« Ahots bilduma | Eztabaida aldiro »
Bazter utzietan / Karlos Linazasoro / Elkar, 2025
Bazter utzietan Maite Lopez Las Heras / kmk.gipuzkoa.eus, 2026-02
Kutxa Fundazioa Irun Literatura Saria bigarrenez irabazi zuen Linazasorok 2025eko Euskarazko poesia sailean, bazterrean uzteko modukoa ez den Bazter utzietan poema-liburuari esker. Poetaren ohiko estiloari jarraiki, amodioak ardaztuko du olerki-bilduma goitik behera, eta batez ere bizitzaren ziztuak nahitaez eta oharkabean bazter uztera garamatzan xehetasunei erreparatuko die gorantasunez.
Azaleko iruditik hasi eta olerkien taupadetaraino bete-betean ageri da Linazasororen ahots poetikoa. Inoiz ahazten ez duen maite izango da olerkion hartzaile zuzena sarri askotan; txoriaren isiltasuna, berriz, poetak kanta ezin ditzakeen hitzen abestia. Hitz guztiak sortu ahal izateko, isiltasuna ireki beharko litzateke. Nork daki, baina, zer den isiltasuna? Txoriaren hegaldiak, argiaren iluntasunak, fereka baten lorratz eternalak edo euri-langarraren mirak gizakiagotzen gaitu, bazterreko keinuei bizitza dariela gogorazten diguten ateak zabaltzerakoan. “Badakizu etortzen barrurago, oi, maite, / nire muinen leherkunderaino sarri / eta atea beti irekita dago zaunkaz, / entzuten dituelako zure urratsak / geroz eta hurbilago, lurrin goxoan bilduak, / ezinago bertan eta hala ere hain urrun”.
Batak bestearen beharra izatearen aldarria izan daiteke amodio erromantikoaren funtsa. Oro baina zu ez besterik, diosku tolosarrak argi eta garbi liburuaren lehen atalean. “Maite, ez nazazu bila edonon. / Ez han edo abandonuan / edo bide laiotz galduetan”. Biren lekua edonon ez dela gogorarazten digu poetak maisutasunez. Batak besteari uzten dion lekuari buruz ari da, itxarote hori baita maitasunaren zuhaitzari eutsiko sustraia. Iraupena bera baino askoz sendoagoa da itxaronaldiaren enborra, “ezen haritz baten atzean ezkutatu ginen betiko, / biok elkarrekin, ezpain zuritan blai, / betiko adberbioak unerik llaburrena / baino ez duela adierazten jakin gabe”.
Zerura begiratzeak, bestalde, ez du esan nahi derrigorrez zerurik egon behar duenik. Begirada da gakoa. Zeri begiratzen diogun, eta nola. Eta begiratzean zer jaso dugun bueltan. Alegia, begiradaren ordainak zer eragin duen gure baitan. “Begira jendeari: / kale erdian gelditzen da, / eta supituan, nola ez dakiela / bere izena galtzen du, / hankak eta bihotza eta irria, / besterendu egiten da une batez / betiko, eta beste norbaiten / izaera hartzen du”. Lekua edozein delarik ere, beti bakardadea da, denok baikara bat, eta gero beste bat, tokiaren eta unearen arabera.
Litekeena denborak kezkatzen ez duen poetarik inoiz ez izatea. Inoiz ez izateko ere, hain zuzen, denbora aipatu behar da, eta bizitzeko birikak ezinbestekoak diren hein berean ohartu gara ahulak garela. “Hautsi egiten garelako / jotzen dugu aurrera”. Dagoenaren eta ez dagoenaren artean xerkan dabilen norbait gara, guztiaren eta ezerezaren artean bere burua kokatu nahian dabilen inor ez. Olatu baten ondoren beste batek oinak bustitzen dizkigularik jabetzen gara: “Halaxe gu ere: / egunero-egunero hausten gara / atzera berriro beste gizaki bat / izaten jarraitzeko”.
Bizitza atzean uzten dugu zerumugarantz txalupaz hurbildu ahala. Urratsak dagoeneko ez dira gureak. Jatorria, orain, beste nonbait dago, helmugan, akaso. Jada bizitza bana bizi izan dugu, besteentzat izango dena, aurrekoek guretzat bizi izan zuten gisara. Eta, gero, isiltasuna, oinaze guztiak ezabatu dituen garrasi baten ostean. Itzultzen tematzen gara, Odiseo izango bagina lez jokatzen dugu, ohartu gabe abiapuntutik beretik hasi ginela itzultzen. Peneloperen senarrak ondo asko zekien, ordea, bide zuzena galtzeko erarik ederrena zela.
Gizaki bakoitzak bere infinitua omen du. Inork ez omen dio bereari sinesten. “Baina, oi, maite, zuk badakizu: / infinituak ez bagina, / ez ginateke besoen besoetan inoiz hilko”. Maitatzea, ordea, ez da hain erraza. Ezinezkoa, poetaren arabera. Maite dugunaren eta maite nahi genukeenaren arteko arrakalak osotasunez maitatzearen ezintasuna gordinki biluzten du. Leonard Cohenek maisuki abestu zigunez, aitzitik, pitzaduratik sartzen da argia.
Katulo latindar poetaren gai nagusia, orobat, Lesbiaren txoritxoa zen gisara, Linazasororena txantxangorria izan daiteke, eta maite euskaldun olerkigilearen Lesbia. “Maitasunak uzten dituen zaurietan. / Horiek guztiek zamatzen dizkidate oinak”. Neguan, berriz, orbel bakoitzarekin liluratzen gara, eta bizitza negutzen hasten zaigunean, txori bakarrarekin gelditzen ikasi beharrean eta galmenditik babestu beharrean, bizitzaren ostean heriotza eta, ondorioz, ahanztura baizik ez dagoenez, honako hau aholkatzen digu poetak edertasunez: “galtzea ere ez legoke gaizki, / inoiz galdu ez dena betiko galduko baita”. Zer da, beraz, bizitza, “dena galtzeko irekitzen dugun hegala” baino?
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi