kritiken hemeroteka

8.711 kritika

« | »

Coca-Cola bat zurekin / Beñat Sarasola / Susa, 2024

Bizitza iragankorrak Asier Urkiza / Berria, 2025-03-09

Irailean argitaratu zen Coca-cola bat zurekin, Beñat Sarasolaren bigarren nobela. Lehenengo urratsak poesian emanda, 2019an eman zuen lehenbiziko narrazio lana, Deklaratzekorik ez. Argitaratu berriak Frank O’Hararen bizitza dakarkigu, edo zehazkiago, poetaren ibilbidearen urte batzuk ekartzen ditu orriotara. O’Haraz ez ezik, baina, eleberriak garai hartako arte giroaz dihardu; hain zuzen, kultur mundu haren barruko botere dinamika eta interes jokoez, poetak berak zuzendutako 1960ko MOMAko erakusketa bat abiapuntu.

O’Harak Vincent Warren maitaleari eskainitako poema batek ematen dio izenburua nobelari. Poemaren sorburu izandako eszenak ixten du liburua, gainera. Vincent eta Franken arteko maitasun istorioak hartzen du liburuaren zatirik handiena, arte munduko azpijoko eta zurikeriak azaleratzen dituen atalari kontrapuntua eginez. O’Harak lotzen ditu ildo bat eta bestea, halere. Espainiar artista abangoardisten erakusketa mugarriko zuzendari da O’Hara eta ekitaldiak piztutako interes gurutzatuak pairatu beharko ditu, bateko museoko adar puristaren mespretxua, besteko Espainiako Gobernu frankistaren arterako arduradun den Luis Gonzalez Roblesen presioa. Bestalde, New Yorkeko arte munduaren berri ere ematen da eta O’Hararen inguruko poeta eta idazleak agertzen dira, hala nola Helen Frankenthaler margolaria eta Diane Di Prima eta John Ashbery poetak. Azkenik, adabaki moduan edo, hau da, narrazioaren hari nagusitik aterata, Oteiza eta Txillidarekikoak aletzen dira.

Aipatzekoa da liburuaren egitura. Kontakizun kronologiko eta orohartzailea egin ordez, kontakizuna data zehatzetan ardaztea erabaki du Sarasolak, denboran jauziak eginez. Narrazioa aberasten du horrek, atalen arteko elipsiak lagun. Paratestu ez txikiak laguntzen dio kontaketari, argazki, poema, testu txatal eta garaiko arte kritikez osatua. Eleberria, bestalde, eszena jakinetan bermatzen da. Narratzaile dohaina erakusten du horietan autoreak, eszenek indar doia behar baitzuten, ataletik harago ere oihartzun egiteko, itxurazkoegiak izan gabe. Egoki girotuak dira —joriak dira deskribapenak— eta ondo ekarriak pertsonaien arteko harreman eta distantziak. Elkarrizketak nabarmentzen dira halaber, ingelesekiko erdarakada eta guzti.

Haatik, adabaki ugariko bilbea izanik liburukoa, Oteiza eta Txillidarenak soberakoak iruditu zaizkit. Kazetari uruguaitarraren eta Luis Gonzalez Roblesen hitzartzeak narrazioko tonu nagusitik aldentzen dira eta ez diote, ageriko tonu aldaketaz gain, ezer askorik ekartzen narrazioari. Aldiz, O’Hara eta Warrenen pasarteak dira gozagarrienak, horiexek baitute indar gehien beren arintasun detaileekiko arretatsuan. Horiek asmatzen dute, era berean, hitzetara mugatzen ez den pertsonaien arteko komunikazioaren zulo eta aukerak azaleratzen. Bereziki ederrak dira tren geltokikoa, Cohasettekoa eta azkena, zeina bereziki eraginkorra suertatzen baita, irakurlea jakinaren gainean egonik bikotearen patuaz. 40 urterekin hil zen O’Hara eta azkenengo eszena horretan dago bildua bizitzaren iragankortasuna.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak