kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Oroi garen oro / Beatriz Chivite / Pamiela, 2025

Oihalkiak Nagore Fernandez / Berria, 2025-05-04

Oihalkiak du izena Beatriz Txibitek Pamiela etxean argitaratu berri duen Oroi garen oro bildumako poema batek, baina izenburu horrek, poema bakar bati ez ezik, liburu osoari ere egin diezaioke erreferentzia, arazo barik. “Elkarrekin josten ditudan oihal zatiak dira, ez da leku zehatz bat, ezta egun bakar bat ere, jendearen ehundura baizik. Leku ezezagunetan eraiki ditugun errutinak, partekatu ditugun oheak, objektu txikiak eta jolasak” irakur dezakegu poema horretan eta, hain zuzen ere, konposizio bakoitzak autoreak bizitzan ezagutu dituen pertsona asko eta askotarikoen oroitzapen txatal, objektu txiki eta oihalki pertsonal horiek guztiak erakutsiko dizkio irakurleari.

Fragmentu txikiak dira bere horretan; luzeenak orrialde pasatxo hartzen du; laburrenak, ordea, hiru lerro. Aski zaizkio, baina, iraganera begiratu eta, nork bere bizitzan bizitakoak eta gogoan gordetakoak testuratzeko, izenburuak berak aurreratzen digunez, lehenaldia baita obrako konposizio guztien funtsa. Eta gogoratze ariketa horretan ikuspegi transnazional bat baliatu du Txibitek, munduko hainbat tokitako jendeak kontatutako memoriak baitira guztiak: Euskal Herria, Espainia, Italia, Zeelanda Berria, Estatu Batuak, Albania, Eskozia, Txile, Finlandia, Herbehereak, Txina, besteak beste. Dena den, kontakizunak eta ahotsak leku eta denbora zehatz batetik kontatuta dauden arren, eta konposizio bakoitzean oso bestelako pasarteak deskribatzen diren arren, guztietan agertzen da iragana orainaren eta norberaren identitatearen elementu funtsezko bezala. Alde horretatik esango nuke badagoela, inplizituki, oroitzearen balio unibertsala aldarrikatzeko nahia, baita memoria —batik bat indibiduala— balioestekoa eta transmititzekoa ere, eta intentzionalitate horrek sendotasuna eman dio Txibiteren apustu literarioari, duda barik.

Jendearen oroitzapenak eta bizipenak bezala, konposizioen neurria eta moldea ere askotarikoa da. Badaude hausnarketa hari fin-fin bat proposatzen diguten testuak, poesiaren muga literario eta estetikoak auzitan jar ditzaketenak, esaterako Bere oinen gainean eta Amore Mio. Badira, halaber, luze eta narratiboagoak diren pasadizoak, kontakizun batetik oso hurbileko moldez eta neurriz idatziak, Nire ama goitik begira eta Alaitasun malkoak, kasurako. Badira, azkenik, lengoaia ez-figuratibo eta poetikoago batean arnasa hartzen dutenak, irudi zehatz bat eta sentipen konkretu bat elkarrekin lotzen dituztenak, Pagadi gorriak eta Zomorroak azalean, adibidez. Azken horiek iruditu zaizkit indartsuenak, are gehiago poesia liburu bat dela kontuan izanik; horietan konektatu dut gehien Txibiteren estilo zuzenarekin, eta irudiekin dialogatzen duen ahots iradokitzailearekin.

Irakurleak, hortaz, ez du aurkituko poesia liburu konbentzional eta tradizionalik Beatriz Txibiteren Oroi garen oro obran. Molde eta ahots ugari antzeman daitezke konposizio bakoitzean, oroitzeko dauden momentu eta modu ugarien isla-edo; are, zenbaitek genero literarioaren beraren mugekin jolastuko eta hura auzitan jarriko dute. Izan ere, Leire Bilbaoren hitzak gogoratuz, zer da poesia, bestela, hitzaren jolasa ez bada?

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak