« Zorretan | Iraganarekin bueltaka oraindik »
Meditazioak / John Donne (Patxi Ezkiaga) / Balea Zuria, 2023
John Donneren meditazioez haratago eta honatago; honatago gehienbat Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2025-09-25
Premisa zenbait
Ohar zenbait abiaburuan. Ez ohikoak. Lehena, eskuarki, euskal literatura baino ez dut iruzkintzen/interpretatzen. Salbuespenak salbuespen, betiere. Safo delakoa, kasu. Poesia eta filosofia lantzen dituen Balea Zuriak argitaratua. Kontua hauxe: Saforekin batera, garraio-ontzi berean, liburu andana heldu zitzaidan. John Donne-ren Meditazioak hau barne.
John Donneren Meditazioak dut hizpide. Aste honetara arte, ez nuen ezagutzen egilea, ez liburua ere. Horra nire moztasuna. Filosofiaren ezagutza, oro har, eta literaturarena, berebat, nirea, motza da eta. Liburua zabaldu dut eta atx! Patxi Ezkiagaren Itzulpena. Hori jakiteak aztoratu nau une batez. Aurrera egin dut: Gabriel Insaustiren Hitzaurrea. Izaak Waltonek idatzi testuak Jonh Donneren bizitza ematen digu ezagutzera; Felipe Juaristik itzulia eta apaindua. Orri horiek hostokatu ditut. Izenak izen, obrak obra, berretsi ahal izan dut nire moztasuna.
Peskizan ari naiz, halabeharrez eta premiaz. Gabriel Insaustiren nondik norakoak gaztelera soilean aurkitu ditut. Euskarazko munduan ez da ezaguna, pentsatu dut. Ez naiz arras motza, agian. Patxi Ezkiagak eragin aztoramenduaren zergatia birgogoratu behar izan dut, baita egin ere. Hara, kontu bitxia: euskaraz baino ez da agertzen; edo ez dut aurkitu. Sexu abusuen auzia, hots!
2024ko kontuak dira, ageri denez. Kontuok: pederastia kasuak. Memoria freskatu behar izan dut, eta horretarako liburuaren argitaratze-data begiratu. Liburua, auzia publikoki ezagutzera eman aurretik argitaratua izan zen. Hori jakiteak ez nau guztiz des-aztoratu. Alabaina, irakurri dudanez —auziak zurrunbilo mediatikotik at harrapatu ninduen—, 24 emakumek abusuak salatzen lehena izan zen Marisol Zamoraren testigantzak berretsi zituzten. Are, horietako lauk erasoak gertatu ziren garaian La Salle ikastetxea jakitun zela eman zuten aditzera. Bego hor. Ez dut zuhaitz eroritik ezpal haboro egin nahi.
Peskizaz peskiza, premisa gehiago
Premisak baino aburuak dituzue daborduko. Lehendabizikoa, hauxe: irakurri asmoa nuen autore —niretzat— ezezagun honen testua ez da berea soilik, Patxi Ezkiagarena ere bada. Horratx paradoxa, horrexek “behartu” nau liburua irakurtzera. Osterantzean, Gabriel Insaustiren Hitzaurreak ez nau baitezpada motibatu. Ez, egokia ez delako. Ez horixe! “Doktoreak ditu Elizak”. Ez bilatu —nire jardunean— epiteto gutxiesgarririk, ez bilatu ere berean ironiarik.
Enkaxka eta porsiacaso: Gabriel Insausti laikoa da, poeta eta filosofo lurtarra. Elizako doktoreak munduan, arruntean, zerutiarrak dira.
Hitzaurrean azpimarratu ditudan lerroren bat edo bertze, segidan: “…Joan Gurutzekoaren lan aszetiko arteko paralelismo batzuk hauteman bazituen ere, hemen, Donnek proposatzen duen sekuentzia gogo-jardunaldietatik hurbilago legoke. Gogoeta horien itzultzailea La Sallen anaia izan zen, eta, beraz, Donneren espiritualtasun-mundu bera ezagutu zuen”.
“Zein hutsala den erretorika” eta “Mundua antzerkia da eta izaki bakoitza agertoki” esaldiak ere azpimarratu ditut. John Donne gaixo izan zen garai baten kontestuan idatzita daude. Beste hitz bi gehiago aintzat hartu ditut: gaixotasuna eta osasuna. Horixek dituzue azpimarratu ditudan erranairuak eta berbak. Horiek Donnerenak ez ezik, Ezkiagarenak ere badira. Biei ala biei dagozkie, lehenari zein bigarrenari.
Kopeta tentetu zait eta bisaia laztu. Haatik, hala berean, ahoan bilorik gabe mintzo/idatzi “beharra”-k areago aztoratu nau. Latza da gero norbanakoon patua. La Salle ikastetxean ikasi nuen zortzi urtetatik hemezortzira bitartean. Handik urte batzuetara, bertan bizitu genituen pederastia eta abusu sexualak kontatzen nituenean —ez nire baitan jasandakoak, zorionekoa ni!—, hainbatentzako zuhurtziagabeko txoro batek asmaturiko kontuak besterik ez ziren. Alegia, frankismoaren sukarrak eragindako burutaldiak. Okurrentziak, apeta-zoroak edota sestoak baino ez ziren. Arimarik gabeko pertsona krudel zenbaiten imajinazioak sortutako istorio zoroak.
Kazetaritzan jardutera iritsi nintzen, zorionez iritsi ere. Kazetari-jarduerak “salbatu” ninduen, eta bereziki, kazetari lanetan ezagutu eta landu nuen literaturak “salbatu” ere bai. Patxi Ezkiaga amiñi bat “ezagutu” nuen, haren literatura doi-doi ezagutu ere bai. Haren poema batzuk irakurri(ko) nizkion, hor nonbait eta hain ziur ere. Behinola elkarrizketatu nuen. Literatura munduko haren ingurukoak —haren hurbilekoak, literatur munduko jende laiko eta mundutarra— ezagutu nituen. Tira, ezagutu… ezagutu, bueno, nor zer nor bereizteko parada izan nuen.
Eta nire buruari galdetzen diot orain: La Salleko anaiak Patxi Ezkiagaren “patologia”-z ohartu baziren —nahiz eta salatu ez—, literaturaren mundukook ez? Non ote ginen? Bego! Laga dezagun hor zuhaitz eroria.
Ez iruzkin ez interpretaziorik, liburu honi buruz
Meditazioak atzera eta aurrera ari nauzue; liburua hostoz hosto lardaskatzen ari naiz. Atoan ohartu naiz: ez naiz taxuzko iruzkin/interpretazio bat egiteko kapablea, ez kapaz ere. Liburuaren gaineko iruzkin bi aurkitu ditut Armiarma-n. Jose Luis Padronek eta Nagore Fernandezek eginak. Liburuan barrena sartzeko lagungarriak izan dakizkizueke —sujerentzia bat duzue, besterik gabe—.
Nire akademizismoak —la palabra se las trae, arraiopola!—, nire akademizismo faltak ez nau horretarako gaitu egundainokoan. Erran nahi baitut: nire ezaguera akademikoak motzak dira. Ez bilatu ironiarik berba horietan ere, otoi eta arren. Eta inork berberetan nire aldetiko adarjotzerik kausitu badu, bera da hobenduna, ez ni.
Apika, arraiopola! beharrean, alajainkoa! idatzi behar nuke. Idatzi behar al ote dut?
Literaturaz kanpo ari(tu) naiz
Literaturaz jardun beharrean, literaturaz landako kontuek —eta gertakarien zirimolek— ekarri naute honaino. Seguru aski, jardun-moldea hau ez da bidezkoa, ez taxuzkoa ere. Iruzkin honetan ez dago behar bezalako edo gutxieneko kuxidaderik. Bego hor! Desenkusatzen hasiz gero, are okerrago azaltzen duzu zure burua. Alta bada, liburua aitzina eta gibelera ari(tu) naizenez gero, honatx, hurrenez hurren, ondoz ondo, meditazioaren, filosofiaren eta literaturaren gaineko hainbat burutapen. Nire dialektika kaskarrean adierazita: nire penak eta zioak.
Meditazioa definitu —nahi— aldera
Meditazioa arnasketa kontrolatuarekin jarrera batzuk hartzean datza. Horrek zure gorputza malguagoa izaten eta zure burua lasaitzen laguntzen dizu. Posturak egiteko, oreka eta kontzentrazioa landu behar dituzu. Horri esker, arreta gutxiago jartzen duzu zure egun-landuan —eguneko zereginetan—, eta gehiago ari zaren unean berean.
Meditazioa adimenaren eta gorputzaren praktika den aldetik, pertsonok arreta beste zerbaitetan jartzen dugu. Hala nola objektu batean, hitz batean, esaldi batean edo arnasketan. Meditazio-jarduerak distraitzen edo tentsioa eragiten dituzten pentsamenduak edo sentimenduak ahalik eta gehien murrizten edota uxatzen laguntzen digu.
Lerro horiek ez dira nireak, noski. Neronek egokituak dituzue. Badira ere nireak, horregatik. Besterik gabe ekarri ditut, meditazioa zer den azaldu aldera, ariketa edo jarduna definitzeko nolabait. Meditazioaren praktika —niretzat— oso da zaila, zeharo zaila. Esperientziaz dakit. Orain, honatx Meditazioak liburuaren irakurketak jalgiarazitako itauna: meditazioaren definizioa horrelakoa izanik, liburu honek lagundu(ko) al nau arreta gehiago jartzen eguneroko jarduera arruntetan? Eguneroko kontu ordinarioetan, alegia. Ez zait horrela iruditu, ez nau tesitura horretan paratu behintzat.
Erran gabe joan behar luke, baina horra, errana doa: meditazioak gogoa errealitatean —eguneroko jardun arruntetan eta kontu ordinarioetan— paratzen laguntzen badigu, zein errealitate suertean bizi dira erlijiosoak, filosofoak edota literatura-egileak? Literatura egileak eta literatura zaleak barne.
Lerroak lerro, meditazioak meditazio
Nire burua traizionatu(ko) dut. Azpimarrak azpimarra, Meditazioa I delakoaren testuan egindako azpimarra bat aldatu(ko) dut hona: […Oraintxe bertan ongi nengoen eta oraintxe bertan nago gaizki. Bat-bateko aldaketa honek txunditzen nau, eta okerrerako joerak; eta ezin diot arrazoirik aurkitu, ezin ere izenik eman. Osasuna dugu aztergai, eta haragiak, edaria, airea eta ariketak ere bai;…].
Meditazioak liburuko berba horiek —meditazioa aldian-aldian besterik ez dut landu, inoiz edo behin onik ekarri ere, baina batik-bat, zaputza eragin dit—, John Donneren berba horiek meditazioa jarduerari ekiteko lagundu beharrean, meditazioa uxatzera “animatu” naute. Donnek dioenez, aldarte aldakor horri ezin dio izenik eman. Areago, ezin arrazoirik aurkitu. Eta ni, neroni, izana kausitzeko funtsezkoa zait izena, baita izena kausitzeko izana ere. Eta bilatze horretan, behar-beharrezkoa dut arrazoia, baita gaixotasuna eta osasuna ezagutzea ere bai, jakina. Beude hor, beste nahirik gabe, berba irakurriak eta azpimarratuak.
Lerroak lerro, burutazioak
John Donneren Meditazioak literatura al da? Filosofia ote? Erlijio-liburua da. Jainkoaren presentzia lekuko. Presentzia hori, sinestedun batek kausitu dezake, bistan da. Gainerakook, nekez. Honatx lehen burutazioa —ez da nire-nirea, baina bat egiten dut berarekin—: erlijioa masei —jende-osteei— inposatzen zaien doktrina suerte bat da. Erlijiosoen nahikariaz —edota nahikeriaz—, giza-talde horiek ezindurik daude jendarte-politiko bat artikulatzeko. Hots, erlijio-doktrinaren arabera —Jainkoaren aginduz— norbanakoak ezindutzat joak dira, pertsonok ez gara gauza ez gai —ez kapaz ez kapable— lege politikoen araberako jendarte bat egituratzeko.
Erlijioa eta literatura aspaldi bereizi omen ziren, zorionez. Dibortzio moduko horri esker, erlijioaren eta literaturaren markoa zedarriztatu ahal izan dugu —baita filosofiarena eta erlijioarena ere—. Disziplina bakoitza zer den definitu ahal izan da, ahal izan dugu, baita bakoitzak zer eskaini dezakeen —diezagukeen— aztertu eta zehaztu ere; guztiz zehaztera iritsi gabe, halarik ere. Izan ere, absoluturik ez dago. Maxima hau heldu zait, nirea da: “Absoluturik ez dago. Absolutu bakarra Jainkoa da, eta bera ez da existitzen“. Beno, nirea dela esatea, absolutismo suerte bat da.
Bertze maxima bat jarraian: erlijioaren eta literaturaren dibortzioaren hobenduna arrazoia da. Arrazoia maiuskulaz. Arrazoia landu eta garatu gabe, arrazoirik gabe, literatura eta erlijioa ez ziren egundo bereizi izan. Dibortziatu, alegia.
Erlijioa eta literatura kontrastatu ditugu, beraz ezberdindu. Filosofia eta literatura, berriz, nola eta zertan daude? Definizioz, berezita daude. Alabaina, komeni da ohartaraztea, filosofia erlijio suerte bat dela. Errealitatean bizi beharrean, idealismo filosofikoek —mistizismo erlijiosoek nola— errealitate sinesbera moduko bat bizitzen behartzen gaituzte. Filosofia erlijio laiko moduko bat da. Doktrina suerte bat. Filosofiak ez gaitu egia idealizatzetik libratzen.
Are, kasu! Filosofiak ez ezik, literaturaren irakurketa filosofiko idealistek ere interpretazio mistikoetara eramaten gaituzte; eraman gaitzakete. Erran nahi baitut: literaturaren interpretazio idealistek eta mistikoek —ez zientifikoak, edo ez zientzia gisara landuak— errealitatea ez ikustera bultzatzen gaituzte; errealitatea bizkar emanda aritzera eramaten gaituzte; eraman gaitzakete.
Lerroak lerro, burutapenak
Erlijioa eta politika bereizi beharra ikusi dute boteretsuek mendez mende. “Jainkoari Jainkoarena eta Zesarri Zesarrena”, delakoa dut gogoan. Jesu Kristoren hitzak omen dira; Jainkoaren semearenak. Bistan da, bistan denez, nork bere gisara interpretatuak. Izan ere, erlijioa eta politika deslotu beharra bereziki boteretsuek ikusi izan dute; beharra ikusi eta interpretatu ere bai. Alabaina, bien ala bien jarduera deslotze-beharra boteretsuek adierazi eta proposatu duten arren, botoredun-ahaltsuek itxurazko lanketa baino ez dute egin. Erlijioa eta politika bereiztearen lanketa, batez ere eta bereziki, ahulen eta menpekoen betebeharra izan da.
Antigoaleko kontuak dituzu horiek. Haatik, ur haietatik gaurko urak
—ur-uherrak betiere—: gaur egungo ahaltsuak eta boteretsuak saiatzen dira literatura eta politika deslotzen/desberdintzen. Jarduera bi-biak berez lotuta badaude ere. Literatura eta politika ez dira bereizi behar inolaz ere, ezin dira des-asoziatu eta; edo ez genuke hori egin behar. Ezin dugu literatura landu, literaturaz jardun, politikatik kanpo paratuta. Ez da bidezkoa literatura egitea, literaturaren gainean jardutea eta politika-jardueratik landa ari garela inori sinestaraztea. Ez da taxuzkoa literaturaren arizale-ei bereziki hori sinetsaraztea; sinetsarazi nahi izatea.
Erlijioa, zerutik etorritako jarduera, lurreko boterearen administrazioaren jardueraren partea —izan— da giza-historian barrena. Bide beretik joanez, gaur egungo politika-jarduerak —politika boterearen eta administrazioaren antolakundea denez gero— norbanakoa askatasunaren bidean paratu behar du; paratu behar luke. Ez dago askatasuna erdiesterik politikaren administrazioaren bidetik ez bada.
Luzetsi gabe, literatura erlijioaren ordezkotzat hartua, literatura askatasunerako jarduera den aldetik, literaturak eta politikak bide beretik joan behar lukete, baita elkarrekin joan ere. Politika-jarduera askatasunaren organizazioa baita; edo behar luke izan.
Bidez bide, mendez mende, erlijioaren menpeko jardunean, erlijioarekiko konpromisoa agertu izan zen nola, hala azaleratu zen ere literaturarenean. Konpromisoa, horra hor, sinestunen maxima inolaz ere. Erlijioan nola filosofian baitezpadakoa izan dena, izan denez, izan badena oraindik ere. Literatura ez da konpromiso delakoetatik libre jardun izan, ezta jarduten egun ere. Literaturaren jarduera-engaiatua iragan mendeetan ernaldu zen; eta XX. mendean sustraitu batez ere. Literatura engagée delakoa dugu horren lekuko.
Literatura engaiatua izan badago egun ere. Erlijioarekiko konpromisoa nola literaturarekiko engaiamendua hala. Konpromisoa eta engaiamendua, biak ala biak, elkarren eskutik doaz; nolabait hori ere. Literatura molde horren izana, haatik, filosofiaren idealismoan eta erlijioaren mitologismoan funtsatuta dago.
Mitologiaren erabilpena jardun arrunta izan da literaturenean. Behialako mitologia, beste molde bateko mitologia bat da egun. Mitoak, aroz aro, itxuraldatzen dira. Jantziak jantzi, itxurak itxura, literaturaren inguruko merkataritza funtsezko jarduera bihurtu da —hala beheko nola goiko literaturaren merkantilizazioa—, liburua existitu izan ahal dadin; literatura liburu-objektua bihurraraziz funtsean.
Literatura jardun-produktiboa bihurtu da; bihurtu dugu. Gaur egungo literaturaren izaera-komertziala inoiz baino funtsezkoa da liburua existitu ahal izan dadin. Hala berean, gaur egungo liburuaren mundu merkantilista biziko bada, literaturaz
—balizko literaturaren aitzakian— baliatzen gara liburua saldu ahal izateko. Liburuaren ekoizpena literaturaren gainean dago engoitik, literatura suerte eta molde ororen gainean egon ere.
Labur zurrean: ez dago literatura-engaiatua izaterik. Literatura-engaiatua mitologia moderno suerte bat da. Literatura-engaiatua literatura-engainatua da.
Literatura definitu alderako printzipio batzuk
Literatura jarduera arrazionala da. Alta bada, gaur egungo arrazionalismora iristeko, literaturaren bidean, literatura arrazionalak baino lehen, literatura ez-arrazionalak izan dira. Literatura-arrazionalen aurretikoak dira horiek, ez dira irrazionalak, horregatik. Bereizi eta zehaztu aldera: egungo arrazionalismoaren aurretik literatura ez-arrazionalak izan dira. Literatura ez-arrazionalen ondorioz dago literatura-jarduera arrazionala gaur egun.
Literatura-moduak —berau ezagutzera ematen dutenak— literatura kritikoak eta ez-kritikoak dira; akritikoak alegia. Literaturaren modu eta lanketa horien bitartez, literatura inspiratzen den jendartearen baloreak eta kontra-baloreak proposatzen badira, literatura-egileek balore horiek lantzen eta ezartzen badituzte, literatura-jarduera horietan ahalegintzen badira, literatura horiek kritikoak dira. Horixe izan daiteke —izan dezakegu— jarduera dialektikoaren bidez egiten den literatura. Aldiz, literatura-egileek ez badute jarduera molde hori lantzen, beren literatura akritikoa da. Literatura akritikoaren egileek ez diote konfrontazio dialektikoari ekiten, ez dute errealitatea interpretatzen, ez dute aurrean duten errealitateari begira literatura lantzen; ez landu nahi ere.
Azkeneko gogoetak, hastapenekoak baino ez direnak
Literaturaren jarduerak ez luke inor inoren gainetik eman/paratu behar. De facto, literaturan jarduteak ez du inor inoren gainean ematen, ezta urrik eman ere. Literaturaren jarduerak —literaturaz jarduteagatik— jendartearen goialdean paratzen gaituela usteak, beste guztien gainetik gaudela pentsatzeak edota usteak, geure guztizko izaera inozo-ergela azalarazten du.
Ez erlijioak ez filosofiak ez literaturak, ez gaituzte pertsona hobeagoak egiten. Erlijioek hobeak ez gaituztela egiten baietsi dugu engoitik. Begirada eta gogoa errealitatean paratu besterik ez dugu, ez dago azalpen gehiago eman beharrik. Errealitatea berez manifestatzen da. Bestela erranik, jarduera intelektualek ez gaituzte hobeagoak egiten, ez dute berez horretarako balio, eta horiek ondo baino hobeto demostratuta daude jadaneko.
Aitzitik, eta kasurako, literaturak handiustekoak eta harroputzak bihurtu gaitzake. Irakurtzeagatik hobeagoak garela pentsatzea arrazoinamenduak eragindako gaixotasun moduko bat da. Ez gara zuzenagoak ez justuagoak hilabetean hiru edo lau liburu irakurtzen ditugulako, ez pertsona osasungarriago hilean 1.000 orrialde baino gehiago irakurtzen dugulako. Ezta urrik eman ere; inolaz ere.
Literaturak norbanakook altxatzen ditugun aldare nartzisistarenetik jaisten lagundu behar gaitu. Literatura kultuzko aldare horietatik jaisten laguntzen gaituenean, bihurtzen dugu literatura baliozko disziplina; baliagarria eta baliotsua. Geure egoa orekatzeko bihurtzen dugun neurrian osasungarria da literaturaren jarduna.
Ikaspenak ikaspen, irakaspentxo bat
Erlijioak erlijio, filosofiak filosofia, errealitateari bizkar emanda garatzen diren aldetik —desarroilatzen eta debelopatzen direnez gero—, engainuaren paradigmak bihurtzen dira bi-biak. Osterantzean, literaturaren ildoan —bide horretan ildoak elemenia dira—, errealitateari begiratzen diogunean —landuz eta artez begiratuz, betiere—, literaturak errealitatean ezkutatzen den egiaren jabeak izan gaitezkeenez desengainatu behar gaitu.
Literaturaren jardun ahalik eta koherenteena —eta duinena— lantzeak desengainatzen gaitu egiaren jabe —izan nahi— izateaz. Literatura, baldin eta literatura bada, erlijioaren eta filosofiaren kontrakarrean, desengainurako jarduera bilakatzen da ezinbestean. Literaturak egiaz desengainatzen laguntzen gaitu; lagundu gaitzake.
Maximak maxima, badago guztien gainetiko bat: “Jarduera absoluturik ez dago. Egia azaltzea edota egia iristea ezinezkoa dela ametitzeak egiten du literatura jarduera-soila”.
Askatasun haizea
Javier Buces
Irati Majuelo
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Ibon Egaña
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Aiora Sampedro
Meditazioak
John Donne
Mikel Asurmendi
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Nagore Fernandez
Etiopia
Bernardo Atxaga
Asier Urkiza
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Jon Jimenez
Eresia
Goiatz Labandibar
Amaia Alvarez Uria
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Aiora Sampedro
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Mikel Asurmendi
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Irati Majuelo
Denbora galduaren bila / Swann-enetik
Marcel Proust
Aritz Galarraga
Iraileko zazpi egun
Eneko Azedo
Aiora Sampedro
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Mikel Asurmendi