« Poesiak badu zer kontatzerik | Esan nahi zutena eta esaten digutena »
Kontra / Ane Zubeldia Magriñá / Susa, 2025
Gorputzak dio Maddi Galdos Areta / Argia, 2025-10-05
Hatz-mamiekin jarraituta irakurtzeko azalerak bildu ditu Ane Zubeldia Magriñák bere lehen poema bilduman: ur gainak, zuhaitz larrutuak, oin zolak, ertzik gabeko harriak, muga zurrun edo hauskorrak eta esku ahurrak irakur daitezke, besteak beste, Kontra liburuan. Orain arte itzulpengintzan eta hitz esaneko Mejillon Tigre kolektiboan aritzeagatik izan da ezagun, besteren artean, hondarribiarra; eta orain grabitateari men egin eta “gorputz dugun / mundu / txiki / hau” aditzeko gonbita ederra ondu du 46 olerkiokin.
Izan ere, ukitzea galdegiten ei du kontra egoteak, eta azalak zedarritutako gorpuztasuna, ukitzeak. Gauzak horrela, atentzioa ematen du gorputzek, beren geruzek, adierazpideek eta mugimenduek bilduman duten lekuak; preseski, gorputz idatzi soilak izatetik harago, gorputzak berak idatzitako poemak baitira bertakoak, gorputzari nolabaiteko ahotsa ematen diotenak.
Kontaktua eta keinuak aletzen ditu poetak, horretarako muturretan kokatu ohi ditugun baina uste baino gertuago direnak baliatuta: hitza eta isiltasuna, mugimendua eta geldotasuna. Ni poetikoa barnearen eta kanpoaren arteko muga lausoan kokatu eta biak bereizezin balira legez azaltzen dira, Smalldance II poemak argiki azaltzen duen moduan: “begiak ixten baditut / dena dago nire barruan“. Horretarako darabilen paisaia poetikoan gailen dira urak eta lurrak, eta deigarria da aldaketa zein denboraren joana adierazteko darabilen era, grabitateari, frikzioari, sedimentazioari eta naturan zein gorputzetan gertatzen diren bestetzuei egindako erreferentziak tarteko.
Aipatutako ahots hori lortzeko errepikapenak, bereizi gabe idatziriko hitzak (“odoladurzorne“) zein apropos urrundutakoak eta onomatopeiak darabiltza, besteak beste, Zubeldiak, eta adierazgarri dira testuaren barruan txertatutako testuak: beste batzuei entzundakoak topa genitzake, baita poema bat ere poema baten barruan.
“Hizkuntza guztiak ulertzeko zorian / banengo bezala sentitzen naiz hemen / isiltasunetik gertu” diosku, hizkuntza guztiak hitzezkoak ez direla gaineratuta. Horrekin, irakurtzetik harago jo eta zentzumen oro baliatuta leitzeko aukera da Kontra.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro