kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Amorante frantsesa / Miren Agur Meabe / Susa, 2025

Poesiak badu zer kontatzerik Hasier Rekondo / blogspot.com, 2025-10-05

Odiseatik eta Iliadatik hona poesiak istorioak kontatu ditu, Homeroren kasuan epikotasuna zuen ardatz. Gerora, esaterako, Orlando Furioso zalditeriazko poeman Ludovico Ariostok epikotasun horren ifrentzu gisa orrialde satirikoak oparitu zizkigun, eta Italo Calvinok bere irakurketa pertsonala eskaini prosa poetikoa erabiliz. Hortaz, Miren Agur Meaberen (Lekeitio, 1962) Amorante frantsesa (Susa, 2025) honetan ez da berritasunik molde aukeraketei dagokienez baina deigarria da gurean behintzat.

Izan ere, poetak nobela aukeratu du poesia egiteko edota poesiarako duen trebezia baliatu nobela baten ildo narratibo ezberdinak eta digresioak uztartzeko. Eta nago, teknika ezberdinak erabiltzeko ausardia agertzeaz gain, haren ni poetikotik nolabait aldentzeko egin duela. Bada, Meaberen betiko gai ugari jorratu arren, hala nola, sexualitatea, feminitatea, haurtzaroko memoria idealizatuaren berreskurapena edota munduaren gaineko ikuspegi zorrotz, ironikoa eta naif-a; 127 poemekin eraikitako “nobela” honetan, Meaberen unibertsotik kanpo jauzi egiteko gogoak ere badira.

Kontakizun berritzaile honen ildo nagusiak “nobela beltza”ren zantzu guztiak ditu: 60 urteko Agurtzane narratzaileak atezain gisa dihardu lanean Bilboko institutu batean, gizartearen ertzetan bizi da eskizofreniak jotako ahizpa zainduz, naturan eraikitako “bunker” batean bakardaderako grinak gozatuz eta pairatuz. Institutu horretako ikaskide Irati Beraza erailda aurkitzeak beta emango dio Agurtzaneri detektibe lanei ekiteko. Baina liburua hori baino askoz gehiago da: Diane Wakoski poetaren poemekin Agurtzane-Meabek lortzen duten konexio kasik “mistikoa”, aipatu amorante frantsesarekin Bordele-Begoña Connexion Tinder-i esker ehundutako maitasunezko roman delikatua, giro kostunbrista eta soziala uztartzen dituen Bilbo postindustrial eta turistikoaren potreta gazi-goxoa, natura etorburu duen iruditeria ahalmentsua, emakumeen aurkako biolentziaren aurkako aldarrikapena, zahartzaroaren gaineko begirada lasai eta tristea…

Apika, isiltasun eta elipsiez betetako ildo narratibo ezberdinak jarraitzea ez da erraza zenbaitzuetan, baina inork ez du inoiz esan irakurtzeak erraza izan behar duenik. Liburua zazpi ataletan banatua dago eta ahulena, zalantzarik gabe, azken epilogoa dugu. Ene aburuz, soberan daude Agurtzane-narratzaileak emandako azalpenak eta topikoak barreiatzen dira azken poema horietan zehar, baina ez dute hondatzen liburu osoaren kalitate eta konplexutasun maila. Lirikotasunaren eta bakardade existentzialaren arteko hegaldi poetikoa ezin lortuagoa baita.

Meabek ni poetiko ezagun horretatik aldentzeko, erabat aldendu gabe, erronka gainditu duelakoan nago apustua ez baitzen batere xamurra. Nolabait litetatur-ibilbide oparo eta saritua irauli beharra baitzuen, azken liburuetako toki jorratuetatik harago joateko, benetan ezer irauli gabe. Liburuko eszenatoki Lea eta Garona ibaiak Heraklitoren ibai berbera baitira. Moldeak molde, liburu guztiak liburu berbera baitira, edo ez, idazlearen talentua barra-barra isurtzen denean.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak