kritiken hemeroteka

8.571 kritika

« | »

Hitzetik ortzira / Ana Urkiza / Balea Zuria, 2024

Oro errana dago, baina ez nork bere orroz Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2025-10-02

Hitzetik Ortzira taxuz begiratu artean, ez dut jakin aforismo-liburua denik. Aforismoek ez dituzte aforo handiak betetzen, pentsatu dut. Ez dituztela literaturaren lehiaketako estadioak betetzen, erran nahi dut. Halarik ere, aforismoek badute izana, hala edukiera nola neurria izan ere.

Aforismoek ez dute forofo anitz inguratzen. Hots, aforismoak ez ditu jarraitzaile grinatsuak biltzen, aforismoak ez dira zale-sutsuek animaturik. Jainkoak jainko, deabruak deabru, arimarik arima, izurrak izur, tolesak toles, aforismoek pasioa amatatzen dute eta arrazoinamendua biziarazten.

Aforismook izurren garrantziaz jabearazi naute. Ana Urkiza bi arimaren jabe egin bide da, eta bietako bat deabruari saldu ei dio. Bertzearekin zehazki zer egin duen ez dakit. Edo bai? Izan ere, aforismook nire larru-azalaren izurretan arima bi piztarazi dizkidate. Hitzetik Ortzira joateak —zerua goian eta infernua beherean ibiltzeak— izurrak ukiarazi dizkit, baita nire kontzientzia uzkailarazi ere.

Nekeza zait oso —sano zaila— aforismo-liburu bati buruz deus erratea. Aforismoek berek erran baitute jada, erran beharrekoa. Neronek erran dezakedan apurra errana dago, naski. Liburua kaleratu zen egunean eta haren biharamunean errana alegia, hala —alegiazko— prentsan nola hedabideetan.

Ama eta aita. Semea eta alaba. Emea eta arra. Ez dago arra-emea entelegatzerik bikoz-biko izaki edo izaki-binariotzat hartu ezean. Arra naiz, baina ez osoro. Emea ere banaiz, ez eroso halere. Oro ez da urrea, emea ez da oro; ez bata eroso ez bertzea osoro izan ere. Agidanez, ia-ia dena dago errana. Ez nik, alafede.

Emeez eta jakiteaz

Arra emearen larru-azalaren izurretan bizi da. Ar arrotz-harroa izaki. Emearen larru-azal-jantzia arraroa zaio arrari: larru-azal-biluzi-bitxia. Emeari arraren zaia arrotza zaio halaber: azal-arrotz-arraro-harro luzea. Arra nola emea, bata bertzearekiko ez-jakinak dira; elkarrekilakoak. Arra harro arra da, bi bider harro alegia. Emea berriz, arra aske delakoan, gatibu bizi da arra. Den-dena da egia, dio arrak. Den-dena gezurra, emeak. Iruzurgileak dira. Iruzurrek bizi dituzte biak ala biak, egia larru-azalaren izurretan delakoan.

Ametsez eta bizitzaz

Nork bere ametsak bizi ditu. Nor bere ametsak bizi da. Bizidunok izaki bereziak gareneko usteak, mentsen amets ustelak dira. Konparazioenera, euskaldunok ere erdaraz egiten dugu amets. Euskaldun ezkertiarrek ere, erdaldunek nola, eskuinaldera agonduta egiten dute amets. Bizitza osoa dugu gibelean eta herio beti doa aitzinean, herio gibelean joan izatearren. Bizitza aitzin-gibel ametsa da. Antzina ametsa zen, eta gaur egun halaxe da ere. Askatasuna amets akastunek eragin ondorio bizia da.

Zalantzez eta denboraz

Zalantza da ahoan daukagun hobia. Gure hortz arteko hortzoi eta oia. Gure ele zalantzazkoen min bizia. Ahotik irten barik, duda-mudazko mintzo-ahia. Mintzoaren hortzoi, hitzen hobi, eleen arteko oi. Adina pilatu adina lertzo metatua —bihurtzen— da mintzo-ahia. Haurtzarorako bidea berregin ezinean, denboraz denbora, itzulera gabeko zahardadera garamatza herio-zoroak.

Arnasaz eta arriskuez

Bizitzeko arnasa hartzea aski balitz, ez genuke hitzen beharrik izango. Mintzoa galdera-arrapostuen txori-zori-askea aski litzaiguke, baita gure arnasa mintzo-hutsa izan ere. Hitz eman beharrean hats emango genuke. Sinesmen oro ez litzateke espetxe; ez litzaiguke espetxe izango, alafede.

Isiltasunaz eta galerez

Isiltasunak gure mintzoa salatzen du. Isiltasuna ele garratz-garrasien mintzo ezin asea da. Mintzo mindua mintzo galdua. Arrazoiak gure ele isilen oihartzun burrunbatsuak dira. Gure mintzoaren galerak. Duban diren gauzak mespretxatzen ditugula dio aforismo-eme-egile honek. Baita bizidunok —arimadunok, naski— pentsamendua mespretxatzen dugula erran ere. Pentsatzea duban da, dio. Pentsamendua duban ez ezik, nire pentsamendua dudan daramat isiltasunean. Gal(d)erak dudan ditut. Arrapostuak dudan eta duban.

Itxaropenaz eta aldaketez

Ez dugu etorkizuna zertan oztopatu, patua destinoan ostatu baitzen iraganean. Hitzak mintzoa osatzeko ekintzaren beharra nola, hitzek emeen ekimena behar dute —behar dugu— halaber. Eme eta arren arteko arazoak ez ditugu egundo konpondu, arazoak ezin baitira osoro konpondu, ez arreglatu ere. Arazoak konpontzeko arazoak eraldatu behar dira. Sartu gaitezen gure baitan, sartu gaitezen gure izanaren izurretan.

Eskarmentuaz eta konfiantzaz

Mundua errepikatzen ari gara. Ari da emea ari da arra. Daukagun eskarmentuaren zatitxo bat ganoraz erabiliko bagenu, gure bizi-esperientzia alimalekoa litzateke. Garen animalia arrazoidunarenak ez ezik, gure izurretan bizirik ditugun bi arimaren esperientzien jabe izango ginateke. Errugabeak hala nola hobendunak gara aldian. Garen neurrian eta dugun edukian garelako izan. Arima biek elkar maitatu nola gorroto dutelako elkar. Biak ala biak, gure larru-azal-izurretako galdera-erantzunak arrazoiz josiak baitaude: “Baielako”.

Ana Urkizaren aforismook galderez josita naramate galeretan. Izurretan eta tolesetan naukate josita, arrapostuak arrazoiz josi beharrean.

Egiez, azkenik

Ez da sekula berandu, ezta egiez deus errateko ere. Baietz erraten ikasi dut azkenik, gezurrak gibelean egiak aitzinean. Gizona eta pertsona naiz. Ez pertsona bera ez gizon bera ere, Hitzetik Ortzira ibili ostean.

Ortzitik itzuli ostean

Hitzetik Ortzira joaki naiz. Hortzak ele-ontzian. Eleak mintzoan. Eleetatik zelietara ibilki naiz, bi arimek animaturik nonbait. Tolesak izurtzen ari(tu) naiz, baita iruzkin hau hartara iruzurtu ere. Iruzkin-iruzurtia nauzue.

Amak ez zidan izurren garrantziaz jabearazi. Aitak, berriz, ez ninduen iruzurren arriskuez ohartarazi ere.

Oro errana dago, baina ez nork bere orroz, iruzkin-iruzur honetan ageri denez.

Azken kritikak

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Akabo
Laura Mintegi

Jon Jimenez

Akabo
Laura Mintegi

Asier Urkiza

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya

Nagore Fernandez

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Maddi Galdos Areta

Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria

Jon Martin-Etxebeste

Hitzetik ortzira
Ana Urkiza

Mikel Asurmendi

Askatasun haizea
Javier Buces

Irati Majuelo

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ibon Egaña

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Aiora Sampedro

Meditazioak
John Donne

Mikel Asurmendi

Zorretan
Agurtzane Intxaurraga

Nagore Fernandez

Etiopia
Bernardo Atxaga

Asier Urkiza

Artxiboa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

Hedabideak