kritiken hemeroteka

8.479 kritika

« | »

31 ipuin / Anton Txekhov (Iker Santxo Insausti) / Elkar, 2022

Denboraren irekiera zalantzati bat Aritz Galarraga / Berria, 2025-04-06

Arratsalde atsegin batean, Ivan Dmitritx Txerviakov, epaitegietako funtzionario orobat atsegina, besaulki-patioko bigarren ilaran zegoen eserita, binokuluekin Cornevilleko kanpaiak operari so. Edo abendu-gau ilun bateko hamarrak aldera hil zen difteriaz Andrei, sei urteko haurra, Kirilov doktorearen, Zemstvoko medikuaren seme bakarra. Edo ziotenez itsas pasealekuan aurpegi berri bat agertu omen zen: dama txakurtxodun bat. Ipuinak adina ipuin-hasiera idatzi zituen, baiki, bere bizialdi laburrean, 44 urtetxo, Anton Txekhov idazle errusiarrak, gogoangarriak horietarik ez gutxi. Seiehunetik gora guztira, zer eta ordura arteko ipuingintza goitik behera aldatzeko, ipuina egiteko manera berri bat abiatzeko XIX. mendearen hondarrean, gaur egunean oraindik baliagarri, inspiragarri, kopiagarri ere bazaigun modu batean.

Batzuk dira, hasieretakoak, labur-laburrak, kolpe bakarrekoak, umoretsuak, ia txiste modukoak; ez, ordea, graziarik gabeak, adibidez, aipatu dugun epaitegietako funtzionario orobat atseginarena, zeinak, halako batean, doministiku egiten duen, eta, ai zoritxarra, Garraio-azpiegituren Ministerioko Estatu-jeneralaren garondoa zipriztindu. Prentsan publikatzen zituen ipuinok, eta ia helburu bakarra zuten: sosa lortzea, pentsa. Halako batean, ordea, eta konturatu balitz bezala ipuinak idaztea ez dela libertimendu soil, baizik eta beste dimentsio bat izan dezakeen langintza, hasten dira beste sakontasun, beste pisu bat hartzen. 1886an kokatzen du inflexio puntu hori Jacques Rancièrek. Eta, arrazoi izango du: euskaraz irakur ditzakegun ipuinen artean, 50 bat inguru, saltoa nabaritzen da 1885eko Txorimaloa eta 1886ko Vanka izenekoaren artean.

Zer dimentsio izan dezake, bada, ipuingintzak, zer kontatzeko balio dio Txekhovi? Bada, hasteko, oinezko arruntaren bizimodua, egunerokoarekin gudukatu behar den jendearena: “aspergarria da arakatza jaten duen funtzionario koitaduari buruzko istorioa entzutea. Gizon-emakume nabarmenei buruzko istorioak kontatu eta entzun nahi zituzten”. Bere garaiko gizartearen mosaikoa osatu zuela esan ohi da, baina, kontxo, ez ote zion aurki etorriko zenari aurre egin, gerora zentral izango ziren gaiak aitzinatuz. Medikuak daude ugari, ez alferrik Txekhov bera izan zen mediku —“ospitalea, behiala bezala, erakunde moralgabe eta bertako biztanleen osasunerako oso arriskutsu izaten jarraitzen du”—; baina, bestelako osamoduen alde egingo du, gizatiarrago: “ikusten denez, mendearen hasieratik orain arte aurreraka bait doaz oinazearekiko sentikortasuna, estimuluei erantzuteko gaitasuna”. Mirabeak ere badaude, ezin ahantzi idazlearen arbasoak, salagarri: “Demagun gu guztiok, aberats eta behartsuok, egunean hiru ordu besterik ez dugula lan egiten eta denboraren gainerakoa libre daukagula”. Bizi baldintza duinen aldeko ere agertuko zaigu: “Esan ohi da gizakiak ez duela behar bi metro lur baino gehiago; bi metro beharbada aski izango da hilotz batentzat, baina ez pertsona batentzat”. Eta emakumearekiko, liberagarri: “Eta bizitzan lehen aldiz sentitzen zen aberats eta libre. Senarraren presentziak ere ez zuen kikiltzen”.

Ipuinaren egitura klasikoa, halaber, hasiera-korapilo-bukaera, urtu egiten da, bizitza zati bat erakutsiz, hasiera-bukaerarik gabea, edo, hobeki, hasiera-bukaera aleatorioduna, narratzaileak guraizeak pixka batean aliritzira sartu izan balitu bezala, tris-tras, mozketa bat hemen, mozketa bat han. Ez hasiera inpaktanterik (zeina ez dagoen kontraesanean, ikusi dugun bezala, ipuin hasiera bikainak idaztearekin), ez bukaera kontundenterik. Har dezagun Dama txakurtxoduna, orain bukaeratik. Ematen du ipuin klasikoen antzera itxiko dela: “Eta bazirudien, handik apur batera, soluzioa aurkituko zela eta orduan bizitza berri eder bat hasiko zela”. Baina, helas, “biek argi-argi zeukaten bukaera artean urrun-urrun zegoela eta korapilotsuena eta zailena hasi besterik ez zela egin”. Nola jarraitzen du bi hauen —hiru, txakurtxoa ere kontuan hartzen badugu— istorioak, beraz? Zoriontsu izango dira? Zorigaiztoko? Auskalo. Denboraren irekiera zalantzati baten sentsazioa eragiten dute Txekhoven ipuinek, diosku Rancièrek.

Laburtasuna, soiltasuna, zehaztasuna, argitasuna egotzi izan zaizkio, tasun nabarmengarriak guztiak ere, XIX. mendea ixten zuen idazle errusiar belaunalditik, oroi Tolstoi, oroi Dostoievski, bereizten dutenak. Eguneroko gai, emozio, sentimenduak, egoera, paisaia, erretratu arruntak, literatura ulertzeko molde berri bat, iraganarekin hausten duena, garaiko balio literarioei muzin egiten diena, mezu eraikitzaile, moralizanterik gabea, literatura, eta literaturarekin gizajendea, morrontzatik, loturetatik askatzea bilatzen duena, literaturaren handikeriaren, sakralizazioaren aurka eginez, literatura bizitzaren zerbitzura jarriz eta ez alderantziz. Ipuinarentzat bide berriak ireki zituen Txekhovek, eta horrek bilakatzen du, ez hainbeste XIX. mendearen bukaerako idazle, baizik eta XX. mendearen abiatzaile, XXI. mendean oraindik ere gaur-gaurkoa izanik bere ipuinen irakurketa.

Azken kritikak

Haize beltza
Amaiur Epher

Asier Urkiza

31 ipuin
Anton Txekhov

Aritz Galarraga

Odolaren matxinadak
Miren Guilló

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren Elizegi

Joxe Aldasoro

Zero
Aitor Zuberogoitia

Amaia Alvarez Uria

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Aiora Sampedro

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez

Jon Jimenez

Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi

Asier Urkiza

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Nagore Fernandez

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Mikel Asurmendi

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

Hedabideak