiko itzultzaileak euskaratuta. Detektibe-istorio zale euskaldunok badute zerekin gozatu.

Azken kritikak

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Jon Jimenez

Amaieratik hasi
Naia Torrealdai Mandaluniz

Amaia Alvarez Uria

Simulakro bat
Leire Ugadi

Ibon Egaña

Bigarren sexua
Simone de Beauvoir

Mikel Asurmendi

Hezur berriak
Ane Labaka Mayoz

Maddi Galdos Areta

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Aiora Sampedro

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Asier Urkiza

Diesel
Bertol Arrieta

Nagore Fernandez

Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark

Jon Jimenez

Basokoa
Izaskun Gracia Quintana

Joxe Aldasoro

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Mikel Asurmendi

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Artxiboa

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

Hedabideak