« Gaurdaino datozen egun haiek | Oro errana dago, baina ez nork bere orroz »
Isileko kantak / Patziku Perurena / Pamiela, 1993
Isileko kantak Maite Lopez Las Heras / kmk.gipuzkoa.eus, 2025-10
Patziku Perurenak inork baino hobeki ezagutzen ditu euskal usarioaren koloreak. Aristotelesek kolore guztiak zuriaren eta beltzaren konbinazio desberdinen ondorioak direla esanagatik, grekoentzat beren zazpi koloreak naturalak omen ziren, euren zazpi bokalak bezala, musikako zazpi notak bezala. Eta koloreak edozein hizkuntzatako tradizioan ez ezik, edozein tokitan, gauzetan eta sentipenetan ere aurki daitezke. Zarataren koloreaz ere ohartarazi gintuen teoria batek, eta horrela jakin genuen argiak soinua margo dezakeela.
Isiltasuna, berriz, gauaren sabela bezain zuria omen da, apaiz baten sasikumea den Fidelen isileko kantak aitzakiatzat hartutako olerki baten arabera: “Isiltasuna zuria da; atsegina grisa, eta / tristura horia, sagar umoen gisan”. Ondorengo guztia sortuko duen haziaren parekoa da, beraz, isiltasuna, zuria, bizi berrientzako lehengaia, bizimuina. Sarrionaindiak ere Koloreen sailkapen primitiboa lanean aipatu zuenez, hiru ibai dabiltza munduan: zuritasunarena, gorritasunarena eta belztasunarena. Eta zurikoak dira, hain zuzen, ilargia, semena, esnea, garbitasuna, bizitza, eta abar.
Eta oker gabiltza itxaropena berdea dela uste dugunok, desioa gorria edo euskara koloreanitza dela, Afroditaren tronuaren parekoa, horrela jarraitzen baitu aurretik aipaturiko poemak: “Esperantza marroia, desioa berdaska / eta amodioa beltza, elurraren seaskan”; eta segitzen du, esanez: “Euskara ere horizta da, zeruko lizardian / eta erdarak oro du urdin, lurreko izardian”. Horiaren gaztelaniazko etimologiak amarellus amarus izenondoaren txikigarria dela adierazten du, zeinak mingots esan nahi baitu. Eta garaiak garai, politikaren kolorea “gorotz ustel urdina” dela esan genezake.
Goizuetako poetaren Isileko kantak liburuak biltzen dituen olerkiok, ordea, isilekoak izanagatik, oihu gisako egiaz beterik daude, ederki josiak eta bikaintasunez eraikiak. Fidelek poetarekin berarekin izandako solasaldien antzera, gai askori buruzko poemak dira, gai absurdoak, hain zuzen, apaizaren seme ezkutuaren esanetan. Hala nola heriotza, isiltasuna, hutsa, denbora, maitasuna edo gizamina, eta abar. “Hozkaka urratzen du historiaren haragi zaharra / egia haundien tartean gezur ttikiak bilatzeko”.
Zarataren kolorea bereizteko, bestalde, ez zaio hotsari erreparatu behar, argiari begiratu baizik. Argitara begiratzeak itsutzeko beldurrez, harrabotsean murgiltzen ditugu gure zentzumen guztiak sarri askotan, egiaren bidea handik urrun dagoela jakitun, lotsa eta beldur guztiak argitik jaiotzen direla jakinda. Baina jakin badagiku, halaber, egiak Apoloren geziak baino mingarriagoak izan daitezkeela, eta argiak gardentasun gehiegi izan dezakeela. Haatik, askoz hobe da argitara begiratzea eta korapilorik ez egitea arnasarekin.
Margolanak mihise zuria behar du margolan izateko. Musikak, berriz, isiluneak behar ditu, notak bezainbeste, doinu izateko. Isileko kantek ere udazken ilunabarreko koplak behar dituzte, eta gau ehundegiko baladak, edo atseginaren musika zaharra, isiltasuna abestu ahal izateko. Zarata behar baita isiltasuna egoteko, eta maitasuna, edo hark berez dakarren mina, bizirik gaudela jabetzeko. “Maitasuna, burni urtua da larrupean / kehe isil urdina, bihotz biren sutan”. Maitasunik ba ote dagoen galdegiten du poetak, baina ederki asko daki berak edertasunak ez duela axola akordurik ezean.
Eta denbora heriotzerako bidaia baizik ez denez, hitzak behar ditugu, ahobiko arma zorrotzak, isiltasunera irauli ahal izateko, ezereza kontatu ahal izateko. “Harrian disekatzen dira hitzak / baina, harriak ez du hitzegiten”. Harriaren gogortasuna eta gelditasuna behar ditugu, gureak eta besteenak diren hitzak gure baitan metatzeko, eta isiltasunaren jakinduriaz gozatu ahal izateko.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi