kritiken hemeroteka

8.651 kritika

« | »

Amorante frantsesa / Miren Agur Meabe / Susa, 2025

Thriller bat 147 poematan Ibon Egaña / Deia, 2025-09-27

Ohituta gauzka Miren Agur Meabek, akaso gaizki ohituta, generoen arteko hibridaziora, mugako literatura formen esperimentaziora. Koxka bat gehiago estutu nahi izan balu bezala, bere azken liburua, Amorante frantsesa, poematan idatzitako thriller kutsuko nobela da, irakurlea askotan jokoz kanpo harrapatzen duena. Hasiera batean, antagonikoak diruditen genero horiek (genero beltzak eta poesiak) amankomunean dituzten elementuak deskubritzera abiatzea da liburuak proposatzen digun jolasetako bat. Eta, hala doa irakurlea ohartzen elipsiak betetzea, isiltasunak esateko duenari erreparatzea edo esplizitua den horretatik harago joan beharra poesiak zein genero beltzak partekatzen dituztela, eta biek eskatzen dutela irakurle ernea, aktiboa eta jolaserako prest dagoena, nola eskatzen duen Amorante frantsesa liburuak.

Hitzarmen aski partikularra proposatzen digu, beraz, idazleak liburu honetan, klausula bat baino gehiago dituena: onartzea Miren Agur Meaberen antzik baduen Agurtzane pertsonaia, institutuko atezain diharduen 60 urteko emakume poesiazalea, hil berria den institutuko neska baten heriotza argitzen detektibe amateur lanetan irakurtzea, zer eta poematan idatzitako nobela batean; onartzea, halaber, nobeletan gertatu ohi denez, liburu honetan ere ia denetik kabitzen dela, bigarren mailako pertsonaia, hari, motibo eta erreferentzi saldo bat, adibidez. Eta hori guztia keinuz, (auto)ironiaz eta umorez gatzozpinduta jasotzea. Nago ez dela erraz sinatzen den hitzarmena, eta neuk behintzat bigarren irakurraldia behar izan dut gako horiek onartu eta irakurketaz gozatu ahal izateko.

147 poemaz osatutako liburuan, askotarikoak dira testuak, formak eta estetikak: poema errimatuak, estrofa errepikatuak, poema narratiboak, herri tradizioari keinu egiten diotenak, lirikoagoak… katalogo moduko bat osatzen dute poemek hartara, eta testu batzuk solte irakurtzekoak izan arren, haietako asko “funtzionalak” dira, egileak berak esan izan duen bezala, alegia, narrazioaren zerbitzura daudenak. Ezin esan testu guztiak maila berean, Meabek ohituta gauzkan mailan daudenik, baina, esan bezala, bestelakoa da liburuak proposatzen duena eta ezinbestez poemak ere bestela irakurtzera garamatza horrek: engranaje baten pieza gisara. Tonua ere diferentea da poema batetik bestera, baina, oro har, liburuari eta pertsonaia nagusiari bezala, poemei ere tonu ludiko, jostari, ironiko bat darie, gehienetan kontakizunari eta Agurtzaneren mundu-ikuskerari ondo egokitzen zaiona eta irakurketak eskertzen duena. Tarteka, ordea, iruditu zait talka egiten duela liburuaren izaera jolastiak eta zenbait hautu estilistikok poemen gai gordinagoekin (mina, edo heriotza).

Izenburutik beretik egin dio tokia jolasari eta ironiari Meabek; Agurtzaneren amorante frantsesa nobelaren bigarren partetik aurrera baino ez da agertzen, eta liburuak gutxi du ikustekorik, demagun, Eric Rohmer-en film batekin. Aitzitik, nobelak gai eta hari ugariri egiten die tokia, eta amodio istorioa bainoago, eta are Irati Berazaren heriotzaren ikerketa bainoago, nobelaren hari nagusia Agurtzane pertsonaia bera da, bere ahotsa eta ikuspegia, bere bizi puskak, eta bakardadea pitzatzen dioten lagun, animalia, senide eta maitaleak. Artaz eta trebeziaz josita daude hala pertsonaia nagusia, nola hari-mutur askotarikoak (adiskidetasunaz, zaintzaz, genero-zapalkuntzaz dihardutenak), eta erdialdetik aurrera lortzen du nobelak, piezak batu ahala, genero beltzaren jakin-mina ere eragitea. Arkitektura konplexu bat da emaitza, zeina aldi berean den arin baina azti irakurtzekoa eta exijentea: Meabek jotako erronka onartzeko prest egotea eskatzen dio irakurleari.

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Maddi Galdos Areta

Poesia kaiera
Frank O'Hara

Asier Urkiza

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Nagore Fernandez

Beste urte batez
Samira Azzam

Maialen Sobrino Lopez

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Iraitz Urkulo

Auzokinak
Gorka Erostarbe

Mikel Asurmendi

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Irati Majuelo

Azken batean
Lourdes Oñederra

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak