kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Beste zerbait / Danele Sarriugarte / Consonni, 2025

Kaixo berriro, karis Ainhoa Aldazabal Gallastegui / Argia, 2025-10-05

Zazpi urte pasatu dira bigarren eleberria argitaratu zuenetik eta hamaika lehenengo liburutik. Bitarte honetan, baina, letrei lotuta segitu du Sarriugartek. Besteak beste itzulpen lan interesgarri eta bikainak irakurri ahal izan ditugu (Luisa Carnésen Hamahiru ipuin, Alison Bechdelen Fun home edo Assata Shakurren Autobiografia bat, batzuk esatearren).

Beste zerbait eskaini nahi izan digu oraingoan idazleak eta horrela izendatu du liburu forman irakurri dezakegun hirugarren lana: beste zerbait. Azpiatal desberdinak dituen zortzi atal nagusitan banaturik dago testua. Txatalez osatuta dago, independenteki irakurri eta xehetasunez aztertu daitezkeenak. Bakoitzak bere tonua, bere estiloa, bere espazioa eta denbora ditu. Ezaugarri honek estualdian jartzen du kritikaria, irakaslea… testuak izendatu eta definitzen ditugunontzat konplexuago bilakatzen baitu lana. Eta aldi berean ezaugarri hori berori da liburuaren indargunea: hibridoa da, askotarikoa, ez bitarra eta Sarriugartek esan bezala, mutantea. Aldakorra, bizia eta indartsua. Autosoziobiografia izendapena ere gustatu zait, Audre Lorden Biomitografia-ren ildotik joan daitekeena.

Gloria Anzalduaren Borderlands liburua etorri zait gogora: idazlearen identitate borderline-a (ertzekoa eta askotarikoa) testuaren forman islatzea hautatu zuen Anzalduak. Horregatik aurkituko dugu konbentzionala ez den eran jasoa. Erraz definitzetik urruti poemek, saiakerak, bere bizitzari buruzko pasarteek osatuko dute corpusa. Politikoki zein estetikoki mestizoa da liburua, hizkuntza desberdinak nahasten dituena.

Sarriugarteren kasuan, protagonista lehenengo pertsonan ari zaigu ia liburu osoan zehar. Ertzean dagoen eta identitate aberatsa duen protagonistaren ahotsa tonu, hizkera eta tipografia desberdinez eraikita eta adierazita dago: amorru eta ironiazko tonuek markatzen dute gizarte heteroarautuari protagonistak egiten dion salaketa. Deialdia deitzen diren ataletan ere egiten du kritika hori: kasu honetan idatzi behar duenaren eta idatzi nahiko lukeenaren arteko talka zirrimarratuta agertzen diren zatiek erakusten digute. Probokatzailea da. Itxaropen eta alaitasun tonuak ere badaude: adiskidetasunaz, maitasunaz eta komunitateaz hitz egiten duenean bereziki. Harrotasuna bere ahotsa aurkitu eta plazer handiena ematen dion hori egitera bueltatu denaren ahotsean dago (“kaixo berriro, karis“. 125.orr) Politikoki zein estetikoki mutantea da liburua, hizkuntza desberdinak nahasten dituena.

Irentsi egin dut liburua. Protagonistarekin batera haserretu naiz eta barre egin dut. Idazlearen beste lanekin gertatu den bezala bibliografia oparoa utzi digu irakurtzen jarraitzeko. Pieza bakoitza bere lekuan ezarrita dago baina: puzzle osoa eta borobila da Sarriugarteren azkena.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak