kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Lagun armatua / Raul Zelik (Edorta Matauko) / Txalaparta, 2009

Distantziak distantzia Mikel Ayerbe / Berria, 2009-10-18

Munichen jaio eta Berlinen bizi den Raul Zelik idazleak Petra Elser-ekin batera Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua nobela itzuli zuen alemanera duela bi urte. Urte berean argitaratu zuen Der bewaffnete Freund nobela, oraintsu Edorta Matauko itzultzaileari esker Lagun armatua izenburupean kaleratu dena.

Alex protagonista gaztetako oporraldiak pasatzen zituen X hirira (Bilbora) itzuli da. Liburuaren aurreneko zatian, protagonistak azkenaldian dituen gorabeheren panoramika biltzen da: Rabeerekin duen harreman berriko lehenengo pitzadurak, Hanna alabaren amarekin duen erlazio gatazkatsua eta ondorioz, alabarekiko duen urruntasun sentsazioa… Gertakari guzti hauen aurrean Alexek duen erruduntasun eta utzikeria konplexuak unibertsitateko ikerketa batean murgildu eta Bilbora eramango dute. Liburuko bigarren zatian, gaztetan lagun izandako Zubietari laguntzeko eskaria jasoko du Alexek. Sarrionandiari kartzelatik ihes egiten lagundu zionetik, sasian bizi izan da Zubieta, baina orain Espainia hegoaldera eramango duen norbait behar du. Zalantza politiko eta etikoak baztertuz, Alexek proposamena onartu eta ezustekoek ere euren bidea egingo duten roadmovie batean barneratuko dira bi lagunak.

Asko hitz egin da gatazkaz idazterakoan distantziak duen garrantziaz, distantzia bai denboran eta baita espazioan ere. Modu horretan, Alemaniatik gure gatazkaz idatzi du Zelikek, ziurrenik hemengo idazle batek egingo ez lukeen moduan gainera. Alde batetik, gatazkaren inguruko ikuspegi ezkertiarra —nahiz eta ikuspegi kritikoak ere bere lekua izan— modu oso ausartean eta gordinean aurkezten duelako. Bestetik, euskal gatazkaren gaia aleman irakurleei gerturatzeko ahaleginean gure egoera petralaren inguruko gertakari jakinak bata bestearen atzetik pilatzen direlako —auziaz ezer gutxi dakien bati eginiko laburpen gisara—. Dena den, aipatu behar da Zelik ez dela gatazkaren eremura hurbildu gaiak izan dezakeen kutsu exotikoa besterik gabe exportatzeko intentzioz —besteak beste, idazleak aspaldidanik duelako lotura Euskal Herriarekin— eta alde horretatik, gaiaren inguruko trataera jakin bat biltzen da nobelan. Aztertu beharko da, liburu hau inoiz gaztelerara itzultzen bada izango duen harrera.

Horrela, azken urteetan gure gizartea kolpatu duten hainbat gertaeren inbentario hautatua egiten du Zelikek gatazka bere gisara kontatzeko, izua Alex protagonistaren hezurretaraino barneratu eta irakurleari galdera jakinak planteatuz. Hori bai, kontakizuna azken su-etenaren garaian kokatzen den neurrian, denboran eginiko distantziak ere gertakariak narratu edo ulertzeko modua ere alda dezakeela deritzot.

Nobelaren ezaugarrietara itzuliz, kontaketak sarritan bereganatzen duen kutsu epikoak ere apur bat atzera botarazi nauela esan behar —Alexek Zubieta laguntzeko ematen duen arrazoi nagusia horren lekuko—. Bestetik, nobelako aurreneko zatia luzeegia begitandu zait, amaieran guztiak esanahi zehatz bat bereganatu dezan idazleak Alexen karakterizazio psikologikoa gehiegi landu nahi izan balu bezala.

Kontrara, nobelako bigarren atalean Zelikek bete-betean asmatu duela deritzot. Duela bi urte eginiko elkarrizketa batean “izuan barrena eginiko bidaia” baten kontakizuna egin nahi izan zuela adierazi baitzuen idazleak eta kontakizuna puzteko gatazkak ahalbidetu ditzakeen piroteknia osagairik gabe: tiroketak, polizia pertsekuzioak…, protagonistaren barne bidaia eta izua transmititzen asmatzen duelako.

Distantziak distantzia, fikzioa eta lekukotza -zein salaketa- elkarrekin nahasten diren kontakizun honetan ni neu Lagun armatua-ren alderdi fikzionalenak erakarri nauela esan behar.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak