kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Ehun zaldi trostan / Ainhoa Urien / Elkar, 2025

Bi munduren mugagabetasuna Asier Urkiza / Berria, 2025-05-04

Ignacio Aldecoa bekari esker argitaratu du Ainhoa Urienek bere lehenengo fikziozko lana. Ipuin liburua da, berez, Ehun zaldi trostan. Ez da ohiko ipuin liburua, ordea; ez dago kontakizun independentez osatua, alegia. Kontakizunak unibertso berekoak dira, pertsonaiok narrazio batetik bestera egiten dute jauzi. Are, liburuak, eleberriaren jarraitutasuna ez izanagatik, protagonista bat ere baduela esan daiteke. Irene da kontakizun sorta honetako pertsonaia nagusia, bi munduren artean bizi den gizaki pentsakorregia.

Zazpi kontakizunek osatzen dute liburua. Marrazki batez eta testu zati batez lagunduta dago horietako bakoitza. Irene izeneko protagonistak landa eremuan ditu sustraiak, familiaren baserrian. Azken urteetan, baina, hirira, Donostiara egin du; unibertsitate ikasketak egitera joan zen eta laketu da azkenerako, han ari baita tatuaje denda batean lanean. Ugariak dira bi mundu horien talkari egindako erreferentziak, zeinak identitate gatazka ekarri izan baitio Ireneri. Badirudi, halere, bi munduak uztartzea lortu duela, bigarrenean errotzeko lehenengoari uko egin gabe.

Identitatea da kontakizunetako gai nagusietako bat. Jatorriak eta norbere identitatearen garapenak eragindako gatazka Ehun zaldi trostan izen bereko kontakizunean, etxea esentzia gisa ez baizik eta aurki daitekeen tokitzat Izenaren usainean-en, belaunaldiartekotasuna Orainaldian bizitzea da zahartzea-n… Ez bakarrik Irenek, beste pertsonaia batzuek identitatearekin izandako hartu-emanak ere aletzen dira, denak ere protagonistaren ingurukoak, hori bai. Amama Klara eta Aitite Tomasekin hasi eta baserriz baserri hildako animaliak garraiatzen ibiltzen den Carlos perutarrarenganaino, tartean Ireneren familiaren baserrian errotutako Iban dela. Jatorriari eta tokiei ez ezik, identitatearen gaineko hausnarketa harreman sexu-afektiboetara ere zabaltzen da, Olinpiadek lasaitu egiten naute eta Isiltzeko duzun modua-n, esaterako.

Kontakizun bakoitzerako, gainera, pertsona gramatikalean berezko hautua egiten du Urienek. Hirugarren pertsonaren eta zehar estilo librearen aldeko apustua egiten du batzuetan, lehenengo pertsona darabil besteetan… Bizitasuna ematen dio horrek narrazioari. Era berean, idazkeraren tonua ere egokitu egiten du kontakizunaren arabera eta esaldi labur eta gogorragoak, zarta itxurakoak ematen ditu hainbatetan, beste zenbaitetan luze eta deskriptiboagoak egiteko. Horretaz gain, eraginkorrak dira idazleak sortutako hainbat eszena, hala nola autopistako bidaia eta hondartzako bainuarena, baserriko mahaikoa lehenengo ipuinean, Elektra eta Ireneren artekoa azkenekoan… Halere, hainbat pasarte, batik bat pertsonaien barne gogoa adieraztekoak, artifizialegiak dira tonuari dagokionez. Narratzailearen gehiegizko azalpenekin du zerikusia. Orobat, lekuz kanpokoa iruditu zait azken-aurreko ipuina, liburuaren tonuarekin bat egiten ez duela. Edozein kasutan, oro har koherentzia handikoa da Ainhoa Urienen lehenengo ipuin liburua, auzi konplexuei literarioki probetxu hartzen dakiten horietakoa.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak