kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera / Laura Macaya (Amaia Astobiza) / Katakrak, 2025

Probokazio bat Nagore Fernandez / Berria, 2025-10-05

Probokazio bat da Laura Macaya eta Hamacaren arteko elkarrizketa biltzen duen Gatazka eta abusua ez dira gauza bera liburua, Amaia Astobizak euskaratua eta Katakrak etxeak berriki argitaratua. Hain zuzen ere, Itziar Zigak hitzaurretik bertatik ohartarazten gaitu horretaz: “Bidegurutze horretan, liburuxka bikain hau probokatzailetzat jotzen da, eta horregatik dugu beharrezko”. Feminismo antipunitibista eta intersekzionala dago, Zigak aipatzen duen bidegurutze horretan ez ezik, obraren beraren muinean ere. Hizlarien ideiak bost atal nagusitan antolatuta dauden arren —“Punitibismoa”, “Sexu-indarkeria”, “Zis gizonik edo erasotzailerik ez dagoenean”, “Kantzelazioak” eta “Kasu instituzionalak”—, aipatutako perspektiba bi horiek zeharkatzen dituzte, hasi eta buka, azpiatal guztiak. Horretan datza irakurleari liburuak —eta hizlariek— egingo dioten lehenengo erronka: aldarri feministaren magalean, orain artean hartu ditugun hainbat erabaki eta jokamolde auzitan jartzen ditu eta bestelako alternatibak defendatzen. Alternatiba horiek, batetik, ez dira inolaz ere zigorrean oinarritzen, eta min indibidualaz haratagoko beharrizanak hartzen dituzte kontuan; bestetik, eta, ondorioz, intersekzioan sinesten dute, zigorrak ere, edozein zapalkuntza bezala, ez direlako beti berdin aplikatzen guztiongan. Feminismoa ulertzeko modu horrek, ezinbestean, errotik eta sistematikoki eraiki ditugun balio eta sinesmenetan egingo digu hazka, bai eta, Macayaren eta Hamacaren ideiok ulertzeko, zenbait kontzeptu deseraikitzera bultzatuko ere. Baina, irakurleari elkarrizketa-liburuaren izenburua aski izango zaio obraren izaera desafiatzaile horretaz konturatzeko. Izan ere, obrak eskaintzen dizkigun lehenengo hitzek auzi kontzeptual bati begira jarriko gaituzte: abusu terminoaren bitartez, eta zehatzago, (genero) indarkeria kontzeptuarekin, ez ote ditugu gauza gehiegi izendatzen?

Obraren formatuak, aldiz, ez nau horrenbeste konbentzitu. Ez bere horretan ez delako egokia; interesgarria iruditzen zait gai transzendentalak hizpide dituzten elkarrizketak idatzian jaso, eta laburrean kontsumitzeko aukera ematea. Hala ere, niri neuri, hausnarketek eta zenbait ideiak dakarten haustura dela medio, labur geratu zait batzuetan. Badakit halako formatuen helburua ez dela izaten inondik ere monografikoena, ez direlako, interesgarriak eta trinkoak izan arren, sakontasun berarekin garatzen hizpide direnak, eta, kasu honetan, testua sortu den testuinguru diskurtsiboa ere oso kontuan izan behar dugu, gainera. Hala ere, horren apurtzaileak iruditu zaizkidan auziekin, esaterako, alternatibak proposatu bai, baina, alternatiba horiek praktikan nola aplikatu eta erabili aipatzerakoan, azalpen luzeago eta zehatzago bat izan dut faltan. Segur aski neroni izan naiz argitalpenaren helburua igartzen eta neurria hartzen jakin ez duena. Edozelan ere, liburuak irakurlea interpelatu, eta hari egiten dizkion galderek bultzatu naute jarrera hori hartzera duda barik, eta iruditzen zait xaxatzeko abilezia hori izatea badela, jada, meritu nahikoa.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak