kritiken hemeroteka

8.514 kritika

« | »

Girgileria / Juana Dolores (Maider Ramirez) / Katakrak, 2024

Distiraren kolorea(k) Nagore Fernandez / Berria, 2025-03-09

Girgileria du izenburua Juana Dolores poeta katalanak Katakrak etxean argitaratu duen poema liburuak. Edizioa elebiduna da; batetik, ezkerraldean, Dolores poetaren jatorrizko hitzak dakartza katalanez; eskuman, bestetik, bakoitzari dagokion euskarazko itzulpena, Maider Ramirezek trebeziaz eta zentzuz prestatutakoa. Izan ere, poemategiaren bi bertsioak erakustearekin batera, itzultzaileak kontzienteki —eta ziur aski asko pentsatuta— hartutako erabakiak egin dira bide batez ikusgarri, hots, itzulpen prozesua bera. Egindako hautuen artean, Doloresen poemei darien heterolinguismoa Ramirezek euskarara nola ekarri duen nabarmendu nahiko nuke. Hizkuntza (eta kultura) katalana, euskara (eta euskal kultura) nola, gaztelerarekiko egoera diglosikoan bizi dela ez da inongo misterioa irakurlearentzat. Poetak, halaber, bere konposizioetan ez du polifonia hori ezkutatu; errealitatea dagoen-dagoenean islatu, eta elkarren atzean txertatu ditu erdal esapideak, katalanak bezalako hizkuntzek egunero bizi duten errealitate anitz horren isla. Bada, Ramirezek ere, Doloresen hautu linguistikoari zintzo, euskarazkoan mantentzea erabakitzen du, eta horrek, ezinbestean, bi hizkuntzak, euskara eta katalana harremanetan jartzeaz batera, bien arteko elkarrizketa (inplizitu) bat ere ekartzen du orriotara.

Aurrekoarekin batera, irakurleak heteropatriarkatuari eta ainguratzen gaituen sistema kapitalista basatiari kontra egiten dioten poemak aurkituko ditu orriotan, betiere, gorputzetatik, eta, batik bat, erraietatik idatziak. Begiratu baino ez zaio egin behar, poemaz poema, autoreak eraikitzen duen esparru semantikoari eta azalari dei egiten dion iruditeriari horretaz ohartzeko. Portadako ilustraziotik bertatik, etengabeak dira gorputzaren erreferentziak, baita gizakiok gorputzetatik eta gorputzen bitartez izaten ditugun pultsio eta erreakzio esentzialak ere. Ni dioen ahots poetikoa, hortaz, gorputz eta izate, biluztu egiten zaigu bidaia osoan zehar, eta bere gorputzak, harribitxiek nola, dir-dir egiten dute, hain zuzen ere, estutzen eta zapaltzen gaituen sistemaren kontra. Dir-dir eta brilli-brilli horietan konektatu dut gehien ahots poetikoarekin, eta une horietan ezagutu dut ondoen Juana Doloresen estiloaren funtsa. Izan ere, isla horiek ez dira inondik ere samurrak; ni poetikoaren diskurtsoari amorrua dario, indartsua da, zenbaitetan bortitza, eta gustatu egin zait horren ahots bizi eta adierazkor batekin topo egitea.

Juana Doloresen poema liburua kolore bakarrarekin marraztu behar izango banu, gorria aukeratuko nuke duda barik. Gorrian biltzen dira orriotan larru(gorri)tu diren gorputzak, baina baita autoreak orriz orri eraikitzen duen girgileria horren guztiaren dirdaiak ere, errubien distira eta azalarena, sentimenduena. Gorriz janzten da, halaber, diskurtsoa bera ere; nabariak dira hitzen oihartzun marxistak, kapitalismoak bereganatu dituen estetika eta rolak begien aurrean jartzen dizkigunean. Areago, salaketa bakoitza gorria bakarrik izan daitekeen amorruz kontatzen digu. Eta ezin bestela izan sistema zapaltzailearen aurka gorputzak eta erraiak oldartzen direnean.

Azken kritikak

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Asier Urkiza

Paziente isila
Alex Michaelides

Nagore Fernandez

Eromenaren laudorioa
Erasmo Rotterdamgoa

Aritz Galarraga

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Mikel Asurmendi

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Jon Jimenez

Amaieratik hasi
Naia Torrealdai Mandaluniz

Amaia Alvarez Uria

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Aitor Francos

Urrats galduen hotsa
Luis Garde

Jose Luis Padron

Simulakro bat
Leire Ugadi

Ibon Egaña

Bigarren sexua
Simone de Beauvoir

Mikel Asurmendi

Hezur berriak
Ane Labaka Mayoz

Maddi Galdos Areta

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Aiora Sampedro

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Asier Urkiza

Artxiboa

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

Hedabideak