kritiken hemeroteka

8.763 kritika

« | »

Silueta / Harkaitz Cano / Susa, 2025

Ahots bilduma Ibon Egaña / Deia, 2026-01-31

Badira iruzkintzeko zailak diren liburuak. Eta badira iruzkingilea absurdotik eta erridikulutik hurbil sentiarazten duten liburuak. Harkaitz Canoren Silueta bigarren multzo horretakoa da. Existitzen ez den nobela baten inguruko 31 iruzkinekin osatu du idazleak liburua, eta nahitaez sentitzen du batek bere burua idazleak proposatutako jolas-tranpan harrapatuta iruzkin hau idazten hastean, meta-iruzkinen kate infinitu bateko katebegi, idazlea eta liburua bera ertz batetik irribarre ironikoz begira dituen bitartean. Baina, jolasaren enbidoari baiezkoa emanda, betoz lerro batzuk gehiago Siluetari buruz esandakoak gizentzera.

Talde armatu baten bahiketa bati buruzkoa da Silueta, Canoren liburuaren barruko nobela idatzigabea. Ez digu idazleak haren sinopsirik aurreratzen, ez tramarik, ez pertsonaien soslairik. Kritikak irakurri ahala doa irakurlea nobela hura zeharka, puskaka, berreraikitzen. Iruzkingileek emandako epai eta juzguetatik, besteren irakurketaren galbahetik eraiki behar dugu Silueta, baina ez argumentua soilik, baita pertsonaien arteko harremanak, narratzaileen aukeraketak, nobelaren postura ideologiko-politikoak eta abarrekoak ere. Inoiz erabat atzitzen ez den obra da nobelaren barrukoa, irrist egiten diguna eskuartetik, eta hor dago liburuaren plazer iturri handietako bat: pista oker eta zuzenen bidez, papur txikien bidez nobela baten soslaia nola eraikitzen doan irakurlearen baitan, eta nola irakurle bakoitzak berea osatzen duen ezinbestean. Ez da berria bahiketa politiko bati buruz hitz egiteko asmoa Canoren obran. Soto eta Zeberio desagerraraziak protagonista zituen Twist eleberriak egin zion tarterik, bigarren planoan bazen ere, ingeniari baten bahiketari, eta badirudi halako egoera bat, bahiketarena, narrazioaren erdigunera ekartzearen zailtasunaz ere mintzo dela zeharbidez Silueta.

Liburua osatzen duten 31 iruzkinek idatzi gabeko liburuaren hamaika ertz plazaratzen dituzte, baina jakina denez, kritikek sarritan gehiago esaten dute iruzkingileaz hizpide duten liburuaz baino. Edo, Ricardo Pigliaren hitzetan esanda, kritika oro da autobiografia mota bat, eta, hein horretan, Siluetak kritikaz mozorrotutako 31 ahots eta biografia ere biltzen ditu. Canok artez erreproduzitzen ditu diskurtso kultural ugari: memoria eta gatazkari buruzko ikuspegi antagonikoak dituzten ahotsak, kritika feministatik mintzo direnak, diskurtso akademizistak eta herrikoi-ustekoak, Ipar zein Hego Euskal Herrikoak, gazte-nahiak eta kutsu zaharrunokoak… Izen-abizen eta biografia jakinik ez duten 31 ahots horiek, hala, oso identifikagarri egiten zaizkio maiz irakurleari, Canok abilezia aparta baitu gaur egun euskal kulturaren inguruan zirkulazioan dauden diskurtso askotarikoak imitatzeko eta fikziora emateko. Eta hein horretan nobela-ez-den-nobela hau nobela bihurtzen duen alderdietako bat da, hain zuzen, gizarteko ahots askotarikoak biltzeko, testu polifoniko bat osatzeko duen gaitasuna.

Kultur eta literatur munduko mintzamolde eta ikuspegiak imitatzerakoan, baina, beti dago distantzia bat, exagerazio bat, eta testuak maiz hartzen du kutsu ironikoa, parodikoa, baita auto-ironiko eta auto-parodikoa ere. Irribarretik barrera doan tartean irakurri ditut liburuko orrialde ugari, Canok proposatutako jolasak asko du-eta umoretik. Aldi berean, baina, literaturari buruzko kezka sakonak jartzen dira mahai gainean, eta literatur testuaren ezagutza eta kontzientzia erabatekotik idatziak dira gogoeta literarioak. Irreberentziaren eta ardura etiko-estetikoen artean dantzan dabil liburua, dantza aske, zoro eta gozagarrian.

Azken kritikak

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak