kritiken hemeroteka

8.662 kritika

« | »

Akabo / Laura Mintegi / Txalaparta, 2025

Akaberarako bidea Asier Urkiza / Berria, 2025-10-05

Hemeretzi urteren ondoren lan berria dakar Laura Mintegik. Akabo nobela kaleratzeaz batera, gainera, 2006ko Ecce Homo ere berrargitaratu du Txalapartak. 352 orrialdeko nobela da Akabo, mardul samarra egungo joerarekin alderatzen badugu. Hemeretzi urte lehenagoko lan hartan bezala, bikote bat da berriz ere protagonista. Bikotekideen identitateetan arakatzen du liburuak, horien ertz askotarikoek nortasun baten osaeran duten garrantziaz eta bestearekiko harremanetan duten eraginaz.

Manu senarraren gorpua hozkailuan sartuta dauka Sheenak. Horrainoko bidea berreraikitzen du nobelak plano batean, Sheenaren handik aurrerako ibilerak kontatzen dira beste batean. Hizkuntzalaria da Sheena eskoziarra, ingeniari informatikoa Manu euskalduna. Oxforden ezagutu dute elkar eta, Bartzelonatik igaro ostean, Maruriko baserri batean jarriko dira bizitzen. Amaren heriotzak zeharo eraldatuko du Manu, baina. Orduan lehertuko zaizkio umetatik barruan zeramatzan gorrotoa eta etsipena. Sheena hartuko du jopuntuan, besteak beste. Amarekiko zauri sakona berpizten zaio Manuri euskara aipatu orduko, eta, hain zuzen, horixe da Sheenaren ikergaia, hizkuntza gutxituez ari baita tesia egiten. Esan daiteke elkarren aurkakoak direla Manu eta Sheenaren nortasunak. Horrek botere harreman argia ezarri du euren artean, harremana itogarri bihurtuz Sheenarentzat. Egoera jasanezina bihurtuko da eta muturreko konponbidea aukeratuko du emakumeak. Esan bezala, senarra akabatu osteko Sheenaren bizitzarekikoak ere aletzen dira liburuan, hildakoaren aitaren peskizak eta Andoni auzoarekiko balizko harremanaren hasiera.

Zehar estilo librean dago kontatua nobela, eta astuntxo suertatzen da tarteka, pertsonaien ahotsak itotzeraino ia narratzaile orojakilearen esku-hartze gehiegizkoen ondorioz. Pertsonaiak manikeo samarrak dira hainbat puntutan, ez aski konplexuak, nobelan azaltzen diren gai eta gatazken pisua kontuan hartuta batik bat. Esaterako, ia-ia izpiritu ahalguztidun gisa ageri den Gotzone amaren figurari estereotipatuegia iritzi diot; horrez gain, modu azalekoan jorratzen da Manu eta bien arteko harremana, Manuren jokabide aldaketa erabatekoaren arrazoi nagusia izanagatik. Aitzitik, on egiten dio kontakizunari bi planotan bereizteak eta horiek tartekatzeak, aberasten baitu Sheenaren pertsonaia eta oro har narrazioa zabaltzen. Orobat Manuren hilketaren berri lehenengo orrialdean bertan emateak.

Bestalde, interesgarria da autoreak nola darabiltzan bikotekideen jakintza arloak harremanaren gaineko irudiak sortzeko. Indarra du Sheenaren erabakiaren funtsa Manuren hizkera informatikoaren bitartez azaltzeak, kasurako: “sistema bitarra, 0 eta 1, izan ala ez izan”. Irakurketa biziko nobela ere bada Akabo, plano laburren tartekatzeak biziagotuta, abiada bizian aurrera egiten duen narrazioarekin. Bizitasun hori arintasun ere bihurtzen da sarritan, ordea, Mintegik ez baitio tentsio literario nahikoaz eusten, tonuarekin asmatzen, eleberriaren sarea ondo samar eraikitzen badu ere.

Azken kritikak

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Asier Urkiza

Ni, laiko
Markos Zapiain

Nagore Fernandez

Zorretan
Agurtzane Intxaurraga

Maialen Sobrino Lopez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Jon Agirre

Emognosia
Mitxelko Uranga

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Irati Majuelo

Koxka bat estuago
Henry James

Aritz Galarraga

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Hasier Rekondo

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Maddi Galdos Areta

Poesia kaiera
Frank O'Hara

Asier Urkiza

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Nagore Fernandez

Beste urte batez
Samira Azzam

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak