« Gorputzak dio | Norberaren tranpan harrapatuta »
Poesia guztia / Safo (Maite Lopez Las Heras) / Balea Zuria, 2020
Esan nahi zutena eta esaten digutena Aritz Galarraga / Berria, 2025-10-12
Greziako aro arkaikoaren loria, pentsamenduaren, sorkuntza artistikoaren eta oro har bizitzaren eitearen maila guztietan igar litekeena, aro horretatik iritsi zaizkigun lagin urrietatik bakarrik ondoriozta daiteke. Eraikinen hondarretan, txanponetan, eskultura ataletan, edalontzietan, aipuetan, papiro pusketan edo pergamino biribilkietan iraun duten zati, hondakin, arrastoetan. Horixe da, adibidez, Kristoren ustezko jaiotzaren aurreko VII-VI. mendeetan jardun zuten poeta lirikoen patua (salbu, akaso, Pindarorena). Luze gabe, Saforena.
Hamar bat poesia liburu idatzi zituen guztira, bederatzi liriko, eta bat elegiakoa. Baina berrehun pasarte inguru baino ez dira iritsi gugana (eta horietatik herena irakurgaitz). Saforen obra osoaren hogeirena besterik ez dugula ezagutzen, alegia. Duela 2.700 urte idatzia, hainbat bertute egotzi izan zaizkio mende hauetan zehar, bai eta beste hainbat makurkeria ere. Beti positibo: kalitate literarioa, ekarri zuen berritasuna, aitzindari sena. Platonek zera esan zuen: “Batzuek diote Musak direla bederatzi. A ze arduragabekeria. Jakin dezatela hamargarrena dela Safo, Lesbosekoa”. Denboran gertuago, Ezra Pound: “Muina ezagutu nahi baduzu, Safo, Katulo, Villon”.
Muina da Safo; beraz, muina da haren poesia; literalki, gainera, sarri xamar eskeletoa, are hezur solte batzuk baino ez. Anjel Lertxundik erabiliko luke tesela, eta teselekin osatutako mosaikoa. Page DuBois, bestela: testu hautsiekin osatutako testua. Denborak egin du hemen korrupzio lana, editore trakets eta auskalo nartzisista batek guraizeak behar baino askoz gehiago sartu izan balitu bezala. Baina poztu beharko ginateke, ohituta gaude, pasa dira poesia esperimental eta abarrekoak; gaur egungo irakurleak ezagutzen du elipsia. Hots, Saforena ez dela soilik filologoentzako denbora-pasa; baizik eta bizi-bizirik dagoen poesia.
Erdigunea betetzen du, nabarmen, Erosek, ados, egia da. Ez dira gutxi maitasun-desioari eskainitako poemak. Pasio horren sintoma fisikoen kontaketa bikaina da, esaterako, Maite-sua izenekoa: “zuri begiratu orduko,/ hitzak ez zaizkit atera ere egiten” maiztu batekin hasten da, baina segida du, in crescendo, apoteosikoa: su mehe bat azalaren azpitik, begietatik ez du ezer ikusten, burrunba bat besterik ez du entzuten, izerdi hotza, dardara, lasto horia bezala dago, eta heriotza hurbil sumatzen du. Edo estasi sentsuala iradokitzen duten elementuak darabiltza, sagar, arrosa, hosto dardarti, belaze, udaberriko lore, ezti, haize gozo, girlanda, urrezko edalontzi, nektar, Kretatik deitu poeman bakarrik. Homoerotikoa da, klarki, grina-objektua sarri: “Ager zaitez, Gongila, hona,/ deika nabil eta; zatoz esne koloreko soinekoarekin:/ zure edertasunaren inguruan dabil orain/ desioa!”. Eta Maitasunaren definizio gogoangarri bat dakar Gozo eta mingotsa poemak, belaunaldiak zeharkatu dituena, baina gaur egunean berdin iradokikor suertatzen dena: “Berriro astindu nau Maitasunak,/ piztia gazi-gozo garaitezinak”.
Alabaina, ez da bakarrik Maitasunaz ari, eta gai are politikoagoak ere jorratzen ditu. Edo batzuetan biak, maitasuna eta politika, nahasten, bakezaletasunaren himnotzat har daitekeen estrofa eder honetan, adibidez: “Batzuek diotenez, zaldizko tropa bat da/ lur ilunean dagoen gauzarik ederrena;/ beste batzuentzat, berriz, infanteriazkoa;/ eta besteen arabera, itsasontziena;/ niretzat, ordea, norberak maite duena da”. Ez da soilik intimista, beraz, eta gai orokorrekiko ezjakin, baizik eta arazo publikoez arduratzen da, ospearen galeraz edo itsas komertzioaren arriskuez; arazo gizatiarragoez, eta ama izango du mintzagai, anaia, alaba (senarrik ez da inon ageri), baita zahartzaroa (eta zahartzea), gaztaroa, geroa ere (“Uste dut norbait gutaz gogoratuko dela oraindik”). Michel Onfrayk hedonismoaren aitzindaritzat dauka; ez nau harritzen, Dionisori egiten dio eskari, “kopak hartu eta topa eginez”.
Puntu honetara iritsita, galdera: hain garaikidea ote da Saforen poesia? Edo guk egiten dugu, gure begiek, gure irakurketak hala izatea? Esan nahi baita, orain artekoak ikusita, badirudi Safo kasik iraultzaile bat izan zela, edo askapen sexualerako mugimenduko militantea. Eta halako interpretazioak arriskutsuak izanik ere, anakronismoetan erortzea oso erraza baita, egia da poemok, oro har literatura, garai bakoitzetik irakurri baino ezin dugula, ez hainbeste Safok bere garaian esan nahi zuena zehazteko, baizik eta poemek gaur egunean zerbait esango badigute; literatur lan batek gaur guri hemen zer edo zer esatea, horrek egiten du literatur lan hori, garaietan gaindi, bizirik mantentzea. Beraz, gehienez ere, esan genezake Safok, halabeharrez, bere garaian existitzen ez ziren baina gure garaian baliagarri diren kontu batzuk adierazi zituela. Eta ondorioz bere poesia ez dela soilik dokumentu historiko, ez bakarrik garai baten testigantza, baizik eta gaur egunean erabat irakurgarria. Zeina izan daitekeen literatur lan bat klasiko bilakatzeko lehen ezaugarria.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi