kritiken hemeroteka

8.768 kritika

« | »

1.280 arima / Jim Thompson (Xabier Olarra) / Igela, 2006

1.280 lagun bidaide Karlos Del Olmo / Eizie.org, 2007-05-07

Eleberri honetan aurrera egin ahala, irakurleak hozkirri zirraragarri moduko bat sentituko du, susmotik hurbil den irudipen bat: Nick Corey, protagonista, dirudien bezain ergela da ala hogeigarren mendeko literaturan asmaturiko pertsonarik azkarrena eta bihozgabeena ote? Bizitzan helburu bakartzat txortan egitea, jatea eta potro jorran jardutea besterik ez daukan lagun txatxu hura gauza izango da bere jomugarantz gezurrez, satorlanez eta hildakoz ehundutako bide sare okergunez bete batetik zuzen eta artez joateko.

Eleberri beltz honetan aukera izango dugu artaburu psikotiko baten burutik ibilaldi haluzinatu bat egiteko, eta bide horretan ez dira faltako umore beltzezko mugarriak: ezin bestela jazo. Sheriffaren zoramena egia absolutuz beteta dago, ordea, bakarrizketa ero horretan botatakoak ez dituzte erraz irentsiko eta digerituko bizitzan, oraindik, esperantza edo erruki printzaren bat gordetzen dutenek. Disimuluak ez du eleberrian balio, den-dena larrugorririk dago.

Ahozko erregistroetatik oso hurbil idazten du Thompsonek, ez baitzen alferrik izan zine gidoilari ospetsua ere (Atraku perfektua, Loria bideak, Ihesa); nabarmena da Xabier Olarrak hizkera lagunarteko eta bizia islatzerakoan egindako ahalegina.

Eleberri beltza landutako beste idazle batzuen antzera, Jim Thompsonek duela berrogei bat urteko estatubatuar gizartearen itzalen berri ezin hobeto eman zuen, bestela baitakoan, Europan egiten zen errealismo berritik oso hurbil. Kronika sozial beltz hark ez zuen beren-beregi politika aipatzen, baina irakurleek erraz uler zezaketen barne eduki politiko ez hain ezkutua. Jakina, genero beltza Sorgin Ehizaren atzaparretatik urrun geratzeko moduko metafora edo parabola kritikoen babesleku egoki samarra gertatzen zen.

Generoak goiti-beheiti, XX. mendeko estatubatuar nobelagintzako idazlan benetan handi baten aurrean gaudela esan beharrekoak gara. Zuhurtzia literario bikain halako batez idatzita dago, teknika harrigarri eta eraginkor bat lagun —lantzean behin, zabarra zela aurpegiratzen zioten arren—: erritmoa estuki neurtuta dago, guztia kontrolpean, esaldiak ondo haztatuta, eszenak fin pisatuta. Protagonistaren zorotasuna estilo hipnotiko moduko batean emanda heltzen da. Literatura unibertsalaren kanonean agertu behar luke, edizio ohardun batean, Faulkner, Melville, Twain edo Capoteren ondo-ondotxoan. Zor bat bera ere ez dielako: estiloa indartsua da, narrazioa ezinago bizi eta freskoa, hizkera eta ideiak bezainbeste, garapen korapilatsua alde batera ezin utzizkoa, narratzailearen buru zokondoak sinesgarriak oso; eta horretaz guztiaz gain, legerik oneneko literatura ere eskaintzen du, pertsonaia erretratu ikaragarri sinesgarria ez ezik. Estatu Batuek bizi izandako garai jakin —eta latz— batean kokaturik egonda ere, eleberria erraz bihurtzen da noiznahiko, amerikar lurralde guztiz zibilizatu gabeko batean gertatzen den aldetik. Pertsonaiak sano primitiboak dira, ikasgabeak, latzak, bortitzak, ekanduko sinesmen humanitario gehienetatik urrunduak.

Edizioak orrazturen baten bat behar du, testuan han-hemenka laprastadatxo batzuk agertzen direlako; huts gehienok, halere, ez dute irakurketa desitxuratzen. Bestalde, gauza jakina da zenbait itzulpenetan izenburua itzultzea izaten dela latzena. Honako honetan, gaztelaniaz bezala, amerikar herri prototipiko bateko biztanleria aipatzeko, arima berba aukeratu du itzultzaileak; tradizioan batzuek halaxe erabili zuten arren, gaurko irakurle batzuk okerbidera eraman litzake izendatze horrek, izenburua, bene-benetan, populazioaz ari dela konturatu arte. Baina, narratzaileak dioen legez, auskalo, beste edozein gizakume zorritsuk adina dakit nik: bat ere ez.

Azken kritikak

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak