« Beltzetik blura | Haurtzaroko ipuina, helduentzat berrasmatua »
Berbelitzen hiztegia / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2024
Hizkuntzaren lemari oraturik: tema eta deman Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2025-03-13
Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) osatu alderako saio-ahalegina, Berbelitzen hiztegiaren bidean
A. Alfabetoaren lehen letra.
Z. Alfabetoaren azken letra.
A eta Z. Euskal alfabetoa eta euskarazko analfabetismoa zedarritzen duten muturreko bi hizkiak.
A
ABERRIA. Nazio gisa ordenatutako jaioterria edo adopziozko lurraldea. Gizakia edota pertsona lurraldeari berari lotzen zaizkio lotura juridiko, historiko eta afektiboak direla tarteko.
ABERRIA ETA ABERIA. Aberria edo aberia neologismoa da. Euskaldunon aberria aberia askoren eragilea —izan— da.
Ohar I: Sabino Aranaren euskaran, R bikoitza azentu batez idazten zen. R-ak tilde bat zeraman, hots.
Ohar II: Boutade olgeta edota lema dagoeneko sano ezaguna paratuko dut segidan:
Euskadi euskaldunon aberia da. Zer nahi duzue esatea? Ez naiz originala.
ABSURDUA. Arrazoiaren kontrakoa, zentzurik ez duena. Mundua pitzatuta dago, baina hantxe gabiltza oinez Harkaitz Canoren liburu bat da. Haur eta Gazte literatura generoaren barruan klasifikatua. Horra paraxoda! Dagoeneko, baliteke milurteko berrian pitzadura izatea bide bakarra.
Oharra: pitzatuta hitzaren bigarren adiera hartu ezazue (h)aintzat.
AJEAK. EUSKARA BATUAREN AJEAK. Euskara batuaren ajeak Ibon Sarasolaren saiakera da, Alberdania argitaletxeak 1997. urtean plazaratua. Karrikaratu zenean, Hendaia-Baiona-Garazi-Maule aldeetan mugitzen nintzen kazetaritza ofizioak akuilaturik. Euskaltzale batek hauxe ohartarazi zidan: “Ei Mikel, liburuaren beraren izenburuan duzu(e) ajea”. “Hatxea ez ezik, horra Jota madarikatua!”, pentsatu nuen.
Ohar I: oldozteko bazka. Odola eta oldoztu. Badakizue, ezta? Ni baino aise gazteago zaretenei ari natzaizue.
Ohar II: oldoztu (neologismoa). Euskaldunok hamaika odol gaizto —elkarri— egiteko jaio ginen.
ANJEL LERTXUNDI. Idazlea. Andu ere bai, gutxi batzurentzat. Andu haren aitaren baserriaren izena da. Anjel eta Andu ez dira sinonimoak, horregatik.
ARMONIA ETA HARMONIA. Ez dira hitz kidekoak. H hizkia, euskal hatxea, bere hasieran, ez zen harmoniatsua izateko sortu, ez sesiorik sortu gabe sartu hiztegian. Gaur egun, eman dezagun, bi hitzek (h)armonia moduko bat erdietsi dute.
Elhuyar hiztegiaren uberan ari naiz komunzki:
1. Armonia: liskar, sesio, errieta, hizka-mizka, ahakar, kalapita…
2. Harmonia: oreka, egokitasuna, adiskidetasuna…
Euskal hatxeak hatsik barik uzten nau, komunzki ere bai.
B
BASTART. Sasikumea gure iparraldean. Bere jatorrizko izanetik endekatzen dena.
BELDURRA ETA IZUA. Beldurra eta izua hitz kidekoak dituzue. Beldurra sentimendu bat da, emozio bat, eta horrezaz gain, eta batez ere, eta kasurako, pertsonon barne-indar bat. Funtsean, izua izan nahi duguna izatea galarazten digun barne-indarra da.
BERBELITZ. Berba ele hitz bateraturik osatutako “fonema” suerte bat. Anjel Lertxundi idazleak asmatua. Baliteke, nobela honetako itzultzaile-protagonistaren alter ego idazlearen beraren bertze ni-a izatea.
BERBELITZEN HIZTEGIA. Berbelitz pertsonaiaren hiztegia.
BIZITZA. “Bizitza bizitzekoa da”. Erranairu topikoa duzue. Dena dela ere, bizitza defini gaitza da. Zehatzezina.
BOTEREA. Nire definizioaren arabera: “Jarduteko ahalmena izatea”. Guztiok dugu botere suerte bat, berez. Beraz…
BOTERE POLITIKOA. Botere substantiboari, politiko adjektiboa eransten zaionean/diogunean elkarbizitza zaildu egiten zaigu. Botere politikoa kudeatzeak boteretsua izatea dakar. Boteretsuek gutxi batzuentzako grazia eta askorentzako desgrazia dakartzate.
C
C. Hizki arrotza euskal hiztegian —V delakoa duzue bertze bat—. Eiki, hizki arraroa duzue. Euskaldunok jende arraro-arrotza gara gure herrialdean.
CERVANTES. Miguel de Cervantes Saavedra, Lepantoko besomotza. Idazlea eta soldadua. On Kixote Mantxakoa eleberriaren egilea. Inoiz izkiriatu den fikziozko lanik hoberenetako bat. Luze jo barik, labur zurrean: “Idealismoaren aurkako antidoto arras egokia”.
Berant heldu nintzen literaturara. Liburu horrekin ari naiz. Mantxako kaparearen edo hidalgoaren istorioak —hijo de algo o de alguno/Nobleziaren estamentu apalekoa, leinuz— gaueko loak galarazten dizkit. Ez da bakarra. Dante Aligehieri florentziarraren Divina Comedia (Jainkotar Komedia) delakoa ere sartu zait izaren artean. Ifernura jaisteko paregabea gero. Dakidan apurtxoarengatik, ez dago euskarara ekarria. Ez ekarria ez itzulia. Hitz biak sinonimoak, kasurako. Bai ote?
Liburu biak zuei gomendatu ez gomendatu ari naiz. Ez nauzue ziur baina. Jose Miguel Barandiaranen gomendio hau (h)aintzat (h)artzea hobe, naski: “Gaua gauekoentzat eta eguna egunekoentzat”.
CROMLECH. Berba korapilatsua ahoskatzeko. Harrespila edo mairu-baratze ere deitua. Harrespila eta Trikuharria, lehenengo monumentu megalitikoak ditugu Euskal Herrian. Neolitikotik Brontze Arora bitartean eginak. Aidanez, zilarrezko eta urrezko aroak nekez atzituko ditugu euskaldunok.
CURRICULUM VITAE. Pertsonon bizitzaren karrera. Irakaskuntzan Curriculum hitz soila erabiltzen da. Ikaskuntza bizitzarako lasterketa arina bihurtu dugu aro modernoaren ostean. Postmodernook galga gabeko galgoak bihurtu gara. Txakur alaenak.
D
DAMUA SAKELEAN. Euskaldunok sakelean poltsikoan eta patrikan daramatzagu damua. Hiru damu-bider astun gutxienez: bederen bederik eta bedaio. Behialako euskaldun-fededunaren lekaio.
DENBORA ETA ALDIA. Bizitza denboraren arabera antolatu genuen antigoalean: urteetan, hilabetetan, asteetan, egunetan, orduetan, minutuetan eta segundoetan. Haatik, euskaldunontzat denboraren nomenklatura idaztea are konplexuagoa da. Erran nahi baitut, —Real Academia Española (RAE) delakoa halabeharrez gogoan edo hala beharrez—: zergatik euskaldunok minutu —RAEk minuto dio— idatzi beharra daukagu? Zergatik RAEren segundo hitza, aldiz, ez dugu segundu idazten? Segundo segundo bada, izan dadila minuto minuto ere, ezta?
Aldiak aldi, araurik araura bizi gara euskaldunok: Iparraldean midi 12 orenak dira. Hegoaldean berriz, gutti goiti-beheiti: 14 orduak. Baiki, euskaldunok hamaika-aldi-arau bizitzeko jaio ginen. Jasateko, hots.
DOMINIKA. Berbelitzen amona duzue. Emakume xehea. Jendarte apalekoa, eme-xumea. Haatik, kultura jasoa duena. Amona Dominikak erakutsi didanez, guztiok gara kultura baten jabe. Kultura mailatan sailkatzea, berriz, boteredunen trikimailua da. Kultura eta jakintza ez dira sinonimoak. Dominika jakintza handiko pertsona duzue horregatik.
E
ELENE. Eleberri gisara ere irakurri daitekeen liburu honen pertsonaietako bat. Eleberrigilearen bizitzan seinale sakonak utzi dizkion pertsona.
F
F. Euskal alfabetoaren seigarren letra. Alfabetatu hitzaren hirugarren hizkia eta analfabeto hitzaren bosgarrena. Baliteke, euskaldunon alfabetatzea zeregin antzua bihurtu izana. Domaia.
FEMINISMOA. Emakumeen eta gizonen eskubide-berdintasunaren printzipioak lortzeko borrokatzen den mugimendua. Sarritan gaizki ulertua edo interpretatua. Pertsonok eskubideak eta askapena nahasten baititugu ardurarenean.
Fi, fi, fite noa aitzina. G hizkira jauzi eginen dut fite asko.
G
GARZIA JUAN. Legazpiar-irundarra. AEBetara (h)erbesteratua azken urteotan —bere kautan pentsu dut—. Itzultzailea. Berbelitzen gardiz, itzultzaile paregabea. Garziaren graziak arrasto sakonak utzi dizkio nobela honetako itzultzaile protagonistari. Haren arrastoan aritzearen ondorioz, bekaizkeriek bekainak erretzeraino eramaten dute zenbaitetan. Ez dago bekaitz onik ez inbidia sanorik.
GERRA NUKLEARRA. III. Mundu Gerra hitzetik hortzera darabilkigu milurteko berrian. Gerra hori ez da egundo ezinezkotzat joa. Aitzitik. Mundu Gerra berri bat datorrela erratearekin batera Gerra Nuklear posible bat aipatzen dugu aspalditxoan. Adituek diotenez, Gerra Nuklearraren posibilitateak galarazten du III. Mundu Gerra. Paradoxikoa zinez. Mundua eta parodaxa berba une eta gune berean sortu ziren, naski.
GERRA NUKLEARRA. ETA II. Gerra nuklearra dela eta, haren posibilitateari esker
—groteskoa ez ezik sarkastikoa ere dena— III. Mundu Gerra uxaturik ikusten dute handi-mandiek. NBEren datuen arabera, betiere, uneon munduan ehun gatazka armatu baino gehiago daude indarrean. Gerra txikiak tarteko. Konparazioenera, Ukrainakoa eta Gazakoa dituzue gerra txikiak. Hildakoak ez bide dira milioiak izatera heldu oraingoz. Oraingoz. Beraz, oraingoak “gerra neurrikoak” ditugu. Beraz? Benaz? Nago, Gerra Hotzaren ostean —1991 urtetik gaur arte— ez ote garen gerren hozkirriarekin bizitzen ohitu.
GUZTIZ GEHIENAK. Berbelitzen gustuko lokuzioa duzue. Nik baina, GUTIZ GEHIENAK aldaera erabiltzen dut, baita berau lehenetsi ere. Baxenabarreko euskalkia duzue hobekien ezagutzen dudana. Mintzatu ahal dudan bakarra.
Gutiz gehienak delakoa garaztarren ahotik jaso nuen. Gaur egun, Elhuyarren uberan nabigatu ohi dut, haren bitakora-karta baliatzen ohituta nago. Berean, gutiz gehienak baino ez da ageri. Euskaltzaindiaren nabigazio-egunkaria mugitzea nekeza(goa) egiten zait. Alta bada, senperrenak egin ditut eta Orotariko hiztegian murgiltze luzea egin ostean, guztiz gehienak aurkitu dut. Gaur arte, Anjel Lertxundi idazleak desitxuratutako lokuzioa zelakoan nengoen. Berbelitzen uberan nabigatzeak oker nengoela erakutsi dit. Halaz ere, gertatuak amorru pixka bat txertatu dit. Zein da jatorrizko lokuzioa? Berbelitz bezain tema(tia) bihurtzen ari naiz. Hark bere lema oratua nola, nik nireari tema eta deman.
H
H. Euskal hizki madarikatuena.
(H)ASIERA. Euskara batuak H hizkia bere egin izan ez balu, ASIERA berba hasmentan litzateke euskal hiztegian. Ordea, (h)asiera guztiek dute beren (h)atsekabea. Baita amaiera guztiek ere bai. Izanik ere, ba al dago espiratzerik, hatsa bota gabe?
HITZA HITZ. Berandu ikasi nuen lokuzioa duzue. Tira, ez da sekula berant. Askoz lehenago, txikitan, Palabra de vasco delakoa entzuten nuen sarritan. Domingo Agirre (ez ondarroarra) nire aitonaren (Lizarraga Ergoienakoa) anaia bat Argentinara emigratu zen gaztetan. Dirutza egin bide zuen. Alta bada, amari entzunaren arabera, tokiko gotzain batek ostu zigun herentzia. Aitona zena Argentinara joan zen anaiaren bila. Artean, omen, Palabra de vasco entzuten zen ardura. Aitona itzuli zen, haren anaia egundo ez. Gure etxean, orduz geroztik, Palabra de vasco erranairuaren esentzia eta haizutasuna ahituz joan ziren.
Oharra: oroian dudanez, apezpiku hura oñatiarra zen. Porsiacaso erranik hau ere: ez dut txantxikuen aurkako deus.
Hitza hitz, berriz —palabra de vascoren euskarazko aldaera—, errezeloz bizi dut gaur egun. “Ez naiz fededuna”. Mundante-mudante-dudante-tzat jotzen dut nire burua. Hor nonbait hori ere.
Arestian aipatu On kixote Mantxakoa delakoaren pasarte bat aldatuko dut hona. Buruz gogoz eta bihotzez egina:
Herrixka batean sartu dira On Kixote eta Santxo Panza bikotea. Ez dute, espero bezala, bilatzen duten etxea aurkitu. Elizarekin topo egin dute. “Con la iglesia hemos topado Sancho/Elizarekin topo egin dugu Santxo” delakoa, historiaren bilakaeran
—istorioaren beraren bilakabidean barne— irakurleek literaturaren gaineko egindako interpretazioaren etsenplua bat besterik ez da. Maiztxo interesatua.
(H)ERBESTERATUA. Euskal Akademiaren, hots, Euskaltzaindiaren arau arraro bat. Ez da bakarra. Alegia, itauna inposatzen zait: erbestea herriaz harago joan edota herriaz bertze egitea bada, zergatik ez da herbestea idazten?
(H)AINTZAT. Hainbeste hain eta horrenbertze hain tarteko, nola edo zergatik hartu Akademiaren arau oro (h)aintzakotzat?
HIBRIDOA. Izaera ezberdineko osagai biz —edo osagai gehiagoz— osatua. Hizkuntza bihurrituz gero, literatura etorriaz, literatura gero eta genero nahas-mahasean espresatzen da. Adibiderako, Anjel Lertxundi idazlea literaturaren hibridazioaren paradigma da. Nobela hau itzulpen literarioari buruzko maitasunezko saiakera magistrala da.
I
IDAZLE JORIA ETA OPAROA. Hiztegi honetako egilearen Curriculum vitae delakoan so egin dut —Berbelitz, Anjel Lertxundiren alter ego delakoan—, curriculum suerte bat duzue. Idazlea den aldetik, adjektiboak maiuskulaz: JORIA ETA OPAROA.
Haur eta Gazte literatura. Narrazioak. Eleberriak. Bidaiak. Biografiak. Saiakerak. Sariak… zertu eta irabazi ditu. Idazle joria eta oparoa. Minuskulaz orain.
Berbelitzen hiztegia, saiakera izanagatik, fikzioa ere bada. Erran bezala, eleberri suerte bat. Protagonista itzultzailea da. Alta bada, Anjel Lertxundik liburu bakarra du itzulirik: Urrezko Astoa; Luzio Apuleio (Ibaizabal, 1996). Itzuli ote duen bakarra al da? Edo… publikatu duen bakarra ote?
IDOIA SANTAMARIA. Galdera: Jesukristoren ama, Maria, santa ote zen? Ez dakit. Santa izendapena merezi ote zuen ere, ez jakin. Ordea, euskara erabiltzean Idoia Santamariaren doia nahi nuke. Hizpide dudan eleberri hau entelegatzeko pertsona(ia) funtsekoa duzue.
INTELIGENTZIA ARTIFIZIALA edo ADIMEN ARTIFIZIALA (AA), molde jatorragoan erranik. Adimen artifizialaren arrakasta geure adimen naturalaren ildoan garatuko da. Nik hala uste. Adimen artifizialaren exitoaz bertze, arrakasta berbaren kordako adiera hauek ere desiratzen dizkiot adimen artifizialari: estimu eta harrera ona. Hots, jendarte osoaren onarpena. Halaxe izanen ote?
Nota: Berbelitzek, usaian, hitzen adiera anitzak ongi baino hobeto azaltzen dizkigu.
ICEBERG. Icebergaren aurrez aurre paratu da Berbelitz, baita polito izkiriatu ere haren ingurumarian. Moby Dick eta Juan Garzia pulunpan ari dira euskararen itsasoan. Euskararen ontziaren lema gidatu gura du Berbelitzek. Lema eskuetan oraturik ari duzue: tema eta deman. Balea baino Juan Garzia du arerio: gaur egungo Herman Melville euskalduna. Moby Dick nobelaren izozmendien eta hormamendien aurkako lehia bizian ari da Berbelitz. Tesela honetan, Ahab kapitainaren bilaketa obsesiboa hauteman dut itzultzaile protagonistarengan.
IKUSEZINA ETA IKUSIEZINA. Hizki bakar batek —I hizkiak, kasu— munduaren ikuskera aldarazi ahal digu. Euskara gero eta ikusezinagoa da, baita ikusiezinagoa ere.
IKUSI ETA IKUZI. Euskara ikusi ezin duena ez da itsua delako. Ez da euskara ikusi ezin duelako itsua denik. Agian, bere kontzientzia amiñi bat ikuzi beharko luke. Hizki bakar baten aldaerak bizitzeko ikusmoldea alda liezaguke.
ITZULPENGINTZA. Itzulpengintzan ofizioa ez ezik, lanbidea eta profesioa ongi landu beharrekoak begitantzen zaizkit. Itzultzailea eta harri-jasotzailea —marratxoa tartean, Xuxenek diostatenez— hitz kidekotzat dauzkat. Harri-jasotzaileak harria darabilen nola —Xabier Euzkitze esatari gipuzkoarrak jota ahoskatzen duen doinuan— halaxe imajinatzen dut itzultzailea. Tira ahala karraskan.
Nota eta oharra: harria diodanean ordenagailua ulertu irakurle lagun horiek. Traste astuna duzue gero, ordenagailua.
IZUA ETA BELDURRA: Izua eta beldurra, ele kidekoak. Izua, berez, geure izatean hazten eta garatzen den/dugun “estrategia” suerte bat da. Gorde nahi den/dugun zerbaiten estalgarri.
J
J ere hizki arrunt aldrebesa dugu. J Gaztelatik sartu omen/ei zen Gipuzkoan eta Bizkaian. Berbarako, espainiarren jotaz adieraziz gero, Gojenola abizenak ez digu argitzen bere esanahia. Ipar-ekialdeko hiztunaren mintzoak, berriz, goien ola ematen digu aditzera. Hegoaldeko euskaldunek (h)atsekabetuta bizi “behar” izan zuten luzaro. Iparraldekoei berriz, hegoaldeko ostatuetan Ramón-ez galdetu, eta jamón zerbitzatu izan zaie luzaz ere bai.
Euskaldunok jota egon gaitezke, haatik, bizi-bizirik gaude. Ez ditugu hatxea ez hatsa galdu. Ezta apetitua ere!
JO ETA KE. Jo eta su. Jo ta ke herriaren ahotan. Gogoz jardun, alegia. Buru-belarri. Grinatsuki. ETA fenomenoak Jo eta ke jatorrizko adiera —aldi luze batez— apur bat aldarazi zuelakoan nago.
K
KALAKA. Euskara deabruaren kalaka duzue. Euskarak espainiar eta frantziar agintari-boteretsuen inkisizioa jasan zuen behiala. Gaur egun, berriz ere, espainiar frantziar nahiz euskal justiziaren barrunbetan ari diren inkisidore berriek euskararen aurka dihardute. Hala berean, euskara hizkuntza arrotza da tokiko herritar askorentzat. Legeak lege, ezein hiritarrak bere boterea erabil dezake euskara arrotzaren kontra.
Pedro Agerre Azpilikuetak, Axular, kristauen edo giristinoen etsenplua, Salamancan ikasi zuen. Deabruaren eskolan ikasirik deabrua garaitu omen zuen. Apaiza zen, jakina. Gurean, aspaldion, jainkoa hil bide da, baita, hartara, jainkoarekin batera deabrua hil ere. Euskararen aldeko borrokak gero eta zeregin antzuagoa dirudi. Jainkoa hil ostean euskaldun-fededunaren deabruaren jiteko etsairik ezean, munduan gailendu ezinean ari duzue egungo euskalduna. Behiala, euskalduna zen euskara zuena. Egun, euskara edukitzea ez da nahikoa euskalduna izateko. Edo ez da aski euskara hizkuntza bizirik izateko.
Oharra: Axular inoizko euskal idazle handienetakoa da eta hark idatzitako Gero liburua euskal literaturako lan nagusietakoa. Gero delakoak euskara batua zehazteko balio izan du, haren obra apartekoan erabilitako lapurtera klasikoan oinarriturik.
(CONCIENCIA ETA CONSCIENCIA). KONTZIENTZIA ETA KONSTZIENTZIA idatzi beharko (ge)nituzke. Ordea, euskarak ez du Consciencia berba bere egin. Kontzientzia hitzak trenkatzen du bien esanahia. RAEk dioenez, “Kontzientzia hitza baliozkoa da kasu guztietan. Konstzientzia/consciencia, ordea, zuzena da, baldin eta hausnartzeko giza ahalmena ez bada nahasten ongiaren eta gaizkiaren arteko bereizketan”.
Oker egon ninteke, noski, baina honetaz bederen konstzientea naiz: euskarak ez du artean hainbat hizkuntz-auzi ebatzi.
Espainolez jaio hazi eta hezi nintzen, edota ninduten. Helduaroa iritsita, euskaldun osoa izatera heldu nintzen. Elebiduna naiz, hots espainiar hizkuntzaren mailan —edo altuagoan— ari naiz euskaraz. Hazi eta hezi naiz ama hizkuntza izan ez nuen honetan. Edonola naizen ere, nire uste zuloan betiere, euskara helduarora heldu ez denez gero, ez daukat ziur euskarak izate osoa lortu izanaren kontzientzia.
KONTZIENTZIA ETA JABETASUNA. Kontzientziari gagozkiola, berau definitzeko orduan, bere etimologiari atxiki behar gatzaizkio. Kontzientzia filosofikoa eta psikologikoa terminoak definituta daude. Neronek honako definizio hau hartu dut (h)aintzat: “Kontzientziak ongia eta gaizkia ezagutzea eta errealitatea eta egintzak moralki epaitzeko aukera ematen dio pertsonari, bereziki norberarenak”.
Pertsonok geure buruaren jabe izatea zaila begitantzen zait ardurarenean. Ardura bigarren adieran entelegatua betiere: sarri maiz usu. Gero eta zaharragoa izan, eta nire buruaren jabe izatea ilusio bat ote den pentsatzen hasita nago. Bestalde, herri minorizatu baten partaidea naizen aldetik, Euskal Herria bere buruaren jabe izatea kimera bat da niretzat.
Nire buruaren jabea ez banaiz ere, ez arrunt behinik behin, nire kontzientziaren jabea banaiz. Batzuk euskalduna izateagatik harro daude, bada, ni nire kontzientziaren jabe naizelako —edo naizelakoan— harro nago. Nire aburua da, prefosta, usteak ustel, niretzat, kontzientziaren jabetasuna da gizakiok atxiki dezakegun balore nagusia.
L
L letra dugu, naski, euskaldunok bizirik iraun ahal izanaren hizki gako eta ereduzko. Berbelitzek liburuon L letrari eman dion sarrera bikaina da. Berau ezagutzeko nire gonbita duzue. Badu huts bat ordea, ez da akatsa horregatik. Lertxundi abizena eskas du sarrera horrek. Lertxundi izateagatik harro izan behar luke Berbelitzek. Zehatzago erranik, Anjel Lertxundi literatura-egilea izanagatik. Literato idaztekotan egon naiz, baina, Orixeren edota Mitxelenaren —ez naiz ziur Koldo edo Salbatore ote den— hitzen hatsa eta zurrunbiloa dantzut nire gibelean.
LITERATURA. Helduarora bidean, gaztaroan, lagunen artean pasadizoren bat kontatzen nuenean, eskuak burura eraman ohi zituzten edota begi-kliskak egiten zizkioten elkarri, burlati. “…eta ez dut esajeratzen” izaten zen nire errefera. Espantuka ari omen nintzen. Gaur egun, bizitzaren pasartearen bat kontatzen dudanean, nire kalaka agortu ezinean —nork bere mugak ditu—, hauxe esaten diet lagun pazientedunei: “Ei, esajeratzen ari naiz”.
Orduan literatura egiten nuen eleka, eleka-meleka, baita gaur egun ere. Edonola zen eta den ere, gabeziak gabezia, neurri batean, literaturari esker “bizi naiz”-ela baiezta dezaket.
LIZTORRA LISTO LISTOA. Listo. Mailegu polita. Euskalduna bihurtze bidean, arraroa edota arrotza egiten zitzaidan listo hitza. Euskaldun zaharren ahotsean entzuten nuen beti, noski. Pertsona azkarra adierazteko listoa ere darabilgu euskaldunok. Ez usu ez sarri, halere. Listoa hitzak konnotazio edo aire ezkorra ote duen nago. Listopasatu hitza ere badago, akademiak onartua. Listillo denari esaten bide zaio. Hau da, bizkorregia denari. Gizakia izan beharrean, animalia izan banintz, liztorra-listo-listoa izan beharrean, erlea izan nahiko nukeen.
LOTILANDIA. Ele horrek —Berbelitzen tesela— Pierre Loti idazle frantziarri dagokio. Pierre Loti literatura faltsutuaren sinonimoa dugu. Bat egiten dut Berbelitzen txatal honekin. Ramuntcho eleberria edota Ramuntxo pertsonaia euskalduna lotsatuaren testigantza eta potreta ahalkea dituzue.
Lotilandia hitzari tokia egitearen aldekoa nauzue, Kepa Altonaga idazlearen ildoan neroni ere. Insomnioa arras pairatzen dudala esatea, agian, esajeratua da, alabaina, Lotilandian laket biziko nintzateke.
LOTSA. Ez naiz lotsa. Ez herabea. Ez ahalketsua. Ez naiz pertsona lotsatia. Ez —gure iparraldeko lotsaren adieran— pertsona beldurtia ere. Batzuetan, askotan, pertsona lotsatiago eta beldurtiagoa izan nahi nuke.
M
MAITASUNA MEMORIA MISTERIOA. Hiru berbak elkarren segidan paratu ditut. Ez aliritzira (hara, hitza Xuxenek gorriz azpimarratu dit). Maitasuna kausa baten ondorioa da. Gure izatearen kausak misteriotsuak direlakoan bizi naiz. Bien bitartean, memoria paratu dut. Memoria iragana gogoratzeko eta gordetzeko ahalmen psikikoa da. Bizitza misterioa da. Iraganean jaso nuen maitasuna oroitu nahi nuke, horregatik.
N
N. Ene zenbat ene!, gaztigatu digu Berbelitzek. Ezagutu nuen lehenbiziko izenetako bat da: Enebada. Izen euskalduna, noski. Izengoitia zen. Gazte hil zen amaren ahizparen auzoan entzun nuen estreinakoz, artean haurra nintzela
—Urretxuko Mundo Mejor zeritzan auzoa eta deritza gaur egun ere—. La enebada zen guretzat. Emakumea. Euskaldun elebakarra ote zen nago. Ia, kasik edo abantzu elebakarra. Pertsona arraroa eta arrotza guretzat.
Ene bada! Hauxe patua. Hauxe putada! Alukeria idatzi behar ote nuen. Zakurkeria, apika.
“Hago isilik, zakil hori!”, gaztigatu dit nire alter egok.
O
OBSESIOAK. Obsesio gramatikalaz ari zaigu hiztegi-egilea. Nik, besterik gabe, bizitzako gure obsesioak ekarri nahi ditut hizpidera. Esperientziak erakutsia, hauxe erran dezaket: pertsonon ideologia guztien gibelean edo euren baitan obsesioak kukutzen dira. Bestela erranik, ideologiak gure obsesioen ezkutalekuetan gordetzen ote diren nago.
OXIMORON. Contradictio in terminis. Grekeratik harturiko mailegua. Euskaraz: eromena. Omen, zorrotz eta kamuts hitzez osatua. Termino erretorikoa. Euskaraz ezin hobeto adierazia, naski. Erretorikak usu erotzen gaitu eta.
OXIMORON ETA KONTRAESANA. Hitz orok ekintza behar du. Ekintza gauzatu ezean, hitzak ez du txakur txikirik ez txakur handirik balio. Hitzaren eta ekintzaren artean, bigarrena gauzatze bidean, kontsumatzen dugu gure izate kontraesankorra.
P
PASTIZAL ETA PASTÓN. Hitz bi hauek ez dira euskarazko hiztegian ageri. RAE delakoan bai. Pastón —euskaldunok pastoia ere darabilgu—: dirutza (bigarren adiera duzue). Euskal belaunaldi berriek pastón hitzaren sinonimo den pastizal hitza darabilte bolo-bolo dirutza adierazteko. RAEn pastizal hitzak ez du bigarren adierarik. Bistan da, bistan denez, euskaldunok gero eta espainolagoak gara.
PENTIMENTUA. Damua edo pentimentua. Pentimentua, hitz ezezaguna niretzat. Italiera ez ezagutzearen gabezia. Pinturari lotuta dago. Italia eta pintura lotuta daude baitezpada. Damuak damu, gustura joango nintzateke mundu honetatik zerbait egin izanaren —edo egin barik laga diodanaren— (h)atsekabea eraman gabe. Damuak damu, ez naiz egundo literaturaren bidean —nire esker amultsuenak euskal idazleei— abiatu izanaren damu. Ahalaz, literaturan barrena bide egin nahi nuke hil arte.
POESIA. Poesia kontu bitxia duzue. Literatura genero bitxirik bada, horra poesia. Bitxiak bitxi, berezitasunik berezitasun, Anjel Lertxundi idazlearen Curriculum vitae delakoan —idatz dezadan bizitza laborala delakoan— ez dago poesia libururik. Ez duelako idatzi? Edo, apika, idatzi badu ere, ez duelako argitara eman? Berbelitzi beharrean, Anjel Lertxundiri luzatzen dizkiodan galderak dituzue.
Q
QUOSQUE TANDEM. Jorge Oteizaren Quosque tandem…! saiakera liburuari esker, baita Gabriel Arestiren Harri eta Herri poesia liburuari ere, Euskal Herria existitu zitekeenaz jabetu nintzen. Oteiza eta Aresti. Erretxinak edota ipurterreak biak ala biak. Zein baino zeinagoa… Omen eta ei. Obra-egileak eta euren obrak. Saio baterako gaia(k).
Quosque tandem…! izenburua luzeagoa duzue: Quosque tandem..!, euskal arimaren interpretazio estetikoa. Tituluak berak soilak gatibatu ninduen, baita liluratu ere. Agian, hain ziur, lehen irakurketa haietan dena ulertzen ez nuelako, ezta hurrik ere. Egiari zor, jainkoari eskerrak, gaztelaniaz idatzita zegoen.
Harri eta Herriren inguruan ere, gauza bera. Eskerrak ele bietan idatzita zegoela hau ere. Jainkoari esker hori ere. Azkoz geroago, kazetaritzak eta kazetari bihurtu izanak Meli piku melatua ezagutzeko zoria eman zidaten.
Arestiren poesian egiak eta ez egiak izanen dira hain ziur ere. Egia bat badago oroz gainetik: Meli Esteban emakume zinez goxoa ezagutu nuen. Meli bizirik dagoelakoan, nire muxu melatu bat.
Ohar I: hurrengo batean, apika, aipatu jainko horretaz jardun beharko dut. Beharbada. Behar bada.
Ohar I: itzulpengintza dugu Berbelitzen gai nagusia. Gabriel Aresti Segurola bilbotarra idazle bilakatuko zen itzulpengintzari eskaini zizkion lanak zertu gabe? Nekez, ezta? Sinesgaitza, niretzat.
R
R. Onomatopeietan gehientsuen erabilitako letra eta hotsa. Halaxe dio Berbelitzek. Aberria edo aberia dela kari ekarri dut daborduko hizpidera hasmentan.
ROBOTA. Polito landua ekarri digu robota hitza ere bai. Zinez lantegi zaila behar du itzultzailearenak. Izan ere, itzultzaileak robota bilatzeko boleto anitz dituelakoan nago. Usteak ustel, robotak robot, roboten eta usteen tartean nabilkizue ni ere.
S
SABLEA. Hegoaldean ezpata molde bat. Iparraldean harea edota hondarra. Frantsesa da ezagutu nuen bigarren hizkuntza. Lanbide heziketa delakoa ikasi nuen hamar urte inguru nituela —50 urte luze joan dira orduz gero—, eta polito samar ikasi arren, gure iparraldera arribatu nintzenean, herdoildua ez, arrunt ahaztua nuen. Anartean, gaur da eguna, ez dudala frantsesa taxuz egiten. Alors, j’ai parle comme une vache basque-espagnol. Bref: frantximanta-espainola nauzue.
Oharra: Garazi eskualdean bilakatu nintzen euskaldun osoa. Bertakoa duzue hobekien ezagutzen eta mintzatzen dudan euskalkia. Herdoildua dut, noski. Aldian-aldian, haatik, haranzko bidea eginik, karrakatu ohi dut xuka delakoa.
(H)erbestetik itzuli nintzenean (halaxe esaten zuten lagunek) frantsesa ikasi izana goresten zuten. Goresten ninduten. Gehienak, salbuespenak salbuespen, espainol batuaz mintzo ziren eta hala mintzo dira gaur ere. Ez zuten jakin, ez dakite egun ere, baxenafarrera mintzo naizela. Ene euskal harrotasuna aireratu ahal izateko inar-xantzarik tipiena ez didate eskaini.
Exilioak edota (h)erbesteak zabaldu zidan euskalduna bihurtzeko bidea. Bidea eta xantza. Hau malura! Hori zoria! Malura eta zoria, txapon bereko ifrentzuak. Honatx, Gamarte herrian behin baino gehiagotan aditzen nuen erranaldia, otto Jean-Leonen mintzoan: “Migüel, Migüel, atorra binperrez jantzi düxü”.
Txanponaren aurkia eta ifrentzua bereizten ikasi nuen. Aurki, agidanez, baita dirudienez ere.
SED QUIA SUA. Iñaki Segurola zenaren saiakera liburua duzu Sed Quia sua. Armiarman sartu naiz. Harrituta eta izututa nago. Ez naiz ausartu liburuaren harian idatzi nuena berriz ere irakurtzen. Arrazoia ez dago edukitzerik eta Ganorexia ere iruzkindu nituen. Bego. Hitzik barik nago. Behinola elkarrizketatu nuen Iñaki Segurola, Argiarako. Haren “Arrazoiak ez luke ‘halabehar’ izan behar” maxima gogoan daukat. Halabeharrez ezean hala beharrean, ez ote garen destinoaren zorira makurtuta edota zigortuta bizi naiz.
Nemo patriam quia magna est amat, sed quia sua. Nadie ama a su patria porque ella sea grande, sino porque es suya / Personne n’aime sa patrie parce qu’elle est grande, mais parce qu’elle est la sienne.
“Nehork ez du bere aberria maite bera handia delako, berea delako baizik”.
Oharra: niri dagokidanez, abertzale beharrean euskaltzale entelegatu ezazue. Otoi eta arren!
T
TAKARRA ETA KATENE. Berbelitzek lehenik Katene eta ondoren Takarra idatzi ditu liburuan. Bere katuak dituzue. Haren mitxinoen izenak. Katuak mitxinoa jan du, antza. Amaren ahotan gogoratzen dut mitxino hitza: “Zatoz mitxino, zatoz!”.
Ama euskalduna/euskaraduna izan genuen, aita ez. Halaz ere, arrazoiak arrazoi, kontuak kontu, arrazoiak hala nola kontuak tristeak betiere, ez genuen euskara jaso. Nire ama hizkuntza ez da euskara, errana engoitik orain.
Euskaldunon patua gauza tristea begitandu zait beti. Ez da txistea, tristea da. Txiste triste bat. Zer nahi duzue? Nork bere zoria. Nirea, zoritxarrekoa izan zen. Euskalduntasunari dagokionez ari naiz. Ez dut uste bakarra naizenik.
Harira. Berbelitzen nobela honetako pertsonaia zenbaiten izenak ekarri ditut hona. Izen propioak. Izen propiorik gabe, (h)istori(o)a honetako pertsonaiak ere haren aita eta ama dituzue. Nago, fikzioak fikzio, baliteke —imajinazioa suelto laga dut eta— Berbelitzen aita eta amaren espirituak Katene eta Takarra mitxino eta katuengan berraragiztatuak izatea.
Ohar I: Berbelitzek ez ezik, Anjel Lertxundik atrebentzia barkatuko didalakoan idatzia. Ausardiaz bestera ausarkeria ote nirea?
Ohar II: Elenek ekarri (bide) zituen Katene eta Takarra Berbelitzen etxera. Amak gogoan: zatoz mitxino-mitxino! Aitak gogoan: zoaz xapi-xapi!
TIPIKOA ETA TOPIKOA. Tipikoa eta topikoa sinonimoak bilakatu dira, antza. Areago, belaunaldi berriek tipikoa mitikoa bihurtu dute. Hots, primerakoa. Bikaina. Alegiazko kontua ere izan daiteke. Bizitza definitzea zaila dela berresten ari naiz. Milurteko berrian emozioa gailendu zaio arrazoiari. Bizitza, oroz gain, izugarria da. Baiki, izu ematen du bizitza bizitzeak.
TOLERANTZIA ETA BEGIRUNEA. Berbelitzek dioenez, tolerantzia kontzeptuak ongiaren eta gaizkiaren mugetan galtzen du sinesgarritasuna. Tira, halatsu ulertu dut. Tolerantzia, niretzat betiere, pertsonok sufrikarioa edo sufrimendua jasateko dugun ahalmenaren arabera neurtzen da. Neronek, tolerantziaren aldean errespetua lehenesten dut. Begirune hitzaren sinonimoa duzue. Baliteke, tolerantzia eta begirunea inar-doi batek bereiztea.
TRADUTORE ETA TRADITORE. Berbelitzen ofizioa itzultzailea den aldetik ongi baino hobeto azaldu dizkigu tradutore eta traditore sujetuen kontrobertsiak, zalantza-balantzak eta duda-mudak. Nire motzean, ele sorta samur hauxe gehituko nuke: itzultzailearen lanbidearen funtsa originala izatean datza.
Originala (I): berezia izatea.
Originala (II): jatorrizkoari fidel izatea.
Oharra: adiera gehiago gehi diezaiokezue fidel izateari: zehatz, ondradu, onest, garbia, zintzoa… Ageri denez, Berbelitzen profesioak giza bertuteak eta kalitateak exijitu egiten ditu.
TX
TX. Hatxe edo Jota ez bezala, TX delakoa —teixa ahoskatu behar ote?— txundigarria zait: txio, txori, txiki, txit, txita, txundigarri, txingudi, tximeleta, txukun; triku, trikuarri, ttakun-ttakun —azken hiru hauekin tranpa egin dut, hain dira atseginak ordea—, txakur…
Ohar I: txakur hitza ez zait atsegina. Haatik, nire errespetu osoa txakurrei. Euren jabeei ez, ordea.
Ohar II: polizia adierazteko darabilgun txakur adierak ez du eragin izan testu hau osatzean.
TSUNDOKU. Berbelitzen tsundoku hitzak aztoratu nau. Tsundoku bat al naiz ni ere? Hau da, liburuen maniakoa? Ez nuke nahi. Ez horixe. Literaturak munduan nor izaten laguntzea nahi nuke. Bizitzeaz neu arduratuko naiz. Orain arte halaxe egin dut bederen.
TXATAL. Paper puska batez ari nauzue. Nago ez naizela Berbelitz bezain iaioa oharrak apunteak eta notak hartzerakoan. Zabarra naiz gero. Paper txatalak lardaskatzen ditut. Lapitzak eta arkatzak zorroztu eta kamustu egiten ditut ardurenean. Sarritan morroi lanputsa begitantzen zait nire burua.
U
UBARROIA. Ubarroia berba estreinakoz entzu(te)n nuenean, hodei beltzak zetozela imajinatzen nuen. Mendebaldetik ekialdera norabidean hedoiak bilakatzen diren horiek.
UMOREA ETA HUMOREA. Umorea umore-senari dagokio. Bizitzeko, ongixko bizitzeko, baitezpadakoa zaigu umore dosi on bat izatea. Humorea berriz, erreuma suerte bat duzue.
Kasu emaiezue R bikoitza da(ra)biltzen hitzei. Erremerre izatea ez da kontu goxoa. Tira, kasuan kasu horiek ere.
V
UVE HIZKIA. Berbelitzen hiztegian ez dago Vrik. Uf, hau xantza, hau zoria!
W
WASHINGTON. FAR WEST. JAMES WEST ETA JIM WEST. WORD. WHISKI. WHISTON. JONNY WEISSMULLER. WINCHESTER. WINSTON CHURCHILL. AMY WINEHOUSE. WIKIPEDIA…
Nire ingelesaren arrastoetan jarri zaituztet. Ingelesa laugarren hizkuntza dudala esateak lotsa ematen dit. Orain dela urte bat hurbildu nintzen berarengana. Berak inguratua eta setiatua aspaldian naiz bizi. Modu autodidakta eskas batez ari naiz berarekin. Ozta-ozta. Nire ingelesa hutsaren hurrengoa da, noski baino noskiago hori ere. Hutsa duzue.
Jorge Oteiza gogoan kontsolatzen naiz, haatik. Hutsa zulo handitzat baitaukat. Nire burua, handia edo, nekez betetzen den hutsunea duzue nonbait. Buruan gero eta huts-zulo gehiago baitaukat. Huts une eta gune gero eta larregiak, naski.
Oharra eta ikaspena: ene uste zuloan, huts hutsune edo hustasuna betetzen ditugueno bizirik jarraitzen dugu
Nota: -eno edo betetzen dugun bitartean. Ez Elhuyarrek ez Akademiak dute -eno atzizki moldea jasotzen edo jaso gura/nahi.
Agian, naski, Jorge Oteizaren hutsak digu hil artean bizirik izaten laguntzen.
Oharraren jarraipena… Pentsa dezaket edota dezakezue, halaber: jainko maitea, zer egin dugu gizakiok erru edo huts hori merezi izateko?
X
X letrak ere badu xarma. Bistan duzue, ezta?
XAPI-XAPIKA. TXIMINO-TXIMINO. Tesela hau Katene eta Takarra katuekiko ene liluraren eta miresmenaren lekuko duzue. Elene gogoan. Baita nire ama gogoan ere.
XABOIA. Amona Dominikaren obsesio nagusia duzue xaboia. Zinez esanguratsua duzue Berbelitzen tesela hau. Chimbo eta Lagarto hitzen gibelean txinbo eta musker euskarazko hitzak daudela jakiteak euskaldun izatearen harrotasun zimela hanpatu dit. Tesela ontsa konprenitu dudalakoan ari nauzue. Paper txataletan hartutako nota eta apunte kaskarrak deskribatu nahian ari bainaiz betiere.
X ETA J HIZKIAK TARTEKO: JOSU LANDA IJURKO. Ijurko. Ixurko. Iurreta. Jurramendi. Iurramendi… Ixa eta Jota tarteko, bi bider erranik, horiek denak bi bider aipaturik, behinola Josu Landa Ijurkoari entzun niona oroitzeko —buruz gogoz eta bihotzez ari naiz berriz ere—: “Chimbo eta Lagarto xaboiak merkatutik erretiratu zituzten geroztik, mundu hau ez da bestorduz izan zena”.
XEHETASUN. Xehetasunetan galdu izaten naiz ardura. Ardurak galarazten nau. Por exceso edo por defecto izaeren artean aritzen naiz, noraezean. Alta bada, nirea batez ere por exceso aritzea duzue. Horixe nire okerra.
Ohar I: taxuz eskertuko nuke lokuzio biak itzultzaile batek euskarara ekarriko balitu.
Ohar II: bidenabar, Juan Garzia eta Idoia Santamaria itzultzaileak aipatu ditudanez gero, hiztegi honetan modu apalagoan badaude ere, Xabier Olarra eta Irene Aldasoro ere (h)aintzat hartu behar dituzue. Bertzeak bertze, horiek ere.
Ohar II: erran gabe behar luke, baina nire harrotasuna ezin azpiratu ari nauzue. Simone de Beauvoirren Bigarren sexua. Egitateak eta mitoak (I) eta Bizi izandako esperientzia (II) liburutzarrak mahai gainean dauzkat. Ari naiz ari, ere, tarteka-marteka, beraiekin. Tesela hau, Irene Arrarats Lizeagaren itzulpen lan alimalekoa azpimarratu aldera idatzi dut. Harro egoteko moduko lan gaitza. Bigarren adieran hartu gaitza delako hori.
XUJETO. Eleberri batean pertsonaiak baitezpadakoak dituzue, bistan da. Protagonista batez ere. Edo protagonistak hala berean. Berbelitz dugu obra honetako narratzailea, protagonista nagusia. Berealdikoa. Xujeto duzue alabaina, nire gusturako, ororen artean pertsonaiarik zeharo esanguratsua, nagusiaren ondokoa erranen nuke. On Kixoteren Santxo lagunaren antzekoa edo parekoa. Idealismo guztien apurtzailea. Suntsitzailea.
Horratx Xujeto! Tabernaria. Morroi aparta. Betik zotza ahoan duena. Ederra sakatzeko pronto betiere.
Ikaspena: jakintza ez duzue prezeski edo baitezpada estatuen eta jendartearen goi-egituretan eridenen.
Y
Y hizkia ere ez da ageri Berbelitzenean. Pozarren nauzue. Egiari zor, ahituta nago. Hiztegigintza ez da edonoren esku. Eskerrik asko hiztegi egileei. Ba al dago, itzultzaile gabeko idazle izaterik?
Z
ZELANDABERRIA. Zelan da aberria?-ren akronimo suerte makarra duzue:
Aberria: euskal alfabetatuek eta euskal analfabetoek zedarritzen duten lurraldea. Itzultzaile ere den liburu-iruzkingile honen arabera —tradutoreak arau—, aberria pertsonon printzipioak eta xedeak traditzen dituen eremua edota herrialdea duzue.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria
Gabonetako ikuskizuna
Pedro Ignazio Barrutia
Gorka Bereziartua Mitxelena
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Ibon Egaña
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Paloma Rodriguez-Miñambres
Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena
Sara Cabrera
London Calling
Goio Ramos
Sara Cabrera