kritiken hemeroteka

8.501 kritika

« | »

Lubakia / Andrei Platonov (Iker Sancho) / Alberdania-Elkar, 2009

Giza txorimaloak Karlos Del Olmo / eizie.org, 2009-10-19

1920an, jaio berria zen Sobiet Batasuneko idazleei inkesta bat bidali zieten. Besteak beste, ondokoa galdetu omen zuten: “Zein literatur joerak erakartzen zaitu?”. Andrei Platonovich Klimentovek 21 urte zituen garai hartan, eta honako hau erantzun zien: “Batek ere ez. Nirea baino ez den joera baten jabe naiz”. Literaturaren historia dirdiratsuan uste baino ohikoagoak diren orri beltz asko eta asko bete litezke Andrei Platonovi bizi artean eta hil ondoren fortunaturikoekin. Bizirik zegoela, zentsura bortitza eta agintarien gaitzespena jasan zituen. Hildakoan, luzaro, bigarren heriotza baten parekoa den ahaztura. Haren idazlan osoak oraindik ez dira behar bezala argitaratu, ezta errusieraz ere. Eta baliteke inoiz ere plazara behar bezala ez agertzea: original batzuk galduta daude edo zentsura sobietikoak aldaturikoak besterik ez da heldu gure egunetaraino. Egoera are tristeagoa da Andreiren dramaturgiari eta poesiari dagokienez: guztiz ezezagun diraute.

Ez da erraza Andreiren prosa irakurtzea, ezta errusiarrentzat eurentzat ere, ez baita oso idaztankera ohikoa: ez dago erraz ulertzeko moduko argudiorik, gertakizun dramatikoen lerro argirik, zehazki eraikitako pertsonaiarik, ohiko baliabide literario ezagunik. Azken batean, beste idazle batzuen lanetan bezala —berbarako, Malcolm Lowry—, idazkiak ez daude eginda irakurleari gauzak errazteko, ezerk ez du laguntzen literatur lanaren osagaietan euskarri hartzeko moduko balio nabarmenik topatzen. Beraz, zertaz dihardu Platonovek? Gaitzat bizitza darabil, bizitzaren mina eta odola, handitasuna eta arroztasuna, logika eta zentzugabekeria, hauskortasuna eta mugagabetasuna. Idazkiak irakurlea mundu ireki eta arrotz batera bultzatzen duela dirudi. Irakurlea bakarrik sentiarazten du eta pertsonaiekin batera sufriarazten, baita egia eta bizitzaren esangura harekin batera bilatzen ere.

Eta hori guztia gorabehera, zerk bihurtu du Platonov XX. mendeko idazle klasikoa? XIX. mendeko idazle errusiar klasikoekiko lotura sendoak izateak; klasikoen antzera, erlijio sinbologiaren eta filosofoen lanen oinarria erabilita, literatura sobietikoaren gai materialista berrietara heldu izanak, nahiz eta estiloak eta lexikoak errealismo sozialistaren joeretatik urruntzen zuten, batera. Klasikoen antzera, bizitzaren aurrean jarrera ez literarioa izaten zuen, literaturaz harantzago joan nahi izaten zuen, idazlearen lumak bizitzaren misterioa argitu dezakeelakoan.

Bizitzaren alderdirik latzenak oso txikitatik ezagututa —umetan lanean hasi behar izan zuen—, asko kostata lortutako ikasketak Lehenengo Mundu Gerrak eten zizkion. Urriko Iraultza boltxebikeak ere bizitza guztiz gainazpikatu zion. Borondatezko gerra korrespontsal modura jardun zuen Bigarren Mundu Gerran, bizitza hainbat alditan arriskuan jarrita. Gerra hartan batutako tuberkulosiak, urtea joan urtea etorri, herioa ekarri zion. Giro bortitz hura gorabehera, haren lehenengo liburua, 1922an argia ikusia, poema sorta bat izan zen.

Hasieratik bertatik iraultzako proletarioekin identifikatu arren —“Langile klasea dut jaioterri eta nire geroa proletarioei lotuta dago”—, agintari sobietikoen zentsura jasan behar izan zuen sozialismoa eraikitzeko lanetan ikusten zituen hutsuneak agerian jartzen zituelako: lan behartua, gehiegizko burokrazia, gerra zibilaren ondorioak gainditu beharra… Ondorio latza jasan behar izan zuen: argitaratzeko debekua. Horrek zorioneko albo ondorio bat izan zuen, dena dela: literatur kritika eta historiografia lantzeari heldu behar izan zion.

Emazteari behin gutun batean esan zionez, “Nik Armada Gorriko soldaduen istorioak idazten ditut. Emaitza prosazko requiem halako bat da. Nire hitza soldadu errusiarrak egindako balentriaren parekoa izatea gura nuke”. Hori dena jakinda, ez dago zertan harritu Lubakian baserritarren berbeta eta termino politiko eta ideologikoak elkarren ondotxoan agertzen badira. Baliabide literario horrek sortzen duen irrealtasun giroan lagungarri gertatzen dira narrazioaren jazoera harrigarri eta fantastikoak. Ondorioz esan genezake zentzugabekeriaren ikerketa literario horrek zuzeneko loturak ezartzen dituela existentzialismoarekin eta absurdoaren literaturarekin. Horrek guztiak eta Brodskiren nahiz beste aditu batzuen iritziz Platonov “itzulezina” izateak (zer da itzulezintasuna, kategoria ala gertakaria?) Iker Sanchori lantegi zaila jarri diote. Emaitzan, halere, itzulezintasun horren lorratz gutxi topatuko dugu, itzultzaileak lan eskerga gauzatu duen aldetik. Euskarazko edizio honetan aipatzekoa da kredituen orrian jatorrizko izenburua aipatzen duen atalean egilearen izena ere agertzea alfabeto zirilikoan idatzirik.

Andreiren lanei esker, guk ere berarekin batera aldarrika dezakegu ozen “Gure zatartasunetik munduaren arima sortuko da”.

Azken kritikak

Baden verboten
Iker Aranberri

Asier Urkiza

Diesel
Bertol Arrieta

Nagore Fernandez

Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark

Jon Jimenez

Basokoa
Izaskun Gracia Quintana

Joxe Aldasoro

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Mikel Asurmendi

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Ez-izan
Jon K. Sanchez

Aiora Sampedro

Pleibak
Miren Amuriza

Jon Jimenez

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Asier Urkiza

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Nagore Fernandez

Jakintzaren arbola
Pio Baroja

Aritz Galarraga

Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi

Hasier Rekondo

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

Hedabideak